Bideogilea: Baleike.
BECeko finala: giroa, ajeak...
Amets. Gorputzaldi ederra utzi zidan. Orain oroitzapen bezala ikusten dut eta bere ederrean baditu karga batzuk, ordea. Barne borroka moduko batean nabil txapelarekin.
Joanito. Oso pozik eta harro pasatu nuen eguna. Bertsolariek sekulako maila eman zenuten. Ametsek Rodriguezen pertsonaian bota zituen ale haiek ikaragarriak iruditu zitzaizkidan.
Bertsolaritzaren garrantzia euskara indarberritzeko.
A. Iparraldearen ikuspegitik bertso eskolak euskara jorratzeko dauden baratza nagusiak dira, ikastolekin batera.
J. Bertsolari zaharrek ere izan zuten nolabaiteko erantzukizuna euskararekiko. Gero 1980 inguruan bertsoen mundua ikastetxeetara eramatearekin beste pauso garrantzitsu bat eman zen.
Euskararen egoera orokorra.
A. Ikuspegi ezkorra da nirea, Iparraldera begiratuta batez ere. Hezkuntzako datuek ez dute gero erabilera bermatzen eta ahalbidetzen eguneroko bizitzan. Mundutik doazenen eta mundura datozenen artean amildegi handia ikusten dut; kalitatea galtzen ari gara nabarmen. Azpimarratzekoa da gazteen artean “potentzialtasun espresiboa” falta duela euskarak. Hil ala biziko egoeran ikusten dut euskara, eta larritasunaren kontzientzia zabaltzea bide baliagarria iruditzen zait buelta ematen saiatzeko.
J. Iparraldean adineko jendearekin tratatu izan dut nik gehienbat, eta miresgarria iruditzen zait haien euskara, oso egokia. Hemengo gazteen euskarak bai ematen didala belarriko mina.
A. Euskara ederra da euskaldun zaharrena, baina pentsatu izan dut euskara politena ez ote den euskaldun berri batena, hizkuntza hartara iristeko haren baitan dagoen energiagatik. Energia hori behar dugu guk euskaraz bizitzeko, lezioa ematen digute.
Gazteak: askok badakite, baina ez dute egiten.
J. Ikastolak sortu genituen garaian, uste genuen nahikoa zela euskara irakastea, horrek egingo zituela ikasleak euskaltzale. Orain aldaketa gertatu da, eta kontzientzia bultzatu beharra dago.
A. Giltzarria da espresiboki indartsua izatea, eta bestelako mekanismo psikologikoak ere tartean dira, eta nerabezaroan bakoitzaren identitatea osatzen ari den horretan, prestigioa zerk duen... Adibidez, euskarari prestigioa emateko, oso ona da Realeko jokalariak euskaraz agertzea hedabideetan.
J. Oraindik ere hemen gertatzen da zapalduek nagusiaren pentsaera hartzea; euskaldunoi antzekoa gertatzen zaigu. Lehen guraso askok esaten zuten “nire seme-alabek ez dezatela nik sufritu dudana sufritu gaztelaniaz ez jakiteagatik”.
Abertzaleak eta euskara.
A. Ez da koherente jokatu, hizkuntza politika jakin bat exijitu bai, baina gero ez da horren arabera lan egin alderdietan eta mugimenduetan. Jende askok ez ditu ondo kudeatu nork bere baitako diglosiak eta kontraesanak. Iparraldean nabarmenagoa da joera hori.
J. Enbataren urteurrenean agerian geratu zen hori.
A. Autokritika falta dela uste dut. Euskararen eta ikastolen aldeko manifestazioetan parte hartzen dute askok, baina gero bakoitzak bere barruko kaleetan manifestatzen lanak izaten ditu.
Hedabide elebidunak ondo ari dira?
A. Ez dut ulertzen nola ez duten urtez urte progresiboki euskararen aldeko bidea sakondu. Beste gai bat da, gainera, euskaraz zer eta nola lantzen den horietan.
J. Aztertu beharra dago ea tokirik badagoen euskarazko egunkari bat baino gehiagorentzat.
A. Egunkari elebidunen funtzioa izan zitekeen erdaldunak euskarara gerturatzea, baina praktikan iruditzen zait gehiago eraman dituela euskaldunak erdaraz irakurtzera.
Euskarazko tokiko aldizkariak eta hedabideak.
J. Berebiziko funtzioa betetzen dute euskarazko egunkariak, astekariek, aldizkari orokorrek, telebistek... Zumaian bertan gauza handia da webgunearen bidez berri freskoak jasotzea egunero, argazkiekin, bideoekin...
Hegoaldean ere nekeza da euskaldun izatea?
A. Asko aldatzen da egoera herri batetik bestera. Hendaiatik Zumaiara etortzea “positibismo txutea” izan daiteke niretzat, baina beharbada azpeitiar batentzat ez.
J. Bailara hau berezia da, euskararentzat arnasgunea gara eta izan behar dugu.
Kaleko erabilera, zumaiarren joera gaztelaniaz egiteko.
J. Azken datuen arabera, datu positiboa da gazteek gehiago erabiltzen dutela euskara helduek baino. Niri gertatzen zait, egunero 4-5 aldiz, ni jendearengana inguratu ahala hizkuntza aldatzen dutela ohartzea.
A. Ni ere gertatzen zait, guraso batzuek haurrekin euskaraz aritu, haien artean erdaraz, eta ni ikusten nautenean euskarara pasatzea. Egunkariak, telebistak... Gure inguru guztia erdaraz ari bazaigu, hori da aurkako ejertzito bat edukitzea, egunero-egunero, eta horrela joaten da jendea erdalduntzen. Eta ETB1 hobetzen ez den bitartean, ez da erraza 24 orduz ikustea, hobe da telebista itzalita eduki.
Erantzun
Sartu