Joan den asteazkenean Andoni Egañak hitzaldia eman zuen Zumaiako Alondegia Kultur etxean “Euskara, bestela ez gara” zikloaren baitan hirugarrena. Behean dituzue kronika eta bideoa. Bihar, martxoak 13, asteazkena, Belen Uranga izango da Zumaian “Ekologia eta hizkuntza-ekologiaren arteko joan-etorriak” hitzaldiarekin “. Alondegian izango da, 19:00etan.
Egañak galdera itxuran eman zuen hitzaldiaren izenburua “Zer egin dugu ongi? Zer gaizki?” hitzaldia ere horrelaxe hasi zuen, jendeari galderak eginez, eta jarraitu ere neurri batean bai, bere jardunean hainbat galdera bota baitzituen airera.
Hiru galderako sorta bota zigun lehenengo-lehenengo, “zuetako nork pentsatzen du euskara ondo doala? Erdipurdi doala? Eta gaizki doala? Jendeak eskua altxatuta erantzun zuen eta han bildutako gehienen ustez euskara erdipurdi doala ikusi zen. Andonik beti galdera bera egiten omen du eta egiten duen lekuan egiten duela erantzuna ere beti iguala izaten omen da. Alegia, gehienen ustez euskara erdipurdi doala.
Berak ere bat egin zuen nolabait uste horrekin; hiru ideia eman zituen euskararen egoera ona irudikatzeko, bakoitzari ordea, “baina” bat ipini zion: Euskara inoiz baino jende gehiagok daki, baina erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Euskara inoiz baino lurralde zabalagoan erabiltzen da aldi berean, baina leku batzuetan oso-oso gutxi erabiltzen da. Inoiz baino gai gehiagoaz hitz egiten da euskaraz, baina gai batzuetan irabazitakoa beste batzuetan galdu egin da.
Azken puntu honetan Andonik bat egiten du Kikek zikloaren hasierako hitzaldian esandakoarekin, alegia, eremu formaletan asko indartu dela euskara, baina erabilera informalean asko galdu duela era berean; gazteek ez dakite euskaraz mehatxatzen, adierazkortasuna falta zaie…. Argotak falta zaizkie, baina hori ezin eman die Euskaltzaindiak edo irakasleek, beraiek sortu behar duten kontu bat izan beharko luke.
Egañak, hala ere, ez du uste gaizki ari garenik, 82an Liga irabazi zuen Errealeko jokalariak esaterako, oso “baskoak” zirela esan zuen baina euskaraz haietako inork ez zekiela, gaur egungo taldean, ordea, asko dira euskaraz txukun egiten duten jokalariak eta eredu dira alde horretatik. Azken 40 urtean mirari bat egin du euskarak, euskara hutsez egindako lehenengo kirol emankizunetik 31 urte inguru pasatu dira, eta ordutik hona salto izugarria egin da.
Puntu honetara iritsita, euskarak aurrera egiteko gakoak eman zituen. Bere ustez, bi faktore mota hartu behar dira kontuan: hizkuntzaren baitako faktoreak (lexikoa, gramatika, hitanoa, literatura…) eta hizkuntzaz kanpokoak (hizkuntzarekiko sentimenduak, estatusa…). Biak dira oso-oso garrantzitsuak, baina batak bestea gabe ez du ezer lortuko. Biak ongi konjugatzen asmatzen badugu orduan egingo du euskarak aurrera.
Euskarak badu drama bat; beharrik eza. Gaur egun ez dago jada euskaldun elebakarrik eta beraz, euskara ez da behar bizitzeko. Hala ere, gaur egun lehenengo hitza euskaraz eginda sorpresa atseginak hartzen dira bazterretan. Drama horri aurre egiteko, ordea, harrotasuna aipatzen du Egañak, bere ustez, gaur egungoak historian meriturik handiena duten euskaldunak gara. Orain arte ez zegoen beste hizkuntzarik, baina orain, guk beste hizkuntza batzuk jakinda ere, euskara erabiltzea erabaki dugu, eta harrotasun horrek lagundu behar liguke beharrik eza gainditzen.
Kulturari dagokionez, kontraesana ikusten du, alde batetik kalitate handiko kultur produkzio oparoa dagoela uste du; euskal literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza oso maila onean daude. Kontsumoa, ordea, oso txikia da: masa kritiko txikia da euskaraz produzitzen dena kontsumitzeko,eta hori arazoa izan daiteke. Nolanahi ere, kontuan izanda 50 urtetik beherako gehienak euskaraz eskolatutakoak direla, nola liteke produktu horien kontsumitzaileak hain gutxi izatea? Espero daitekeena baino txikiagoa da euskal kulturaren kontsumoa; zer pentsatua ematen du. Zergatik ez du euskal jendeak euskal kultura kontsumitzen? Erantzuna, bistan da, ez dago kultura horren kalitate-mailan. Beraz, non dago arazoa?
Komunikabideei dagokienez berriz, erabaki garrantzitsuak hartu beharra ikusten du Andonik. Zer nolako euskara erabili behar dute hedabideek? Zein ikuspegirekin jokatu behar dute? Zentralistak ala lokalistak izan behar dute? Kontuan hartuta Euskal Herriaz ari garenean zentralista izatea ere nahiko lokalista izatea dela.
Gai horien inguruan jendeak hainbat ekarpen egin zituen eta giro politean amaitu zen saioa.
Martxoaren 13an, asteazkenean, Belen Uranga izango da Zumaian “Ekologia eta hizkuntza-ekologiaren arteko joan-etorriak” hitzaldiarekin “Euskara, bestela ez gara” zikloari itxiera ematen.
Belenek ekologia terminoa hizkuntzaren arloan erabiltzeko arrazoiak erakutsiko ditu, eta moda kontua izatetik harago ekologiatik ekologismorako jauzia nola egiten den azaltzen saiatuko da. Teoria azaltzeaz gainera, ekintzetarako proposamenak ere egingo ditu hizkuntzaren iraupenari begira baliagariak diren analogiak baliatuta.
Belen Uranga: (Zumaia, 1961). Euskal Filologian lizentziatua da eta Soziolinguistika Klusterreko teknikaria. Hainbat ikerlan egin ditu munduko eta Euskal Herriko hizkuntza-aniztasunaz, eta munduko hizkuntza aniztasunaren UNESCO katedrako batzordekide da.
1. Eskerrik asko berriro zumaitarrei (eta SUSTATUri) bideoa eskueran jartzeagatik horren prestu (nahiz nik beranduago jaso).
2. Eztabaida polita iruditzen zait Luistxok pizten duena (eta Andonik), ze badugu hor arazo (nire ustez ere, haundi) bat, merezi duena heltzea. Ze Luistxok dioen bezala, euskañoleko gazte horiek dira hain zuzen 'gureak'. 'Besteak' ohikoan espainol hutsez aritzen dira, nahiz euskeraz jakin (uste dut).
Ohartxo bat bakarrik Luistxok dioenari, ze iruditzen zait, askotan behintzat, gazte euskañolzale horiei maila 'jasoa' ere ez zaiela falta. Horietako askok, gehienek seguru asko, EGA ere badute, eta 15 edo 20 urte daramate 'euskara jasoa' jasotzen, baina kalean noski ez dute euskaltzain balira bezela hitz egin nahi (guztiz ulergarria).
Beraiengan eragin beharko dugu kontzientzia, bere argota 'españolik' gabe egin dezaten, bestela espainolak jaten gaitulako. Ingelesa izan dakiguke lagun hortan ere, oraingoz ez baitu arriskurik ingelesaren menpe erortzeko espainolaren (edo frantsesaren menpe bezala). 'Euskanglisha', eta 'gazteuskara' 'euskara gaztea', euskal argota, euskal 'slanga'..., ia zernahi, euskañola (eta espainol 'gu' jalea) baino, ezta?
Ondo izan
Bittor
Ez naiz soziolinguista aditu bat, baina sarri irakurritako kontu hori, "gazteei hizkera adierazkorrak falta zaie, euskarazko argota falta zaie"... Andoni Egañak hemen aipatutako kontu hori gero eta sinesgaitzagoa egiten zait.
Inpresioa daukat justo kontrakoa dela. Argot eta adierazgarritasun hutsa dela euskara askorentzat, euskañola argot bizi-bizi bat dela, talde-pertenentzia eta adierazgarritasun zehatz bat daukana: pertenentzia abertzalea, noski.
Argotean dago gazte euskaldunen oztopo soziolinguistikoa? Ez ote da izango zailtasunak maila jasoagoan hitz egiteko garaian dituztela, zerbait konplikatuxeagoa edo sakonagoa azaltzeko orduan falta direla errekurtsoak?