Teknologia albisteak
1

Zinema hizkuntza ez hegemonikoetan sustatzeko konpromisoa

2015-09-22 : 17:32

63. Donostiako Zinemaldia baliatuz, hizkuntza ez hegemonikoak dituzten hamabost herrialde eta eskualdetako ordezkari politikoek lan bilera egin zuten atzo arratsaldean. Esperientziak eta ezagutzak trukatu dituzte, eta Glocal cinema: big stories, small countries manifestua adostu dute hizkuntza ez hegemonikoetan lanean dabiltzan profesionalek egiten dituzten lanak sustatzeko eta balioan jartzeko.

Lan bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitu du, eta bertan izan dira Norvegiako, Estoniako, Letoniako, Finlandiako, Danimarkako, Poloniako, Suitzako, Galeseko, Esloveniako, Irlandako, Islandiako, Friuli Venezia Giuliako eta Euskal Herriko ordezkari instituzionalak.

Hizkuntza ez hegemonikoetan egiten den zine produkzioa sustatzea da bileran elkartu diren ordezkarien helburua, “komunitate guztiek daukatelako bere istorio propioak bere hizkuntzan kontatzeko beharra” defendatu dute. Hizkuntza txiki eta ertainez ari dira, eta definizio horretan Europan hitz egiten diren hizkuntza guztiez ari dira, bost nagusiak kenduta: ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta gaztelera.


Hizkuntza ez hegemonikoetan lanean diharduten profesionalek euren lanak banatzeko zailtasunak dauzkate, merkatu txikia baitute. Hala ere, hizkuntza eta kultura balioan jarri eta euren hizkuntzan lana egitea erabakitzen dute. Kursaalen bildu diren ordezkari politikoek baliabideak eman nahi dizkiete zinegileei euren hizkuntzan lanean jarraitzeko eta mapa kultural ezberdin horri ikusgarritasuna eman eta balorean jartzeko.

Horixe izan da lan bileraren helburua, hain zuzen, proposamenak garatzeko eta erronka berriei elkarrekin ekiteko plataforma sortzea. “Esperientziak ezagutu eta trukatzeko; kooperazio bideak garatzeko; zirkuitu berriak sortzeko. Alegia, zine mundura aniztasun linguistikoa eramateko”, adierazi du Joxean Muñozek.

Manifestuaren irakurketa
Glocal cinema: big stories, small countries izeneko manifestua gaur goizean irakurri dute sektoreko profesionalen eta komunikabideen aurrean Kursaalen egindako ekitaldian. Bertan aitortu dutenez, “aniztasun linguistikoa Europak duen balio garrantzitsua da eta altxor hori ezagutaraztea indar-gunea da”. Herrialde produktore handiez haratago, beste merkatu hori egon badagoela gizarteratzeko eta horretarako sarea osatzeko konpromisoa berretsi dute.

Donostian egindako bilerak jarraipena izango du. Horrela eman dute jakitera, etorkizuneko lan-ildoen berri ematearekin bat. Lau puntu azpimarratu dituzte: lan taldea sortzea eta egonkortzea; kooperazio eta topaketak sustatzea; zinema europarraren hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzea; eta, ikusgarritasuna areagotzea.

MANIFESTUA
Glocal cinema: big stories, small countries

Europa kulturalki anitza den lurraldea da. Zenbaitetan, ordea, aniztasuna merkatuaren zatiketa bezala ulertzen da, eta hala, konnotazio negatiboa bihurtzen da kultura adierazpen ororentzat. Hariaren beste muturrean, Lisboako Tratatuak maila gorenean jasotzen ditu kultur adierazpenak. Are gehiago, bertan zehazten denez, Europar Batasuna kultur aniztasunaren eta aniztasun linguistikoaren aberastasuna errespetatzearen aldekoa da eta bere helburuen artean jasotzen da Europako ondasun kulturala, eta haren kontserbazioa eta garapena bermatu behar dituela.

Heterogeneotasun horren parte bezala, aniztasunaren balioan sinesten dugu, eta aniztasunak sortzen dituen aukeratan ere bai. Hizkuntza nagusietatik at dagoen Europako beste mapa kultural bat defendatzen dugu, hizkuntza ez hegemonikoetan sortutako filmografiarekin. Eta noski, filmografia horiek garatzeko instituzioen laguntza behar-beharrezkoa da.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, Europar Batasunak 500 milioi biztanle ditu, 28 estatu, 3 alfabeto eta 24 hizkuntza ofizial –horietako batzuk mundu osoan zehar hitz egiten dira–. Gutxi asko, beste 60 hizkuntza daude Europako erregio ezberdinetan, eta hiztunak 40 milioi inguru dira.

Ikus-entzunezko Europako Behatokiak emandako datuen arabera, Europan ekoitzitako pelikulek iaz merkatu-kuotaren % 33,6a lortu zuten (1996tik inoizko altuena). Herrialde bakoitzeko barne merkatuan berezko ekoizpenek gero eta pisu handiagoa dute. Hala ere, Europan gehien ikusten diren pelikulen artean, 20tik 18 ingelesez, frantsesez, alemanez edo gazteleraz eginda daude.

I. Hizkuntza ertain edo txikietan egindako filmen erronkak

Barne merkatua txikia izanik, filma horien banaketa murritza da. Horrela izanik ere, zenbait zinegilek ama hizkuntzan lana egitea hautatzen dute. Ekimen honetan parte hartzen dugunok elkarlana sustatu behar dela pentsatzen dugu, zinegile hauei aukera berriak sortzeko behar beharrezkoa da elkarlan hori.

II. Egitasmoaren jatorria, erantzunak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak antolatu du konferentzia hau esperientziak trukatu eta kooperazioa sustatzeko. Helburua da zinema-industriako eragileei elkarlanean aritzeko plataforma eskaintzea, proposamenak garatu eta erronka berriei elkarrekin aurre hartzeko.

Hizkuntza ez hegemonikoak sailkatzerakoan, Europako hizkuntza nagusiak ez diren guztiak sartzea adostu dugu. Hizkuntza nagusiak hauek dira: ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelera eta italiera.

III. Lan-ildoak

• Hizkuntza ez hegemonikoetako filmografien aldeko ekintzak antolatzeko adostasun zabala dago elkartu garen 15 estatu eta herrialdeetako 22 profesionalen artean.
• Europak duen aberastasunetako bat kultur aniztasuna da, eta ezaugarri hori aukera gisa eta gure gizartearen ikur gisa aurkeztea garrantzitsua dela uste dugu.
• Era berean, beharrezkoa ikusten dugu filmografia horiek gizarteratzea.
• Aniztasuna defendatzen dugu, baita zineman ere. Gure administrazioen konpromiso publiko eta politikoa defendatzen dugu hizkuntza ez hegemonikoan ekoizten den zinema defendatzeko. Izan ere, komunitate orok du beharra bere historia bere hizkuntzan kontatzeko, nahiz eta merkatu komertzialetik at geratu.
• Audientzia eta merkatu kuota handiagoetara iristea beharrezkoa denez, estatu parte-hartzaileen arteko harreman sarea sustatuko dugu banaketa eta emanaldiak areagotzeko.
• Filmografia mota honek duen eragin ekonomikoa aitortzen dugu, eta gure laguntza egituratu.

IV. Adierazpena

Ondorioetan oinarrituta, bilera honetan parte hartu dugun guztiok bost puntuko agenda adostu dugu. Helburua da hizkuntza ez hegemonikoetako zinema-industria sustatzea. Besteak beste, jarraian zehazten ditugun proposamenak aurkezten ditugu.

  1. Jarraikortasuna izango duen lantaldea sortzeaEkimen ezberdinak proposatu eta koordinatuko dituena, batez ere praktika hoberenak partekatzeko.
  2. Kooperazioa eta topaketak sustatzea hizkuntza ez hegemonikoetan aritzen diren zinemagileen artean. Jaialdi edo bestelako ekitaldietan networking-ak antolatzea sortzaile, ekoizle, programatzaile eta talentu gazteentzako.
  3. Zinema europarraren hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzeaEkimenak antolatzea ikus-entzule berriak bereganatu eta audientzia igotzeko.
  4. Ikusgarritasuna areagotzeaGure filmak errekonozituak izateko identitate bisuala sortzea.

Donostian, 2015eko irailaren 21ean

Erantzunak

2015-09-24 : 08:45

Oraintxe irakurtzen ari naizen ikerketa lan bat gogorarazi dit ekimen honek.
Jada 1991ean European Institute for the Media–ren zuzendari Georger Wedellek zioen ezinbestekoa zela “ingelesetik aparteko gainerako hizkuntzen aitortza Europako ikus-entzunezko lanen jatorrizko hizkuntza gisa, bereziki harreta jarriz Europan zabalkunde txikiena duten hizkuntza txikietan”.
Blogean idatzi dut: http://kcy.me/27kqe

Erantzun

Sartu