Oinarri historikoa eta kulturala duten eduki eta argazki historikoak erabiliz, Euskal Herriko iraganaren ikuspegi historikoa zein kulturalari begirada bat botatzeko balio duten elastikoen denda sortu dugu: ZePolitte!
Internet bidezko elastikoen salmenta soiletik haratago joan nahi dugu. Euskal Herriko arlo sozial, historiko eta kulturalak hedatzeko balioko duten elastikoak ekoiztu nahi ditugu. Sarritan gure imaginarioan ikuskatu ditugunak bainan maiz herritarrontzako eskuragarri ez daudenak. Hau horrela eginda, sarritan ezezaguna zaigun gure gertuko historiaren hedapena eta berreskurapena bultzatu nahi ditugu.
2011. urtera arte ia hiru urtez GureGipuzkoa.net webgunea martxan jarri zuen lantaldean jardun nintzen.
Bertan hasi nintzenean GFAko Kultura eta Euskara Departamentuak kudeatzen zituen eduki kulturalei buruz ezer gutxi nekiela onartu beharra daukat. Nire ikasle garaietan KMko liburutegia goitik behera ezagutzen nuen, bainan GFAk gordetzen zituen eduki kulturalei buruz ezer gutxi.
Haritz eta JoseLuis bezalako adituekin jarduteko aukera zorte latza izan nuen eta sakonean dudan harra sartu zidaten: Kultura eta Euskara Departamentuaren pean dauden eta diru publikoarekin ordaindu diren lanen hedapena herritar orori hurbiltzea eta erraztea. Niregan obsesio bihurtzeraino.
Nire herriko On JoxeMielen “Herritik jasoa, herriari itzuli” leloa zen gure iparorratza. ZePolitte.com webgunea har horren emaitza da.
Gogoan dut oraindik bertan lanean geundela elkarri galdetzen geniola nola zen posible GureGipuzkoan Ojanguren bilduma txundigarria CC-BY-SA lizentzia librea jarriagatik nolaz inorrek -kaixo souvenir dendariak- ez zituen kamiseta xume batzu ekoizten. Nora aldizkaria zenak sarritan publikatzen zituen Ojanguren bildumako edukiak, bainan hortik aurrera eta modu sistematikoan, ezer gutxi gehiago.
2013ko udazkenean, jada GureGipuzkoaren kudeaketa aspaldian utzita nuelarik eta inorrek webguneko edukiekin elastikoak egiten ez zuela ikusirik, neronek -laguntzarekin, noski- egitea erabaki nuen, ze demonio!
ZePolitte! martxan jartzeko bigarren arrazoi nagusia gure Herriko historian oinarrizkoak izan diren pertsonaien aldarrikapena egitea da. Berauk ezagutarazten saiatzea behintzat, mundua ez baita gurekin hasi. Pertsonaiak hauek denak sarritan etxean ditugunak eta maiz ezezagunak zaizkigunak.
Leo Messi zein den jakitea jada normaltzat jotzen den bezala, sonari erreparatzen badiogu bere parekoa zen Urrestillako Joxe Aranburu “Keixeta” zein zen gaur egungo nerabeen artean ezagutarazteak ere merezi du. Edo merezi beharko lukelakoan gaude.
Hemen bagaude, historikoki gure aurretik hamaika herritarrek egindako esfortzu, borroka eta lanarengatik da. Horien artean kokatzen dira lehenengo elastiko sorta honetan agertzen diren pertsonaiak: Ezagunagoak edo ezezagunagoak, bainan denak gure Herriko historiaren parte direnak eta webgune honekin omendu nahi ditugunak.
Pertsonaia herritar hauekiko dugun mirespena elastikoak jantziko dituztenekin partekatu nahi dugu. Ezagutuz eta ezagutaraziz jaso dezatela gure esker ona, etxekoak baiditugu denak.
ZePolitte! webgunea zortzi pertsonaia hauekin hasi dugu:
Buruz buruko txapelketan 1944an debutatu ondoren, 1946, 1950 eta 1951n finaletara ailegatu zen, behin ere irabazi ez bazuen ere.
Aurrelari lanetan bere sakearen indarragatik eta dejadak egiteko erreztasunagatik nabarmendu zen. Noblea, lagunen laguna eta eskarmentu handikoa: Pilota zainetan zeraman. Entrenatzaile gisa pilotariekin urteen poderioz indarra hartzen joan den materialaren aukeraketaren "liturgian" aitzindaria izan zen.
Euskal Herriak eman duen aizkolaririk handiena. Bere bizitzan egindako 31 apustuetatik denetan irten zen garaile. Keixeta altua, mehea eta gihartsua zen, beltzarana eta buru txikikoa bainan argia: Noblea eta zintzoa aurkariekin.
31 urterekin hasi zuen bere ibilbidea eta 1925. urtean, bere urte sasoitsuenean 44 urte zituela garaiko izar guztiak garaitu zituen. Azpeitia, Tolosa, Eibarko zezen plazek... San Mamésko futbol zelai zaharra barne, bere gaitasuna eta doaiak mirestu zituzten.
1943ko martxoaren 28an Eibar eta Zumaiako trontzalarien arteko norgehiagoka sonatua suertatu zen Eibarko zezen plazan. Gure elastikorako bertan parte hartu zuten Jose Mendizabal eta Ignazio Malkorra trontzalari eibartarren irudia aukeratu dugu.
Erremonte erako pilota jokuaren aitzindaria eta bultzatzailea, ez zuen itzala egingo zion aurkaririk Iparraldeko jokalari bakan batzu salbu. Madrileko Lara pilotalekuan 1891. urtean estreinekoz jokatu zuen bainan bere arrakasta handienak Buenos Airesko pilotalekuetan lortu zituen.
Gure gosarietako esnea benetazkoa zenean -gosaldu aurretik esnea egosi beharra zegoenean- etxez-etxe egindako banaketa zen gure baserritarrek kalearekin zuten harreman bakanetakoa.
Horrela ere jardungo ziren kamiseta honen bitartez omendu nahi ditugun Zaldibarko Eitzaga auzoko Eitzagabekoa baserriko Victoria Barinagarrementeria eta bere bizilagun ezezaguna.Eskerrikasko Leire ematen dizkiguzun iradokizunengatik.
Aipatzen duzun emakumeen presentzian arrazoia duzulakoan nago. Agerikoa da hasi dugun ekimenak hainbat gabezi dituela ta aipatzen duzun emakumeen presentzia eskasarena horietako bat dela. Koadernoan apuntatzen dugu.
Bestalde, esnezale/esnedun kontuarekin zalantzak izan nituen, ta Euskal Herriko esnezaleen gremioa orokorrean ahalik eta modu zabalena bere barnean hartze aldera, Elhuyar hiztegian agertzen dena eta umetan Beasainen deitzen genien bezala izendatzea erabaki nuen: Esnezalea.
Zaldibarren zuten izendapen zehatza "esnedun" zenik ez nekien bainan etorkizunean Bizkaiko ekialdeko euskara zuzenketak "Marimaistraren" eskutik jasotzeko prest nago. Lagunduko?
Ekimen polita iruditzen zait. Indalezio Ojanguren "Kajoitxu"ren lana itzela da eta denona, beraz ondo baino hobeto ikusten dut zabaltzea! Baina kontutxo pare bat ere aipatu nahi nuke, emakumeen presentzia, esaterako. Kajoitxuk andre askori atera zien erretratua: lanean, botoa ematen, merkatura zihoazela,... Zentratuz gero kiroletan, betikoa gertatuko da: emakumerik ez!
Tira, ikusi dut "esnezaleak" ere atera duzula. Eta hau da esan nahi nuen bestea. Zaldibarkoak dira esne saltzaile horiek, ezta? Zaldibarren esnedunak dira, esnezaleak esnea gustuko dutenak baitira, gutxienez bizkaieraren eremuan. Zaldibarko Victoria Barinagarrementeriak esneduna zela esango zuen eta ez esnezalea, agian ez zuelako esnea gustuko. Tolosarra balitz...