Baleari tiro: Euskaltzaletasunak itsu gaitzake?
Anektota bat besterik ez da. Egin behar ez den horren erakusle garbi bat. Euskaltzaletasunak itsututako pertsona bakan batzuk? Ez dakit.
Canadan dagoen lagun batek Whatsapp bidez esan zidan atzo Donostiako Badian balea bat zegoela. Neskalagunak kontatu omen zion, akaso Skype bidez.
Google Newsen begiratu nuen, baita Twitterren ere. Baina albistearen arrastorik ez.
-Bizirik?- galdetu nion.
-Bizirik, bai!
Bazkaldu eta berehala abiatu ginen Miramar Jauregi ondoko talaira. Behingoagatik gauza benetan bitxia grabatzeko aukera, eta beharrezko kamera eta trasteak ez nituen eskura. Demonio!
Jauregira iritsi eta han zen EFE agentziako argazkilari bat, futbolean darabilten tele-objektibo zuri erraldoi horietako batekin. "Copito".
Ezaguna nuen mutila, kazetari garaietatik. Hark baieztatu zigun, dokumentu grafiko eta guzti, balea bat ari zela Kontxan igerian.
Noizbehinka bizkarra agerrarazten zuen. Ur txorrostada batek iragartzen zuen balea urazalean agertzekotan zela. Belaontzi batekin alderatuta, 15 bat metro izango zituela ondorioztatu nuen.
Nire lagun batek mugikorrarekin grabatu zuen momentu miragarri hura. Euskal Herriak baleekin izandako harremanak beti liluratu nau. Eta sekula ez nuen imaginatuko geure badian halakorik ikusiko nuenik. Bizirik!
Tuit polita bota zuen Zaldieroak: "Bi mila hamabian abendu aldian, abendu aldian, balea agertu zen Donostiako Kontxan!".
Laguna Soriakoa da. Bi urte egin berri ditu Euskal Herrian. Bizi eta lan. Bideoa Youtubera igotzen ari zela, galdetu zidan ea nola esaten den euskaraz:
-Balea Kontxako Badian- erantzun diot.
Sareratu du bideoa. Izenburua gaztelaniaz idatzi du, baina deskribapenean euskarazko itzulpena ere gaineratu du. Etiketa edo tag-etan ere, keinu euskarari.
Bideoan gure arteko elkarrizketa entzuten da. Nire zoritxarrerako, gaztelaniaz. Aitortu behar dut ez didala graziarik egiten. Eta nahiago nuke elkarrizketa horiek euskaraz baleude. Baina lagunak ez daki euskaraz oraindik, saiatzen den arren. Euskaltegia ezagutu du jada, eta klasera joaten jarraitzeko asmoa du. Poliki baina gogotsu.
Hain zuzen ere, "Pantera euskaldun baten iritzia"ren harira neska honen inguruko anekdota bat kontatu nuen orain ez asko Ingelesen Hilerria blogean. Han azaldu nituen euskararekiko bere gorabeherak eta nire sentimenduak. Nahi duenak, bertan ditu oraindik irakurgai.
Balearen bideoa tamainan zabaldu da sare sozialetan. Twitterren izan dute aipagai eta retuiterako aitzaki. Atsegin dute Facebooken ere. Laster egunkari nagusietan agertu da albistea. Herri kazetaritza adibide polit bat.
Baina Youtubeko iruzkinetan...
-Euskaraz.- idatzi du lehenengoak.
-Ze guai!- bigarrenak.
-Euskeraz mesedez- bigarrenak lehenengoa irakurri ostean, antza denez.
Ez dakit nola azaldu. Bidegabekeria iruditzen zait. Agian gertutik bizi dudalako, agian astakeria delako.
Benetan uste badugu pertsona bat, jardun pertsonalean ari denean, euskaraz egitera behartu dezakegula... Zer esanik ez, atzerritarra bada.
Geure Hezkuntza Sisteman euskara hautazkoa izatearen aurka nago. Eta gainera, etorkizunean erdaldunak izango diren horien eskubideen defentsan ari naiz. Gaur haur hezkuntzan hasten diren haurrek euskaraz jakiteko eskubidea dutela uste baitut, eta ikasteak derrigorrezko izan beharko lukeela.
Administrazioak euskaldunon eskubideak errespetatu beharko lituzke, jakina. Eta lanpostu publikoetan derrigorrezkoa behar luke, noski. Edozein herritarrek izan beharko luke erakunde publikoekin euskaraz aritzeko aukera.
Baina pertsona bat (atzerritar ala bertako) bere komunikazio pertsonal publiko ala pribatuetan (bideoa publikoa den arren jardun pribatu baten ingurukoa da) euskaraz egitera behartzeko eskubidea dugula uste badugu... Oker gabiltza.
Ez al genuen esan euskararen arazoa euskal herritar orok euskara jakitean amaituko zela, horrek bermatuko lituzkela euskaldunon eskubideak? Gakoa ez al zen edonork edonon eta edonorekin batean ala bestean egiteko eskubidea bermatua izatea? Ezagutzak ez al zuen eskubidea bermatzen?
Bale. Bistan da ez dugula egoera hori bizi. Eta biziko bagenu, beti egongo lirateke salbuespenak. Gutxitan egin ahal izango genuke atzerritar batekin ere euskara hutsean, adibidez.
Derrigorrezko ezagutzaren aldekoa naiz. Baina Youtubeko hauek ez aldira derrigorrezko erabilpena sustatzen ari? Ze zentzu dauka horrek? Euskara besterik ez da entzun behar Euskal Herriko kaleetan? Kanpotik datorren edonor, etortze hutsagatik, behartu behar dugu euskaraz egitera?
Youtubeko Naturbik eta Manugomezgenua erabiltzaileei:
Nola uste duzue eragiten diola zuen jarrerak Euskararen Unibertsoa arrotz zaion arren ezagutu, ikasi eta ulertzeko ahaleginetan ari den neska horri?
Geure hizkuntza dagoeneko, gutxienez, estimatzen duen pertsona horri?
Errespetatzeaz gain, euskaldunok geure hizkuntzarekiko izan dezakegun atxikimendu maila ulertzeko atarian dagoen kanpotar horri?
Murgiltze ereduak hizpide ditugun honetan, ez dut uste gisa honetakoak euskaran murgiltzen laguntzeko jarrera eredugarriak direnik...
Ez egin tiro baleari, otoi.
Erantzunak kargatzen...