Teknologia albisteak

Urkullu ez da txinatarra

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-25 : 09:12

Euskal Komunitate Autonomoko (utzidazue horrela deitzen, siglak ere errazagoak ditu: EKA) hauteskunde egunaren bezperan suertatu da Zinemaldiko Palmaresa, eta, Legebiltzarreko aulkiekin zer gertatuko den jakiteko zain, ez dirudi sorpresa handirik izango denik, ez behintzat pelikulekin adinakorik.

Kritikariak, oro har, bat zetozen aurtengo sail ofizialaren maila erdipurdikoa izan dela eta ez dela izan film bat besteen gainetik nabarmendu dena. Hortaz, edozein erabaki espero zitekeen. Alde horretatik, sari txikietan ez da izan, niretzat behintzat, sorpresarik.

Epaimahaiaren sari berezia ex aequo banatu da bi filmen artean: Emiliano Torres argentinarraren "El invierno" eta Johannes Nyholm suediarraren "Jätten" (Erraldoia). Azken hau ez dut ikusi ahal izan eta ezin, beraz, komentatu. Bestea, berriz, Patagoniako ardi-etxalde bakartu batean gertatzen den istorio xume bat da, lehengo kapataz zaharra kendu eta haren ordez gazte bat jartzen dutenean, biak ere gizon isilak eta zailduak. Natura basatiarekiko borroka eta biziraupenaren aldekoa kontatzen zaigu, enfasirik gabe, modu aski natural batean. Nekez liluratuko du ikuslea, baina ez dio porrurik sartuko ere.

Ramiro Civitak "El invierno" horrexetan egindako lanari egokitu zitzaion argazkilaritza onenaren saria, eta horrek ere ez dut uste inoren eskandalurik piztuko zuenik, Patagonia aldeko zabaldi mortu haiek badutelako noski berezko edertasun bat filmak ongi islatzen duena.

Gidoi onenaren saria "Que Dios nos perdone" thriller espainiarrari eman diote: Rodrigo Sorogoyen zuzendariak eta Isabel Peñak idatzitako istorioa Madrilen 2011ko udan dago girotua, eta adineko emakumeak bortxatzen eta akabatzen dituen hiltzailearen bilaketa kontatzen du, bi polizia antagoniko eta interesgarrirengan zentratuta. Aukera ona.

Beste thriller espainiar batek eraman du gizonezko aktore onenaren zilarrezko maskorra: Eduard Fernandez katalanari eman diote, Paesa espioi ilun eta labaina antzeztuz egindako lanagatik Alberto Rodriguezen "El hombre de las mil caras" film txukunean. Aitzakiarik ez.

Emakumezko aktore onenaren maskorra Fan Bingbing txinatarrak jaso du, "Wo bu shi Pan Jinlian" (Ni ez naiz Pan Jinlian edo Ni ez naiz Madame Bovary) filmean egindako lanean: gaurko Txina erretratatzen duen drama bat da hau, non emakume umil batek dantzan jarriko dituen bere hiriko epaile, alkate eta agintari guztiak, bidegabetzat daukan epai bat aldarazi nahi duela-eta, borroka etsigaitzean. Ekialdetar guztiak zaku berean sartzera garamatzan eurozentrismoa gaindituz, aitor dezagun Fan Bingbing andereak indar handia duela pantailan (argazkikoa da).

Orain arteko sariak ontzat eman baditut, ezin gauza bera esan bi sari nagusiekin. Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra Hong Sangsoo hegokorearrari eman diote, "Dangsinjasingwa Dangsinui Geot" (Zu zeu eta zeureak) filmagatik, zeina niri adar-jotze bat iruditu zitzaidan. Bikote bat haserretu egiten da, mutilari lagunek esan ondoren bere neska-laguna parrandan ibiltzen dela; hortik aurrera, berriz... Tira, Hong Sangsoo ibilbide luzea duen zuzendari prestigiotsua da, eta beharbada berak azaldu ondoren hobeto ulertuko dugu, baina film batek interpretatzeko giltza behar duenean, ez gabiltza bide onetik. Edo ni naiz, epaimahaikoak ez bezala, ulertu ez duen kokolo bakarrenetakoa.

Sari nagusia ere, film onenaren urrezko maskorra, "Wo bu shi Pan Jinlian"ek irabazi du, Xiaogang Feng txinatarrak zuzenduriko lanak. Film honek badu ezaugarri berezi bat: irudia pantaila laukizuzen osoan ikusi ordez, biribil batean ikusten dugu (istorioaren parterik handienean). Horrek, ipuin klasikoen kutsu antzeko bat ematen dio, hasiera batean liluragarria begitantzen zaizuna, gerora nekagarri gertatu arren. Hortik aurrera, akats nabarmenik ez duen arren, pasa-moduko pelikula bat iruditu zait niri, ez behintzat besteen gainetik nabarmentzekoa. Baina tira: jakina da sariak ez ditudala nik ematen, ez publikoak, ez kritikoek, Bille August danimarkarra buru duen epaimahaiak baizik.

Epaimahai horrek erabaki beharko balu gaurko hauteskundeen emaitza, larri egongo litzateke Iñigo Urkullu.

Erantzun

Sartu