Teknologia albisteak

Espainiarren itzal-argiak

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-17 : 18:31

Larunbat honetan film mordoxka eman dute Zinemaldiko sail ofizialean, baina denen artean nabarmenena (ez dakit kalitatez, bai interes soziologikoz behintzat) "El hombre de las mil caras" egiten zaigu, Alberto Rodriguezek Francisco Paesa eta Luis Roldani buruz egindako thrillerra.

"La isla mínima" eder eta gogoangarri hura egin zuenetik, Espainiako zinemako harribitxia da Rodriguez, eta aldi berean bertako kontzientzia kritiko antzekoa: harako hartan polizia espainiarrean frankismotik zetozen faxistak zeudela erakusten bazen (zelako sorpresa!), oraingoan Espainiako indar polizialen buruzagitzan egon den ustelkeriaren pasadizo ezagunena kontatzen zaigu (Luis Roldanen lapurretak, ihesa eta harrapaketa), gerra zikina ere egon dela bidenabar aipatzeaz gainera.

Rodriguezek badu trebezia tekniko dudagabea, produkzio akatsgabea eta narratzeko taxua. Alde horretatik, arretaz segitzen da istorioa, hasieran behintzat, momenturen batean kontaketak behera egiten duen arren. Aktoreak ere ondo, Eduard Fernandez potente bat adibidez, Paesa espioiaren rolean, nahiz eta, akats nabarmen moduan azpimarratu beharrekoa, zer esaten duen askotan ulertu ez: ez dakit aktorearen ahoskatze eskasari leporatu behar zaien errua, edo soinu-teknikariei.

Azkenik, balorazio politiko bat edo egitearren, espainiarrei igual oso ausarta irudituko zaie filma, beren kakak agerira ateratzen ari direlakoan, baina euskaldunen ikuspegitik oso motz geratzen da, fondo erreserbatuak lapurtzetik aberastu zirenak kritikatu bai, baina fondo erreserbatu horiek gure artean krimenak eta operazio ilegalak egiteko erabiltzea naturaltasun osoz onartzen baita. Estatu arrazoiak, ezker-eskuin balio dutenak.

Erantzun

Sartu