Teknologia albisteak

Batean bale, beste bitan kale

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-19 : 15:11

Larunbat honetan bete-betean sartu gara Zinemaldian, eta sail ofizialak egitarau oparoa prestatu digu gaurko, hiru film programatuta, kalitatez baina ez da horren distiratsu joan: Cesc Gay katalanaren "Truman" atsegina baldin bada, Terence Davies  britainiarraren "Sunset Song" luzetxoa, eta Lucile Hadzihalilovic-en "Evolution" zuzenean jasangaitza.

Kolegen despedia (Truman)

Cesc Gay zuzendari gazte baina oparoak Madrilen kokatu du bere azken filma eta aktore enblematiko bi hautatu: Javier Cámara espainiarra eta Ricardo Darín argentinarra. Aktoreen lanean oinarritzen da pelikula, eta bikain daudela esango nuke: Cámara, ohi duen baino askoz neurtuago; eta Darín, ohi bezain sutsu eta emankor.

Juliani (Darin) ez zaio askorik geratzen bizitzan eta Tomas (Camara) bisitan etorriko zaio, Kanadatik. Bi protagonisten arteko kontrastetik ateratzen ditu filmak bere momenturik onenak, dramaren eta komediaren osagaiak egoki nahastuz.

Dotore baina aspergarri (Sunset Song)

Terence Davies zuzendari beteranoak klasikotasun lezio bat eman zuen bere aurreko filmean ("The Deep Blue Sea", zinemaldian lehiatu zena 2008an). Oraingo "Sunset Song" hau ere elegantziaz dago filmatua, eta eszena ederrez betea dago, goitik behera. Baina luzeegia izateaz gainera, ez zaio garbi antzeman nora doan, zein den filmaren intentzioa, gaia, mamia.

Agyness Deyn eta Peter Mullan eszena batean.

Lewis Grassic Gibbon-en eleberri batean dago oinarritua, baina ez dut liburua ezagutzen eta ezin ezer esan moldaketaren zuzenaz ala okerraz. Alabaina, pelikula ikuste hutsean, hasieran neskato sentibera baten eta Padre Padrone tiraniko eskoziar baten (Peter Mullan beti bezain bikain) talka dela dirudi, istorio dickenstar bat paisaia zoragarri batean; gero, berriz, Txomin Agirreren eta Brönte ahizpen nahasketaz, idilio baserritar gozo bat dator; eta hurrena, lehen mundu-gerra lehertzean, kanpoko mundua lehenengoz sartzen da gure pertsonaien bizietan, eta alegato antibelizista eta feministaren kutsua hartzen du.

Parabola ulergaitz eta jasanezina (Evolution)

Eguna ondo hasi da baina okerrera jarraitu du, goitik behera, Lucile Hadzihalilovic frantsesaren "Evolution" ezin baita jasan, jarrera onenaz hurbilduta ere. Irla mediterranear bateko arrantzale herri etxetxo txuriz egina. Bertako biztanle, 10 urte inguruko mutikoak (neskarik ez) eta hogeita gutxiko emakumeak (gizonik ez). Emakume horiek, gainera, halako tratamendu mediko ankerretara behartzen dituzte beren seme diruditenak.

Hadzihalilovic zuzendaria Donostian.

Distopia misogino bat da hau? Gakoa zein den harrapatu ez diodan alegoria? Giza espeziearen ugalketa ez-sexualari buruzko fantasia? Zuzendariak emango dituen prentsaurreko eta elkarrizketetan argituko du beharbada filmaren esanahia, helburua, sinbolismoa edo dena delakoa. Ikusle huts izan den honek, ordea, ezin hitz onik esan.

 

Erantzun

Sartu