Bihar euskal estreinaldi parea ikusteko zain, astelehenean sail ofizialarekin jarraitu dugu; esaera zaharrak "bata karea, betea harea" bereizten baditu, hemen era antzekoak elementuak bereiz ditzakegu: The deep blue sea (Itsas urdin sakona) Terence Davies britainiarrarenan kea dugu nagusi (Londresko 1950eko smog lainoarena zein Rachel Weisz zoritxarrekoak erretzen dituen zigarroena) eta Isaki Lacuestak egindako Los pasos dobles (Urrats bikoitzak) espainiarrean, berriz, harea, Mali aldeko basamortuarena eta nire ulertezintasunaren desolazioarena.
Rachel Weisz, The Deep Blue Sea-n. Promoziokoa.
Terence Davies 1950eko izen bereko antzerki-lan batean oinarritu da bere filma egiteko: bertan, emakume baten nora eza ikusten dugu, II. Mundu Gerra amaitu ondoko Londresen: goi mailako senarra ez du maite, eta hura utzita pilotu ohi batekin hasiko da; pilotuak ez du behar bezala maite, ordea, eta bere burua hiltzea beste biderik ez du ikusten gajoak.
Maitasunari eta bizitzari buruzko hainbat ikasgai ditu barnean zintak, delikadeziaz eta sentiberatasunez filmatuak, dena arrastiri, barne gutxi argitu, dena ilunantz den giro batean (kanpoko argi eza, barrukoaren sinbolo). Film triste eta pausatu bat, jatorrizko egitura teatralaren ondorioz estatiko samarra ere bai, baina gustu onez gainezka dagoena.
Zinemaldi batek zinema desberdinaren aldeko apostua egin behar du, eta jakina da arriskatzean ez dela beti asmatzen. Isaki Lacuesta zinegile kataluniarrak esperimentu bisualak egin ohi ditu, kontamolde eta gai berriekin ausartuz, eta Donostian maite dute, nonbait, aurten bi pelikula dakartza-eta, bata sail ofizialean eta bestea Zabaltegin.
Zabaltegikoa hobea izatea espero dugu, "Los pasos dobles" hau aspergarri, jasanezin eta ulertezina egin zaigu eta. Basamortuko istorio bat, Mali edo Niger aldean, pintore frantses misteriotsu baten arrastoen bilaketa, Barceló-ren kolaborazioa, afrikar pentsamendu magikoaz zipriztindua dirudien kontakizun nahasia... Basamortuko ispilukerietan bezala, hondar artean galdurik sentitu gara, metrajea noiz bukatuko handik irteteko. Ala ni ote naiz izaki razionalegia, bestelako logikak dastatzeko ezindua?
Erantzun
Sartu