Hasi da 63. Zinemaldia. Inaugurazioko filma, sail ofizialean lehiaz kanpo erakutsi dena, Alejandro Amenabar espainiarrak Ipar Amerikan eta ingelesez grabaturiko "Regression" thriller-a izan da. Horren osagarri, Zuzendari Berrien saileko "Pikadero" ikusi dugu, Ben Sharrock eskoziarraren lehen film luzea, Arratian eta euskaraz errodaturiko komedia minimalista.
Amenabar oso zuzendari ezaguna da gure artean: "Tesis" txundigarri harekin estreinatu zenetik "Agora" superprodukzioa egin duen arte, haren film guztiak izan dira ikusiak eta komentatuak Hego Euskal Herriko zinezaleen artean. Honako hau, bere nazioartekotze bidean beste urrats bat izan liteke, Ethan Hawke eta Emma Watson bezalako izar handiekin lan egin baitu, baina era berean esan daiteke bere iturrietara itzultze bat ere badela, edo bere ibilbide osoaren errepaso bat.
Gaizkia bere gordinean agertzen edo hobeki sujeritzen da, "Tesis"en suff-movie-ek bezala, hemen erritu satanikoek betetzen dute rol hori; thriller-aren eta beldurraren elementuekin jolasten du, bere hainbat filmetan bezala; egiaren eta imajinatutakoaren planoen jokoa ere presente dago hemen, baita erlijioaren kritika ere, "Agora"n legez. Kritika soziala da, zuzendariaren ohiko osagaietatik, hemen ia agertzen ez dena, Amerika zuri pobreko familia baten kontuak azaltze halakotzat hartzen ez bada.
Eta zer esan filmaz? Misterioa eta terrorea maite dituen publikoarentzat gomendagarria izan liteke; suspensearen legeak ongi betetzen ditu, momenturen batean erorialdiren bat egon arren amaiera arte eusten zaio jakin-minari eta ezusteari, eta produkzio ona dauka xehetasun guztietan; hortik kanpo edo hortik gora eskatuz gero, ba, ez dago halakorik.
Patagoniatik Arratiara, Eskozian barrena
Hemengo zuzendariek Espainia aldean egindako lanek "euskal" etiketa eraman baldin badezakete, askoz meritu gehiagorekin eskoziar batek euskal aktoreekin gure lurrean eta euskaraz filmaturikoak. Ben Sharrock zuzendariarekin egindako elkarrizketarik ez dut irakurri ahal izan orain arte (espero dut hemendik aurrera aukera izango dugula) eta ez dakit zergatik egin dituen gauzak horrela; edonola ere, eskertzekoa da mila bider, ez euskal kuota betetzeagatik, ezpada film txukun, bitxi, original eta gustagarria egin duelako: Pikadero.
Argumentua sinplea da: Gorka (Joseba Usabiaga) eta Ane (Barbara Goenaga) elkarrekin hasi diren gazte bi dira, baina ez dute non elkartu intimitate bila, biak bizi baitira gurasoenean, eta kotxerik ere ez dute. Txortaleku bila ibiliko dira, hortaz, batean eta bestean. Horrek komedia pikante baten abiapuntua dirudi, baina ez da hori izan Sharrock-en asmoa. Istorio minimalista bat da hau, Sorín argentinarraren "Historias mínimas" oroitarazi didana tarteka, bere umore surrealistagatik, pertsonaia bitxiekiko begirada samurragatik, hitz gutxiko elkarrizketa motelengatik, Gorbeiapeko paisaia zabalen erakuste lasaiagatik...
Filmaren ezaugarri nagusietakoa da plano finko eta errepikatuekin egin direla sekuentzia asko, minimanilmo hori azpimarratuz, baina orobat geldotasuna erantsiz emaitzari; hori azpimarratzera dator protagonistaren izaera ere: Gorka, gizonezkoen topikoaren kontra eta euskaldunaren topikoaren alde, ez da larrutarako beti gertu dagoen idiskoa, mozolo lotsatia baizik, eta Usabiaga bere joera histrionikotik aparte ikustea eskertzekoa izan arren, azkenerako luzetxo egin zaigu. Edonola ere, ojala zinemalditik kanpo zinema komertzialetan estreinatuko balitz eta jendea ikustera joango balitz.
Urteroko legean maratoiari aurre egiteko prest?
Ni bihar hasiko naiz filmak ikusten, ea ekarpen interesgarririk egiterik dudan.
Ben Sharrocki dagokionez, hona Gaztezulon Leire Palacios zuzendariari eta Irune Gurtubai ekoizleari egindako elkarrizketa: http://www.gaztezulo.eus/artikuluak/irune-gurtubai-nazioartean-erakunde-publikoetatik-aparte-jendeak-zinemagintzan-inbertitzen-du/
Ah, Zinemaldiaren erritmo frenetikoan, Thompsonek ihes egin dizu Watsonen lekuan...