Glamourra eta zartailua
Arbitrage epaitzeko orduan, bi modutara eman genezake ideia bertsua: ondo egina dago, baina film konbentzional eta aurreikusgarria da; edo: kutsu komertzial hori guztia du, baina gustura ikusten da. "Baina" horren ezker-eskuinak, norberak erabaki ditzala. Nolanahi dela, konta dezagun zerbait argumentuaz-eta: Robert Miller (Richard Gere) finantzetako handi-mandi bat da, familia zoragarria dauka (Susan Sarandon emaztea), eta baita maitale polit eta interesgarri bat ere (Laetitia Casta). Triunfadore bat, beraz, bere negozioa beste inbertsio-funts bati saldu behar diona.

Hala ere, galerak ezkutatzeko egindako iruzurrak hor daude, alfonbratik agerira ateratzeko mehatxua eginez, eta, horrez gainera, ezusteko batek birarazi egingo du istorioa, thriller baten kutsua emanez: Tim Roth Columbo inspektorearena egiten hasiko da, eta Millerrek bere abilezia guztia erabili beharko du zuloan ez erortzeko. Filmak dituen hari ugariak ongi txirikordatu ditu gidoiak, eta errealizazio aldetik Nicholas Jareckiren lehen lan honek ez dauka aitzakiarik. Hortik aurrera, norberaren gustuak.
Gorputzaren endekatzea
Haneke austriarrak ondo irabazia du kontzientzia zurien aztoratzaile fama; oroitu besterik ez haren azken lanak: Funny Games, Caché, Piano-jotzailea, Das Weisse Band... Ikustean barrenak inarrosi, eta ondoren ere buruan jirabiraka luzaroan geratzen zaizkizunak.
Horregatik, eta Canneseko Urrezko Palma irabaztetik datorrelako, horixe ikusteko gogoa aipatzen zen gaur gehienbat kritikarien artean. "Amour", sinopsietan abisatua zigutenez, bikote zahar bati buruzko filma da: Jean-Louis Trintignant eta Emmanuelle Riva bikainek jokatutako rolak; horiez gain, Isabelle Huppert alaba azaltzen da, eta paper txikiak dituzten beste hiruzpalau, tartean Ramon Agirre donostiarra.
Zahartzaroaren gordina ez da zineman agertu ohi. Guztiz errealitate hurbil eta egunerokoa dugun arren, itsusia da nonbait zeluloiderako (bizitzarako orobat?) eta txiri egiten diogu. Alde horretatik, ezin ukatu Hanekeren ausardia. Filmeko bikotean, bata gainbehera hasiko da, eta besteak hartuko du hura zaintzeko ardura. Hondatze fisikoari hondaratze psikologikoak jarraituko dio, poetikotik ezer gutxi duen prozesuan. Kanta erromantikorik gabe, zailtasunez eta gristasunez beteriko zaintze etsitu bat kontatzen zaigu, beraz, txarretik okerragora joate atzerabueltarik gabekoa.
Egia esanda, eta aurrekariak ezagututa, film gogorragoa espero nuen nik, eta baita zerbait biribilagoa edo harrigarriagoa ere. Gehiegizko espektatibak izango nituen, beharbada.
Erantzunak kargatzen...