Teknologia albisteak

Galaxia bati argazkia atera nahi badiozue...

Erabiltzailearen aurpegia
2021-08-11 : 08:34

Espazio sakoneko objektu bati "argazki bat" ateratzeko, modu ezberdinak daude. Egiazki ez da material berezirik ere behar eta ohiko reflex kamara batekin, tripode bat eta argazki serieak ateratzeko aginte batekin nahikoa da, baina oso mugatua eta konplikatua. Nire gomendioa, gutxirekin eta sinpletik hasi eta afizioa gustatu ahala aurrean identifikatu dituzun arazoak konpontzeko materiala erosi edo teknikak ikastea da. Jarraian, nire urtebeteko esperientziatik sortu zaizkidan arazo tipikoenak modu sinplean azaltzen saiatuko naiz.

Argazki batekin ez da inoiz nahikoa

Espazio sakoneko objektu baten argazki bat ikusten baduzue, jakin ezazue sekula ez dela izaten argazki bakar batez osatua. Ez da kamara hartu, zerura begira jarri, botoia sakatu eta galaxia bat aterako. Zeruko objektuak, oso lausoak izan ohi dira. Milaka argi urtetako distatziara egon ohi dira eta irudi batean biltzeko, argazki asko atera behar izaten dira. Helburua ahalik eta argi gehiena biltzea izaten da.

Beraz, normalean ehundaka argazki atera ohi dira eta ondoren, denak batean pilatu. Galaxia horrek emititzen duen argi seinalearen metaketa bat edukitzeko. Argazkien pilaketa hau egin ahal izateko DSS moduko doako programak edota Siril moduko kode irekikoak aurki ditzakezue.

Gainera, ahalik eta argi gehien bildu ahal izateko, komeni da esposizio luzeak egitea: minutu bat, bi, hiru edo bostekoak nahiko ISO altuan. Nola jakin zenbat denbora eta zenbat ISO? Beno, bakoitzaren argazki kameraren arabera eta objektua zeruan jarraitzeko erabiliko dugun montura motorizatuaren araberakoa izango da. Esposizio denbora kalkulatu ahal izateko aplikazio mordo bat daude, baina horietan bat gomendatu beharko banu PhotoPills da. Ordainpekoa da, baina ez da garestia eta merezi du astrografian murgiltzeko.

[img]https://i.imgur.com/1YAfTI3.png[/img]

M51 zirimola galaxiaren 3 minutuko espozio bat

Artikulu honetako argazki nagusian ageri den M51 zirimola galaxiaren 3 minutuko esposizio bat

[img]https://i.imgur.com/1YAfTI3.png[/img]

[img]https://i.imgur.com/1YAfTI3.png[/img]

[img]https://i.imgur.com/1YAfTI3.png[/img]

[Imgur](https://imgur.com/k76XXo9)

[Imgur](https://imgur.com/k76XXo9)

Lurraren errotazioa

Denok dakigun moduan, zeruan izarrak mugitu egiten dira gaua aurrera doan einean. Egiari zor, Lurra da mugitzen dena bere errotazioaren ondorioz, eta horregatik ditugu eguna eta gaua. Zeruko objektuen ehundaka argazki ateratzeko beraz, lurraren errotazioari aurka egin behar dion zerbait beharko dugu. Bestela, ezinezkoa da atera nahi dugun objetua markoaren barruan edukitzea! Izarrak puntu bat izan beharrean, marra bihurtzen hasten dira. Aizue, baina lurraren errotazioa jarraitu gabe ere, Star trails delako argazki mota bat ateratzea ideia ona izan daiteke (ikusi atal honetako azken irudia).

Enkuadrea eskuz egiten saia zaitezke kamara eta tripode batekin atera beharreko objektua oso handia bada (Andromeda galaxia adibidez) eta objetibo txiki batekin bazabiltza, baina lan handia da eta hamarnaka edo ehundaka argazki ateratzeko ezinezkoa.

Hona hemen andromedarekin egindako lehen saiakera. Esposizio bakarra izan zen 50mm-ko objetibo batekin:



Lehen aipatu dudan montura motorizatua behar beharrezkoa da eta ziurrenik, behar dugun material guztitik garrantzitsuena izango da. Montura honek objektua jarraitzeko duen zehaztasunak baldintzatuko du azken emaitza.

Askotan, esposizio luzeak egin ahal izateko 3 minutu eta hortik gorakoak, beste teleskopio txikiago bat ere erabltzen da gida lanak egiteko. Bigarren teleskopio honek, izar bat jarraitzen du zeruan, eta monturak jarraipenean daukan errorea kalkulatu, eta berau zuzentzeko aginduak bidaltzen ditu ordenagailu bidez.

Zarata eta seinalearen arteko erlazioa

Inoiz gauean argazkiren bat atera baduzu, ohartuko zinen, irudiaren kalitatea asko jeisten dela egunean zehar ateratakoekin konparatuz. Honen arrazoia, kamera gehienak egunez jarduteko prestatuta daudelako da eta gauez "zarata" pilatzen dutelako. Seinalearen distortsio bat da. Arrazoi ezberdinak izan daitezke zarata edukitzeko:

- Kameraren txipa berotzean, honek erradiazioa (fotoiak) askatzen ditu eta txipak fotoi horiek berak erregistratu, benetako seinalea izango balira bezala
- Txipak berak fotoiak irakurtzean ere, perfektua ez denez, zarata sartzen du
- Argi kutsadura. Gaur egun dugun arazo handienetako bat da, eta interesatzen ez zaigun argi kantitate oso handiak hartzen ditu kamerak. Geroago aipatuko dut arazo hau.

Helburua beraz, zarata murriztea da, argazki asko ateraz. Komeni da baita kalibrazio irudi direlakoak egitea ere, horiek kameraren errorea konpontzen lagunduko baitigute. Ingelesezko DARK, BIAS eta FLAT kalibrazio irudiekin zarata mota ezberdinak murriztu ahal dira.

Horrez gain, astrografiarako kamera espezializatuak ere badaude, haizagailu eta txip oso sentikorrekin. Oso garestiak dira eta hasiberri batentzat gehiegizkoa. Mundu honetan sartu nahi baduzu, hobe duzu eskura duzun materialarekin hasi!

Beheko irudian zarata handiarekin atera nuen eta postprozesamentuan kendu ezin izan nion M81 eta M82 galaxien irudi bat.

Argi kutsadura

Argi kutsadura gero eta arazo larriagoa da. Ez astronomia edo astrografian dabilen jendearentzat, planetako bizidun askori kalte izugarriak egiten dizkio: loaren desordena, desorientazioa, bizi zikloen nahasmendua... Astrografian Bortle eskala erabiltzen da kutsadura maila neurtzeko eta 1etik 9rako eskala bat dauka. Euskal Herrian une honetan, eskura daukagun zerurik ilunena Belaguatik iparralderako tarte horretan dago Bortle eskalan 4ko maila batekin; gainontzeko guztia izugarri kutsatuta dagoelarik. Kutsadura honen mapa interaktibo bat ikusteko webgune hau kontsultatu dezakezue.

Arazo honi aurre egiteko, argi kutsaduraren aurkako filtroak daude merkatuan. Filtro hauek argi artifizialak sortzen dituen frekuentziak blokeatzeko gai dira eta atera nahi dituzun argazkiak gorri horizkara batek estaltzerik ez baduzu nahi, Euskal Herrian behintzat, gomendagarria da erabiltzea. Gerora agian, irudiaren post-prozesamentuan disimulatu ahalko duzu ziurrenik kolorea, baina lan zailagoa da eta jasoko duzun seinalea ez da inondik ere filtroa erabiliz gero edukiko duzuna bezain ona izango. Nik etxeko balkoitik ateratzeko (aurrean Eroski hipermerkatua daukat bere fokuen argia zuzenean iristen zaidalarik) ezinbestean erabili behar izan dut.

Ikusi beheko Orion nebulosaren irudia, akats askoren artean, argi kutsaduraren kolore gorrizkarako gradienteak ditu.

Aberrazio kromatikoa, ihintza eta hauts partikulak

Hasi berrietan normala izaten da beheko Orion nebulosaren antzerako irudiak ateratzea. Alde batetik, teleskopio sinple bat edukitzea normalena denez, bere lenteak ez dira izaten kalitate onenekoak eta aberrazio kromatikoa izaten dute. Arazo hau argia lentean sartzean argiaren zati bat bereizi egiten delako gertatzen da eta izarrik handi eta distiratsuenetan kolore urdin moduko halo bat agertzen da. Irudiaren post-prozesamentuan kendu ahal da, baina denbora eta teknika hobetzea eskatzen du.

Bestalde, garrantzitsua da baita teleskopio edota objetiboen lenteak garbiak edukitzea hauts partikulak ager ez daitezen (irudian ikusten diren beltzune moduko horiek). Edota txarrenean, lehen aipaturiko FLAT kalibrazio irudi batzuk ateratzea akats hau irudien pilaketan zuzendu ahal izateko.

Eta azkenik, gaueko tenperatura aldaketek zure teleskopioaren lentean sor dezakeen ihintzaren kontrako berogailu bat ere erabiltzea komeni izaten da, irudia lainotuta egongo ez balitz bezala ikusterik nahi ez baduzu behintzat.

Beheko irudi honetan akats hauek denak egin nituen, eta hainbat irudi atera banituen ere, hauen pilaketak akats horiek denak nabarmenago uzten zituen, beraz irudi bakarra pixka bat prozesatu eta partekatzea erabaki nuen.

Ilargia ez da zure laguna

Ilargiaren argiak argi kutsaduraren antzera, zerua estaltzen du. Beraz, saiatu Ilberria denean egiten zure argazki saioa edo bestela, argi kutsadura filtroa erabili edo gutxienez ilargiaren kontrako aldean dagoen objekturen bat aukeratu argazkirako.

Irudia prozesatzea ezinbestekoa

Argazki guztiak atera eta pilatu ostean, behean duzuen moduko irudi bat ateratzen da. Zatarra ezta? Kontua da, reflex arrunt batek (nire nikon D5300ak adibidez), pixel bakoitzeko RGGB koloreak dituela. Hau da: gorri bat (R), bi berde (GG) eta urdin bat (B). Horrek esan nahi du, irudian berde bikoitza gordeko dela. Arrazoi zehatza ez dakit, baina kamera hauek gizakien begiak simulatzeko eginak daude eta ez gaueko astroak irudikatzeko, beraz pentsatu nahi dut argi infragorria blokeatzeko duten filtroa moduan, hau ere horrelako zerbait izango dela.

Bestalde, kasu honetan darabildan argi kutsadura filtroa kamerako sentsorearen tamaina baina txikiagoa da, eta horrek tunel efektu hori sortzen du. Guzti horiek txukundu beharko dira argazkia aurkeztu aurretik!

Irudia prozesatzean, honelako arazoak kendu, irudia pixka bat garbitu eta argazkirako nahi dugun objektua nabarmentzen dira. Horretarako programa mordo bat daude eskura, asko ordainpekoak, baina nik software librean oinarritutako Siril, Gimp eta Darktable erabiltzen ditut.

Eguraldia begiratu!

Ezinbestekoa da zerua garbia egotea noski! Euskal Herrian aukera gutxi egoten dira, baina aprobetxatu behar! Erabiltzen dudan webguneetako bat meteoblue da. Bertan laino geruza ezberdinen eta ilargiaren egoera zehazten baita.

Eguzki sistema eta planetak, beste baterako...

 Beno, aurretik esandako guztia espazio sakoneko objetuei dagokie. Eguzkia bera edota planeta eta ilargiei argazkiak atera eta hauek prozesatzea beste material bat erabiliz eta beste modu batean egiten da! Beraz, hori beste baterako utziko dut. Bitartean amu bezala, hona hemen aurrekoan ilargiko Tycho kraterrari (irudiaren erdian) ateratakoa.

Erantzun

Sartu