Horixe sentitu dut Euskadi irratiko asteburuko zure elkarrizketa entzun dudanean. Zure politikak zuritu eta erru osoa hiztunei botaz besterik ez baitzara ibili. Baina hori bai, "txipa" jarrita dutenen giza eskubide batzuen aldeko manifestazioa ez duzu babestu. Ez omen zara bertan izango, "kartelak egitea" baino kontu garrantzitsuagoak dituzulako, nonbait. Beste batean berriz, euskaldunok gutxi kexatzen ginela ere entzun nizun... Zertan geratzen gara orduan? Non dago elkarlana?
Instituzioetatik aurrerapen asko egon omen da (ez dut ukatuko), ez behar adina ordea. Nire, zure, euskaradunon eskubideak administrazioan etengabe urratzen diren une berean, erruaren pisu osoa bizkar gainean jartzen diguzu. Eta "euskara denona" da lema zer? Euskaraz ez dakitenek ere errua latz izango dute ba? Antza 3. batzuek (bide batez derrigortuta behar luketenak) euskara ez jakiteak ez omen du eraginik jendearen arlo pribatuko erabileran...
Oso oker zaude ordea! Laudioko merkataritzak esana, "Hemen euskaraz dakigu" kartel sinple bat jartzea nahikoa izan omen da merkataritzan erabilera handitzeko. Zuk hain gustuko duzun borondatezko erabilera Patxi! Ikusi eta entzuten duguna bait gara eta "txipa" ez dutenen erreferentziak botere guneetatik bait datoz. Beraz, oso garrantzitsua da lehendabizi oinarrizkoa betetzea eta gero arduratzea sustapenean eta baliabideak eskura jarrita ere erabiltzen ez dituztenengan. Boterean zaudetenon ardurak eta besteonak ez dira berdinak, eta badakizu...
Euskaldunon artean gaztelaniarako joera izatea drama bat da, noski, eta dagokionaren erruaren zatia ez dut kenduko. Baina, desoreka hain da handia, ni behintzat ez nauela inondik ere harritzen. Oso zaila izaten da korrontearen kontra etengabe ibiltzea eta horrek azkenean "faktura" pasatzen du, ezin da jendea militantziara kondenatu. Nekatu egiten da. Zuen esku dago politika egokiekin korronte hori leuntzea.
Ez al da ba garaia administrazioaren "botilaren zuloa" tapatu, oinarrizkoa bete eta indarrak beste nonbait inbertitzeko? Eta horrekin batera beste galdera bat bururatzen zait: itxi al liteke zulo hori hezkuntzan A, B eta D ereduekin? Gainera jakinik azken hori ere euskalduntzean erren dabilela... Ez al da garaia euskaltegiak itxi eta hezkuntza beharrean aisialdia sustatzeko, arlo pribatuan ere euskara bultzatzeko?
Oinarrizko "euskararen zorua" bermatzeko argi ikusi dugu aste honetan borondatean oinarritzen den politikak zer porrot egin duen (adibidez, enpresen betetze mailan). Izan ere, gaztelerak 500 lege baititu eskubideak betetzeko, euskarak 0. Hori baino argiago ez dakit zerbait ikus daitekeen.
Eta zer esan politika erren hauei gainera kanpo esku hartzea gehitzen zaienean. Estatuak eskua sartzen duen UEMAko udaletan, txosten juridiko batekin ahal duzuen guztia egin duzuela esaten duzue... arrazoia edukitzea nahikoa ez dela jakin arren, udal txikiak bide judizialetan diru galeretan ito nahi dituztenean. Eta larriena, euskararen balioa zalantzan jartzen dutenean.
Ausartagoa izatea eskatu behar zaio EJri, politika epel hauek atzean uzteko garaia da. Euskal hiztunon hurrengo loraldi bat ikusi nahi dugunok oinarrizko baldintzak eskatzen besterik ez gara ari. Gure eskubideak berma itzazu, eta ondoren hitz egingo dugu norbanakoaren erruaren motxila horretaz.
Elkarrizketa: http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/goiz-kronika-asteburua/audioak/osoa/2971436/audioa-baztarrika-hizkuntza-politikarako-sailburuordeari-elkarrizketa/
Erantzun
Sartu