Interneten eragin handia eduki dezakeen bozketa bat izango da Europako Parlamentuan, ostegun honetan. Bertan, "panorama-askatasun" delakoa murriztu daiteke.
Begiratu goiko bi argazkiak. Bai, biak dira nahiko kaskarrak, nik neuk egin ditut eta. Ezkerrekoa Gasteizko Salburua auzoko babes publikoko eraikin bat da, Roberto Ercilla arkitektoak diseinatutakoa, eta, eskuinekoa, Miarritzeko Ozeanoaren eta Surfaren Hiria izeneko museoa, Steven Holl arkitektoak ondutakoa. Ikutu artistikoa duten arkitektura-lanak, batzuen ustez. Baina, irudien (eta eraikinen) kalitateaz harago, eta bitxia bada ere, gogoraraziko dizut, ez bazenekien, bakarra argitaratu daitekeela, legeari jarraikiz: ezkerrekoa. Espainiako Estatuan “panorama-askatasun” izeneko lege-aukera baitago, Frantziako Estatuan ez bezala.
“Panorama-askatasuna” zenbait herrialdek egile-eskubideei ezarritako salbuespen bat da, artelanak edo eraikuntza bereziak (artistikoak) espazio publikoan dauden kasuetan aplikatzen dena. Hurrengoa esaten da, adibidez, 1996ko Espainiako Jabego Intelektualaren Legearen testu bateginean (35.2 artik.):
Las obras situadas permanentemente en parques, calles, plazas u otras vías públicas pueden ser reproducidas, distribuidas y comunicadas libremente por medio de pinturas, dibujos, fotografías y procedimientos audiovisuales.
Frantziako legediak barne hartzen ez duen salbuespena (L112-2 artikuluan zehazten da arkitektura-lanen egile-eskubidea), sinestezina bada ere.
Hurrengo irudian zehaztuta dago Europar Batasuneko “panorama-askatasun” anitza, herrialdearen araberakoa (egilea: King of Hearts, CC BY-SA).
Berde ilunez, “panorama-askatasuna” duten herrialdeak; gorriz, ez dutenak; horiz, erabilera ez-komertzialerako soilik dutenak, eta, berde argiz, soilik eraikinetarako dutenak (eskulturak kanpoan utziz). Anabasa legal horren aurrean, Europar Batasunak homogeneizaziorantz jo nahi du, eta, erabateko askatasunaren alderantz berdindu ordez, murriztasunaren bidetik uniformizatuko gaitu, herrialde guztietarako kolore horia proposatuz. Alegia, erabilera ez-komertzialetarako soilik baimenduko ditu arkitektura-lan artistikoen argazkiak.
Ez da kasurik okerrena aukeratu, egia (gorria ere aukera zitekeen). Eta, gainera, ez da erabateko lege bat izango, herrialde bakoitzak Europako direktiba bere egin arte. Baina oso kontuan hartzeko da Wikipedia gehienek (euskarazkoa barne) erabiltzen dituzten irudiek erabilera komertziala ere baimentzen dutela, erabateko askatasunaren izenean (CC BY-SA lizentziapean). Beraz, Europar Batasunean ateratako milaka argazki, bat-batean, legez kanpo gelditu daitezke Wikipedian, etorkizun gertuan.
Entzun, entzun, Jimmy Wales Wikipediaren sortzailea (Wales), eta, bereziki, Julia Reda europarlamentari pirata alemaniarra (Reda).
Bozketa ostegun honetan bertan izango da, Estrasburgon. Beste pausu bat emango ote egile-eskubideen blindaje zentzugabean?
Julia Reda europarlamentariari esker "panorama-askatasuna" mugatzeko proposamenak ez du aurrera egin: https://juliareda.eu/2015/07/eu-parliament-defends-freedom-of-panorama-calls-for-copyright-reform/