Teknologia albisteak

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Nafarroa Arenara bidean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 12:35

Gaur aurkeztu du Bertsozale Elkarteak 2026ko Bertsolari Txapelketa Nagusia... barka: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, izena aldatu baitiote 4 urtean behin jokatzen den txapelketa honi. Irailaren 19tik abenduaren 20ra izango da txapelketa, 15 saiorekin, eta abenduaren 20an izango da finala, iragarri zen bezala eszenatokia aldatuz: Nafarroa Arenan (eta ez BEC-en, non Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela 2022an, bere bigarrena).

15 saio izango ditu txapelketak, aurrekoak baino bat gehiago, eta bertsolari partehartzaileak ere gehiago dira, 50 non eta aurrekoan 44 izan ziren. Bina bertsolari gehiago sailkatu dituzte aurtengorako Arabako, Nafarroako eta Xilaba txapelketetatik. 

Saioei dagokienez, lehen sailkapeneko zazpiak zazpi herrialdeetan izango dira, Hazparnen hasita irailaren 19an.

Ikus bertsolari parte-hartzaileen zerrenda, eta saioen egutegia: bakoitzaren kartelak prest daude, hutsuneekin noski lehen fasetik aurrera.

Txapelketako saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai BertsoSarrerak.eus zerbitzuan. Bertsozale Elkartearen bazkide direnek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. "Aste horretan sarrera erosteko aukera bermatuta izango dute honela", gaur prentsaurrekoan Elkarteak jakinarazi duenez. Horrez gain, bazkideek txapelketa osoko bonoa erosteko aukera ere izango dute, eta saio guztietarako beherapena ere bai.

Gogoratu, ez BTN baizik eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa (hona txapelketaren webgune berezia).

Erantzun

Sartu