Teknologia albisteak

Zabalik Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen topaketen 5. edizioan parte hartzeko izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-08 : 12:51

Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta Nola egin euskaraz ikus gaitzaten? dira aurtengo edizioak gaitzat hartu dituen galderak. Topaketa 2013ko apirilaren 25ean eta 26an (ostegun-ostiralak) egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean, eta bertan, nagusiki, Euskal Herriko udaletako euskara teknikariak bilduko dira, nahiz eta edonork eman dezakeen izena. 

  • Izen-ematea 2013ko apirilaren 19an itxiko da
  • Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin euskaraz ikus gaitzaten? gaia jorratuko dute 2013ko apirilaren 25ean eta 26an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean
  • Bosgarren edizio honetan 11 hitzaldi, talde-lana eta kultur ekintza antolatu dituzte

Administrazioa-herritarrak izango da, beraz, aurtengo edizioan landuko duten kontzeptua. Helburua estereotipoak haustea da, alegia, udalaren eta herritarren arteko harremana leihatilez haratago doala erakustea. “Kultur Etxeetan, kiroldegian, udaltzainekin edota web orri bidez gertatzen dira askotan hartu-eman luzeenak. Interesgarria da egoera horietan herritarra edota udala nola komunikatzen den ikustea”, azaldu dute antolatzaileek.

Helburuen artean, berriz, honakoa nabarmendu dute: “Harreman horien tipologiak egin, tipologia bakoitza karakterizatu (hizkuntzazko eta bestelako ezaugarrien arabera) eta hortik esku-hartzeko lan-modu batzuk eta estrategia komunikatibo batzuk zirriborratzea. Klabe horretan pentsatzen jartzen hastea lortzen badugu, bada zerbait”.

Izen-ematea eta egitaraua

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, izena emateko epea zabalik dago eta topaketan parte-hartzera gonbidatu dituzte euskara-zerbitzuetako teknikariak, eta gaian interesa daukaten gainontzeko eragileak. Izen-ematea Udaltopeko web orrian egin daiteke apirilaren 19ra arte, eta prezioa 80 eurokoa da –barne hartzen ditu bi egunetako otorduak zein hitzaldi eta ekintza guztietan egoteko aukera–.

Bosgarren edizioan hamaika hizlari izango dira. Lehenengo egunean, apirilaren 25ean, zortzi; eta 26an, hiru. Euskal Herrikoak izango dira ikergai gehienak, hamaikatik hamar, eta Katalunian martxan jarritako esperientzia batekin osatuko da egitaraua. Hain zuzen, Plataforma per la LlenguaUdaltop laugarren edizioko hitzaldietako bat elkarteko Marc Biosca gonbidatu dute Bartzelonako Diputazioan abian jarri duten egitasmo baten berri emateko. Ponentzia hori katalanez izango da, aldi bereko interpretazio zerbitzuarekin.

Hitzaldiekin batera, hausnarketa eta esperientzien partekatzea ahalbidetzeko lan-taldean saio bat egingo da. Hain zuzen, talde lanarekin bi helburu hauek bete nahi dira: batetik, topaketan entzundakoa norbanakoaren errealitatera eramatea; jasotakoaren digestioa egitea, azken finean; eta bestetik, topaketen ondoren lanean aplikatzeko moduko pistak ematea”.

Topaketak amaitzeko kultur ekintza bat izango dela iragarri dute, bestelako zehaztasunik eman gabe, “sorpresa efektua mantentzeko”.

Zer da Udaltop?

Udaletako euskara-zerbitzuen topalekua da Udaltop. Topaketak udal bakoitzak dituen euskararen erabileraren inguruko kezka, anekdota, gertakizun, langintza, plangintza, plan estrategiko, bizipen, etab. bilduko dituen plaza sortzen du, esperientzia trukaketa horrek elkarrengandik ikastea dakarrelako.

Topaketa hauen helburua udaletako euskara-zerbitzuek egiten duten lana hobetzea da euskara-zerbitzuen esperientziak trukatuz, esperientzia horiek nola hobeto hausnartuz eta esperientzia berriak elkarlanean abiatuz.

Hiru horietatik bigarrenari, esperientzien hausnarketari, eskaintzen diote topaketek arreta berezia, nahiz eta jakin lehenengoaren, esperientziak trukatzearen, ondorio izango dela. Elkarlanari dagokiona beste hainbat aldagairen araberakoa izango da, eta aurreko bien lorpenarekin etor liteke.

Topaketen antolatzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Lasarte-Oriako Udala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta EUDEL. Orain arteko lau edizioetan landutako gaiak honakoak izan dira: euskararen erabilera familian, euskara eta gazteak, euskara ezagutzen ez dutenak nola hurbildu euskarara eta udaletako hizkuntza-politika.

Erantzun

Sartu