Teknologia albisteak
2

Erabaki eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-02 : 14:06
Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak Euskal Erakundeak. Erabaki Eskubidea gaiari buruz hitzaldia eman du Iruñean, Aralarren Ezkerraberri fundazioak antolatutako saioan. 22 orrialdeko dokumentuaren laburpen bat dago ondoren –hitzaldi osoaren PDFa hemen–.
1. Sarrera

Udalbiltza, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra da, nazio eraikuntza dugu ildo nagusi, baina Euskal Herriaren normalizazio politikoa ere badugu xede, eta, beraz, erabaki eskubidearen alde gaude.

Nazio ukatua da Euskal Herria, desegituratua eta desitxuratua, euskal identitatea oraindik jazarria eta gutxietsia da. Beharrezkoa dugu burujabetza.

2. Diagnostikoa

2.1. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera. Euskal Herriaren ukazioa

Orain dela bi aste Arturo Perez-Reverte idazleak: “Idazle moro batek, ‘Ibn Said’ izenekoak, berebereei buruzko esaldi bat idatzi zuen, aipatu gabe uzterik ez dudana, gizaldi nahasi haietako espainiar musulman eta kristauak eta gaur egungo asko ezinhobeto definitzen duelako: ‘Jainkoak turbulentziarekin eta ezjakintasunarekin bereiztu, eta erabat markatu ditu etsaitasunarekin eta indarkeriarekin’”.

Euskal Herriaren kasuan XIII. mendetik honako errepaso bat eginda, horixe froga daiteke.

Espainiaren ukazioaren bi adibide, azken hamarkadakoak biak eta arlo instituzionalekoak: 2005ean EAEko Estatutu Politiko berriari emandako ezetza eta 2008an EAEko Galdeketa Legeari ezarritako debekua. Frantziak ere jokabide bera du Iparraldeko lurralde elkargoarekin, adibidez.

Ondorioz, Euskal Herriaren askatasunerako Espainiatik eta Frantziatik ezer ez datorkigu, ukazioa ez bada.

2.2. Euskal Herria aintzat hartzen dutenen arteko oinarrizko bat-egite eza

Euskal Herrian bat-egiteak eta elkarlana badira, baina iruditzen zaigu oinarrizko akordio zabal bat falta dela sujetu politikoaz, estrategiaz, nazio zutabeez...

Jose Maria Perez Bustero idazleak: “Garbi dugu zergatik eraiki behar dugun Euskal Herria, baina ez dugu diseinatu nola eraiki daitekeen”.

2.3. Gatazkaren ondorioak amaitu gabe. Bestelako kultura politiko baten gabezia

Nahiz eta zailtasun handiak dauden, Udalbiltzak uste du Euskal Herrian bake prozesu bat abian dela eta bururaino eraman behar dela.

Kontzeptu eta jarrera subjetiboetan sartu baino gehiago (barkamena, damua...), eta egia bakarra dagoela baztertuz, aurrera begirako lana da egin beharrekoa. Batez ere:

- Aitortu biktima asko eta askotarikoak egon direla.

- Giza eskubideak defenditu, eta horiek sustatu.

- Bizikidetzarako neurriak hartu eta garatu.

Elkarbizitzan oinarrituta, bestelako kultura politiko bat behar dugu Euskal Herrian –tolerantzia, errespetua, aniztasunaren aitortza, parte hartzea, erabakiguneak zabaltzea…–; gure ildo nagusi nazio eraikuntzarako ez ezik, normalizazio politikorako. Hau da, euskal herritarrok geure erabaki eskubidea aitortu eta hura gauzatzeko egokiera lortzeko. Udalek zeregin garrantzitsua bete dezakete kultura politiko hori ereiteko.

3. Eredu bat: Katalunia

Euskal Herria bezala, Espainiak Katalunia ere ukatu egiten du, baina katalanak azken urte hauetan estrategia ausart eta zabal bat ari dira gauzatzen. Aurtengo Diadan hara egin dugun bisitan ere frogatu dugunez:

- Garbi dute diagnostikoa: Espainiarekin Kataluniaren garapena ezinezkoa da.

- Prozesurako sujetua adostua dute: Kataluniako Printzerria (Tarragona, Bartzelona, Girona, Lleida).

- Badute proiektu politiko eta helburu zehatza: independentzia.

- Erabaki eskubidea baliatu nahi dute estatu bihurtzeko.

- Badute bide orri bat.

- Gizarte zibila funtzio erabakigarria ari da jokatzen. Politikarien eta instituzioen aurretik doa, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak gidatuta. Baina instituzioekin batera eman nahi ditu pausoak.

- Mobilizazio agenda markatzen dute.

Horrez gain, eta zenbait faktorengatik –katalan hizkuntzak komunitatea eratzen du, hango jarduera armatua eta errepresioa beste tamaina batekoak izan ziren...– Kataluniakoa gizarte transbertsala da; kultura politiko egokia dute denek denekin denetaz hitz egiteko. Horrela errazagoa da akordio zabalak erdiestea.

4. Erabaki eskubidea

4.1. Historia argudio garrantzitsua da, baina ez du eskubiderik ematen

Euskal Herria nazio bat da, garai batean estatu egitura eduki zuen, argudio garrantzitsua da hori, baina biharko egunean bere buruaren jabe izateko historiak ez dio automatikoki eskubiderik ematen, herritarren gehiengoaren borondateak baizik, printzipio demokratikoa den erabaki eskubidea gauzatzean.

Joseba Sarrionandia idazleak: “Garrantzitsua da oroitzea euskaldunoi politika egiteko aukera eragotzi egin izan digutela. Historiaren galtzaileak gara. Dena dela, herri batek ez dauka oroitzen duen horren antza, baizik eta egiten duen horren antza”.

4.2. Galdeketa, printzipio demokratikoa

Egia da Euskal Herrian oraindik modu zabal eta bateratuan ez dela, Angel Rekalde idazleak idatzi duen moduan, “estatu propioaren aldeko prozesu bat definitu, proposatu eta planteatu”, baina egia da, era berean, estatua lortzeko herritarren borondate librean oinarritu beharko garela, erabakitzeko eskubidea gauzatuta.

Mario Zubiaga EHUko irakasleak: “Zein da erabaki eskubideak suposatzen duen jauzia? Inoren aitortzarik ez duela behar. Zilegitasun demokratikoak ez du mugarik”.

Iñigo Urrutia EHUko irakasleak: “Sezezio prozesu baten oinarria ez da zertan izan autodeterminazio eskubidea; egon daiteke bestelako zilegitasuna, zilegitasun demokratikoa bezala”.

Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak: “Erabaki eskubidearen bertute bat da XXI. mendeko zilegitasun printzipio oinarrizko batekin konektatzen duela: printzipio demokratikoarekin”.

Printzipio demokratiko horren alde dago Udalbiltza.

4.3. Independentzia ariketa

Ondorioz, euskal herritarrek uste badute euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela, eskubide hori gauzatu besterik ez dute. Beste kontu bat da zer bide egiten den horraino iristeko, zer akordio lortzen diren, erritmoak...

Gainera, beste inork baimendu gabe, galdeketa burutzea independentzia ariketa bat litzateke.

5. Bide propioa

Horraino, beraz, Udalbiltzak egiten duen diagnostikoa eta daukan posizioa erabaki eskubideaz. Funtsezkoa da indar demokratiko mota guztiak jartzea erabakitzeko eskubidearen alde.

Espainiak eta Frantziak ukatzen bazaituzte, eta zure etorkizuna zeuk erabaki behar baduzu, hori gauzatzerako proiektu politiko bat landu beharko duzu, sujeto bat eraikita. Eta hori egin aurretik, Euskal Herria aintzat hartzen dutenen artean giro bat erein beharko duzu, nazio zutabeak adostuz, gizarte zibilak indarra hartuz, akordioekin konfiantza landuz...

Bide propioa landuz, alegia. Aurtengo martxoan Udalbiltza berrantolatu zenetik zabaltzen ari garen mezua da.

Erantzunak

2013-10-02 : 14:49

Eskerrik asko, baina hitzaldiaren PDFaren kokapenarekin arazo bat dago: udalbiltza.info domeinua iraungita dagoela ematen du. Beste webguneren batean daukazue, agian?

Mertxe Aizpuruak parte hartutako hitzaldia atzo izan zen, Iruñean, baina Ezkerraberri Fundazioaren mintegi honek gaur eta bihar du jarraipena, Donostian eta Bilbon. Hemen informazio gehiago: https://docs.google.com/file/d/1gvIQ9rAK5nRb086CqAdIHBzfKRqSWbr4QC904E1qBIb2_7GdjJfVQLXwXHST/edit?usp=sharing

2013-10-02 : 16:18

Udalbiltza.info une batez erorita izan da. Horregatik egongo den arazoa gure PDFaren kokapenarekin.

Erantzun

Sartu