Teknologia albisteak

GURASOSek hondakinen aferari irtenbidea emateko bide-orria eta manifestazioa aurkeztu ditu

2016-11-17 : 13:36

GURASOSek hondakinen aferari irtenbidea emateko 8 puntuko bide-orria aurkeztu du, hondakinen arazoa konpondu eta gai hau liskarraren eremutik ateratzeko. Proposamen honetan arduradun politiko, aditu eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Era berean, azaroaren 26an manifestazioa deitu du Donostian «GIPUZKOA + : Eman bidea Osasuna eta Adostasunari» lelopean. Mobilizazio honen helburua GURASOSen bide-orria babestu, erraustegiaren lizitazioak gelditzeko eskatu eta eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzeko.

GURASOSen BIDE-ORRIA IRTENBIDERAKO

  • Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek GELDIARAZTEKO. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.
  • LEGEZTATZEA. Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.
  • GIZARTERATZEA: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.
  • INFORMAZIOA ETA GARDENTASUNA. Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.
  • PARTAIDETZA BIDEZKO HAUSNARTZE PROZESUA. 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua.
  • OSASUNAREN BABESA ETA GIZARTE KOHESIOA. Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.
  • HOBETO EGOKITZEA GAIARI BURUZ EUROPATIK DATOZEN POLITIKEI. Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.
  • AKORDIO ETA IRTENBIDE PARTEKATUA. Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.

MANIFESTAZIOA AZAROAREN 26an 

Horregatik guztiagatik, azaroaren 26an GURASOSek Donostian manifestazio handi bat egiteko deia egiten du «GIPUZKOA + : Eman bidea Osasuna eta Adostasunari» lelopean. Mobilizazio honen helburua GURASOSen bide orria babestu, erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da. Gizarte osoari dei egiten dio guztion artean adostutako irtenbide bat bilatzeko. Guztion erantzukizuna delako.

Manifestazioa azaroaren 26an izango da eta Donostiako Amara parketik (Plaza Centenario) abiatuko da arratsaldeko 5etan. Amaiera Alderdi Ederren izango da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago