
Teslak bere ibilgailu berriena aurkeztu du aste honetan. Oraingo honetan ez da auto elektrikoa, kamioi elektrikoa baizik. Tesla Semi izendatu dute kamioi berria. 40.000 kg garraiatu ditzake eta 800 km-ko autonomia izango du. Esan dutenaren arabera, gaur egungo kamioien parekoa izango da (potentzia, abiadura, azelerazioa,...), baina elektrikoa. Garbiagoa, alegia, eta baita merkeagoa ere (ez erosteko orduan, baina bai epe ertainera, aurrezten den erregai guztiarengatik). 2019an egongo dira salgai lehenengo unitateak. Kamioien eta garraio-sistemetan ere badatoz ibilgailu elektrikoak, beraz.
Film labur bat argitaratu du aste honetan Future of Life Institutuak arma autonomoen garapenaren arriskua bistaratzeko. Beldurra ematen du. Lehen begiratuan zientzia fikzioa dirudi, baina... zer gertatuko litzateke etorkizun distopiko eta aztoragarri hau uste baino hurrago bagenu? Bideoak zer pentsatua ematen du. Izan ere, urrats sendoak ari dira ematen arma autonomoen, robot hiltzaileen (eta, oro har, Adimen Artifizialaren) arloan.