Teknologia albisteak

Kamioi elektriko ahaltsua aurkeztu du Teslak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-11-23 : 09:19

Teslak bere ibilgailu berriena aurkeztu du aste honetan. Oraingo honetan ez da auto elektrikoa, kamioi elektrikoa baizik. Tesla Semi izendatu dute kamioi berria. 40.000 kg garraiatu ditzake eta 800 km-ko autonomia izango du. Esan dutenaren arabera, gaur egungo kamioien parekoa izango da (potentzia, abiadura, azelerazioa,...), baina elektrikoa. Garbiagoa, alegia, eta baita merkeagoa ere (ez erosteko orduan, baina bai epe ertainera, aurrezten den erregai guztiarengatik). 2019an egongo dira salgai lehenengo unitateak. Kamioien eta garraio-sistemetan ere badatoz ibilgailu elektrikoak, beraz.

Auto elektrikoen esparrua izugarri zabaldu da azken urte gutxiotan. Bada, badirudi kamioien txanda ere iritsi dela. Orain arte bazirudien ibilgailu astun eta handien eremuan zailagoa izango zela ibilgailu elektriko efiziente bat garatu ahal izatea, karga handiek potentzia handiagoa eskatzen dutelako eta, ondorioz, baita bateria izugarriak ere. Baina gutxinaka-gutxinaka baterien efizientziak handitzen jarraitzen du, eta ibilgailu elektrikoen efizientzia orokorrak ere bai. Azken belaunaldiko bateriak gero eta bizkorrago kargatzen dira eta gero eta gehiago irauten dute. 

Horren ondorioz, bateria elektrikoekin soilik funtzionatuko duen lehenengo kamioi handia laster izango da gure errepideetan. 2019rako iragarri dute Tesla Semi kamioia. 40.000 kg-ko karga garraiatzeko gauza izango da eta bere bateriak 800 km-ko autonomia izango du. Gainera, 30 minutuko karga nahikoa izango da bateriaren %80 kargatzeko eta, beraz, 600 km-ko autonomia lortzeko. Kamioi gehienen eguneroko jardunerako nahikoa eta sobera.

Kamioi hau ohikoak baino garestiagoa izango da (nahiz eta oraindik ez duten prezio zehatzik eman), baina 2 urtean 200.000 euro aurreztuko lirateke erregaitan, Teslaren arabera.

Elektrikoa izan arren, bere prestazioak kamioi arrunt batenak izango dira. Esate baterako, kargarik gabe 5 segunduan hartzen du 100 km/h-ko abiadura. Gainera, Tesla ibilgailuen gainontzeko ezaugarri berritzaileak ere izango ditu: autopilotaje funtzioak eta platooning funtzioa, besteak beste. 

Tesla ez da kamioi elektrikoen munduan lanean dagoen marka bakarra, jakina. Orain dela hilabete eskas aurkeztu zuen, esate baterako, Daimlerrek bere azkenengo prototipoa. Kontua da, Tesla askoz aurreratuago dagoela bere ibilgailuen eraginkortasunari dagokionez. Daimlerrek aurkeztutako prototipoak 350 km-ko autonomia dauka eta 11.000 kg-ko karga garraiatu dezake, Teslarenak baino nabarmen gutxiago. 

Hona hemen Tesla Semiren aurkezpena Elon Musk nagusiaren eskutik.

 

Erantzun

Sartu