Adimen emozionalarena beti iruditu zait susmagarri samarra niri, eta badakit honetan jende gehiena ez dela ados egongo nirekin. Baina tira, noa gaurko auzira. Kontua da oraintsu adimen artifizialaren (AA) inguruan zabaltzen ari den joera eta moldeetan, adimen emozionalarekin lotu daitekeen ukitu edo jite bat sartzen ari direla sistema horietan. Eta emaitzak, negargarritik oso arriskutsura egoteko bidean daude. AA sikofanteak sortu dituzte, koipelustreak esango dut nik. Eta potentzialki min asko emateko modukoak.
Lehenago, azalpena. Zer esan nahi du adimen emozianalaren jite hori AA sistemetan (nire aburuz)? Ba txatak eta abarrak halako ukitu gizatiar, beroago, emozionalago batez hornitzeko gogoa. Deliberatua dirudi, baina ez nago seguru. Bi adibide:
Trebatu dituzte tresnak lagunkoiak izan daitezen, eta marra gainditu dute. OpenAI berak onartu du ingelesez sikofantzia (sycophancy) esaten duten horretan lar saiatzen dela GPT 4-o bertsioa (albistea The Vergen eta OpenAI beraren oharra). Zer da sikofantzia? Losintxari izatea, diosku hiztegiak, baina ez nago seguru euskarazko forma horrekin; losintxa baino gehiago da hau, norbait larregizko lausenguz eta limurkeria faltsuz tratatzea da, beti arrazoia ematearekin bat. Eibarko berba bat da koipelustre: koipea ematen dizuten horiek deskribatzen ditu, lustrea ematen dielakoan. Gehiegizko afektazioa erakutsi beste batekin hizketan, nonbait hori dotore edo jatorra edo ona delakoan.
AA koipelustreak sortu dituzte beraz, erabiltzailea beti elkarrizketan limurtzeko eta bereganatzeko. AA beti azaltzen zaizu jator, beti txupiguai eta zure alde, ze ondo galdetzen duzun, oso interesgarria planteatzen didazuna, bai, nik lagunduko dizut erantzun zuzenak ematen saiatzen zure eskaera eta itaun sakonei...
Ukitu humanoa emango balu bezala horrek, koipelustre sikofante batek bezala jarduteak.
Kontua da honek ondorioak dituela. Ez da txantxetarakoa. Rolling Stone aldizkariak erreportaia sakona atera berri du nola jendea burua galtzen ari den AA txatekin. Berriketan hasi, eta batzuk iritsi dira pentsatzera AA horrekin konexio mental mistiko goren bat dutela. AAk sinestarazten die "jainkoak" direla beraiekin konektatzen direnak, beti arrazoi eta laudorioak emateko moduarekin...
Beste istorio WTF bat. Gizon bat epaitu dute AEBetan Christopher Pelkey izeneko beste gizon bat hiltzeagatik. Biktimaren arrebak, epaitegiaren baimenarekin, bere anaia hilaren bideo bat sortu du AA-z, eta epaian ikusi zuten. Besteak beste, zera dio berregiketa 'cringe' horrek: "Zera esango diot Gabriel Horcasitas-i, tiro egin zidanari, tamala da nola elkartu ginen zirkunstantzia haietan. Beste bizitza batean lagun ere izango ginen agian. Barkamenean sinesten dut, Jainkoaren barkamnenean, beti. Eta beti sinetsiko dut".
Eta emaitza? epaileak sentimenduen sakontasuna goraipatu zuen, eta akusatuaren defentsak ere nabarmendu zuen barkabera eta bihotz-zabal agertu zela AA-z sortutako abatarra, eta beraz zigorrean arin jokatzeko eskatu zuen. Hiltzailea erruduntzat jo dute, eta 10 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio epaileak.
Beste garapen "emozional" negargarri bat: Instagram-eko AA lagunak. Berriki esan du Mark Zuckerberg Metako buruak (Whatsapp, Instagram eta Facebooken jabeak) estatubatuar bakoitzak 3 lagun bakarrik dituela ohikoan, eta berak AA bidez sortutako abatarrekin 15 izan ditzaten nahi duen. Ez da etorkizunerako egitasmo bat: Instagramen AA bidez sortutako abatarren lagun edo jarraitzaile bihur zaitezke, eta haiekin interaktuatu. Eta zer eskaintzen dute lagun artifizial horiek? Terapia psikologikoa!!! Eta galdetzen diozu halako bati ea psikologo baimendu lizentziaduna den, eta baietz, noski, lizentzia zenbaki eta kredentzial faltsuak ere emango dizkizute.
Eta ez da bakarrik Instagramen, terapia mental artifiziala gora eta gora ari da, eta jende gaztea ari da halakoetan kateatzen, ez bereziki garatuetakoan, baita ChatGPT ohikoetan.
Irudian, TheMind_ai, adimen artifizialeko terapia app batek, Instagramen duen profila.
Erantzun
Sartu