
Sareko konexioaren testak egiten ditu Speedtest webguneak, eta test horien ondorioz argitaratzen du hilero Speedtest Global Index delakoa. Mundu osoko konexio-abiadura neurtu eta laburbiltzen du indize horietan. 2017ko ondorioak ere atera ditu: azken urtean %30 hazi da, batez beste, mundu osoko konexioen abiadura. 40 Mbps-eko abiadura gainditu da lehenengoz (mundu osoko konexioen batez bestekoa) konexio arruntetan, eta 20 Mbps-eko abiadura konexio mobiletan. Singapurek dauka munduko konexiorik onena (154 Mbps) eta Algeriak txarrena (3,8 Mbps). Euskaldunok zerrendaren erdi-goi mailan gaude, Europako eta Asiako hainbat herrialderen atzetik, baina mundu osoko batez bestekotik gora, espero zitekeenez.