
Euskal Herriko sortzaileen sareko katalogoa aurkeztu zuten atzo iluntzean Andoainen: Sortzaileak.eus. Zazpi kultur esparrutan banatutako informazioa jasotzen du plataformak: literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, bertsolaritza eta musika. Gotzon Barandiaran kultur eragilea da proiektuaren gidaria eta Berriak emandako beka bati esker burutu da egitasmoa.
Denboraldi bateko atseden eta hausnarketa-fasearen ondoren, berrindartuta itzuliko da Kanaldude hedabide nafarra. Gune berritua, etengabeko jarioa, sorkuntzak bultzatzeko deialdia...! Garai berri bat idekitzen da Kanalduderentzat. Gaur iluntzean egingo dute aurkezpena zuzeneko emanaldi baten bidez, Kanaldude.eus webgunearen bitartez eta baita Facebooken ere.
Gizakiak ederki erakutsi du zein ona den basoak soiltzen. Deforestazioa da une honetan gure planetak daukan arazo larrienetako bat. Milaka eta milaka hektarea baso desagertzen dira urtero-urtero. Basoak berreskuratzeko modu berriak aztertzen hasi dira, horien artean droneak erabiltzea zuhaitzak landatzeko. Merkeagoa, bizkorragoa, eraginkorragoa. Droneak ari dira erakusten gizakiek baino hobeto egin dezaketela lan hori.
Euskal komikien datutegi berria izan nahi du Komikipediak. Euskaraz argitaratzen diren komikiak bildu eta ikusgai jartzeko plataforma berria. Asmoaren bultzatzaile nagusia Iñaki Otamendi Andoaingo komikizalea da. "Euskaraz komikien alorrean dagoen eskaintza guzti hori ezagutarazteko asmoa du Komikipediak. Hasiera batean azken hamarkadetan argitaratu diren komiki albumak zerrendatu nahi ditugu, eta album bakoitzak aukera emango digu autoreak, argitaletxeak, itzultzaileak... hobeto ezagutzeko".