Teknologia albisteak

Komikipedia.eus sareratu dute, euskarazko komikien datutegia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-31 : 08:54

Euskal komikien datutegi berria izan nahi du Komikipediak. Euskaraz argitaratzen diren komikiak bildu eta ikusgai jartzeko plataforma berria. Asmoaren bultzatzaile nagusia Iñaki Otamendi Andoaingo komikizalea da. "Euskaraz komikien alorrean dagoen eskaintza guzti hori ezagutarazteko asmoa du Komikipediak. Hasiera batean azken hamarkadetan argitaratu diren komiki albumak zerrendatu nahi ditugu, eta album bakoitzak aukera emango digu autoreak, argitaletxeak, itzultzaileak... hobeto ezagutzeko". 

MediaWiki softwarea ezagunaren bitartez, pixkanaka euskaraz argitaratu eta argitaratzen diren komiki eta autore guztien fitxak osatu nahi ditu, beste herrialde batzuetan egiten den antzera (esate baterako, Frantziako Bedetheque edo Herbeheretako Lambiek Comiclopedia).

Komikipediatik bertatik hartu dugu ondorengo aurkezpen testua:

"Euskaraz komikien alorrean dagoen eskaintza guzti hori ezagutarazteko asmoa du Komikipediak. Hasiera batean azken hamarkadetan argitaratu diren komiki albumak zerrendatu nahi ditugu, eta album bakoitzak aukera emango digu autoreak, argitaletxeak, itzultzaileak... hobeto ezagutzeko. Etorkizunean, komikiaren inguruko Jardunaldi, Azoka,Lehiaketa, Dokumentazio Gune eta beste ekimen batzuei buruzko informazioa gehitzen joango gara.

Komikiaren mundua ikusgarria bada, euskarazko komikia ikusgarri egin dezagun bada!

Eta guzti hau komikizaleon arteko elkarlanari esker egin dezakegu, Wiki honetarako eduki berriak sortuz eta dagoen informazioa osatuz edo akatsak zuzenduz.

Gurekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi komikipedia(abildua)gmail.com helbidera".

 

Erantzun

Sartu