Teknologia albisteak

Kanaldude berritua aurkeztuko da gaur iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-01 : 13:28

Denboraldi bateko atseden eta hausnarketa-fasearen ondoren, berrindartuta itzuliko da Kanaldude hedabide nafarra. Gune berritua, etengabeko jarioa, sorkuntzak bultzatzeko deialdia...! Garai berri bat idekitzen da Kanalduderentzat. Gaur iluntzean egingo dute aurkezpena zuzeneko emanaldi baten bidez, Kanaldude.eus webgunearen bitartez eta baita Facebooken ere.

Kanaldude berrituta eta berrindartuta itzuliko da. Egoitza Bidarrain (Nafarroa Beherea) duen hedabideak emankizun berezia eskainiko du gaur arrastirian egitasmo berria aurkezteko. Egoitza berria, webgune berritua, zuzeneko telebista emankizunak,... Azkenaldian bideoak nahieran bakarrik begiratzen ahal baziren, gaurtik goiti pario bat bultzatzen du jario bat eskainiz. Egunero hitzorduak, saio berriak, erreportaiak, ohiturazko emankizunak ere gozatzen ahalko dira.

Jarioa web-telebistaren indar nagusia izanen da, baina emankizunak berantago ere begiratzen ahalko dira, orain arte bezala, nahieran.

Proiektu hau behar bezala abia dadin, emankizun berezi bat prestatu dute. Gaur 19:00etan, zuzenean. Telebistak 20 urtez ukan duen ibilbidea aurkeztuko dute, eta etorkizunari begira jarriko. Laguntzaileak eta langileak emankizun honen aktore izanen dira eta programa berrien bultzatzaileek emankizun hauek aurkeztuko dizkizuete, umore onean. Bidarrain kokatua den egoitza berriaren bisita gidatua ere eginen dute, ekoizpenetan ageri ez den aldea ikusteko.

Emankizuna www.kanaldude.eus webgunetik ikusten ahalko da, baita facebooketik ere.

Allande Etxeberrik, arduradunetako batek, azalpen gehiago eman ditu gaur bertan Iparraldeko Hitzan: "Telebista jario bat sortuko dugu. Egun osoan ez, baina 06:00etatik 23:00 arte eman nahi dugu. Bitartean, jendeak jarraitu ahalko du gure Interneteko gunean bideoak banaka ikusten. Taldea handitu dugu, eta ekoizpena hobetu. Beraz, jarioan eta kalitatean sumatuko du ikusleak. (Gaur) bertan saio berezia egingo dugu jario hori abiatzeko: Kanalduderen historia kontatuko dugu, orain zertan garen azalduko dugu, eta nora joateko asmoa dugun. Saio berriak aurkeztuko ditugu, haien bultzatzailen laguntzaz".

 

Erantzun

Sartu