Teknologia albisteak

Drone bidez zuhaitzak landatzen, deforestazioari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-01 : 10:43

Gizakiak ederki erakutsi du zein ona den basoak soiltzen. Deforestazioa da une honetan gure planetak daukan arazo larrienetako bat. Milaka eta milaka hektarea baso desagertzen dira urtero-urtero. Basoak berreskuratzeko modu berriak aztertzen hasi dira, horien artean droneak erabiltzea zuhaitzak landatzeko. Merkeagoa, bizkorragoa, eraginkorragoa. Droneak ari dira erakusten gizakiek baino hobeto egin dezaketela lan hori. 

Urtero-urtero, batez beste, 6.000 milioi zuhaitz gutxiago dago gure planetan. Futbol-zelaitan nahi baduzu neurria, hara: minuturo 48 futbol-zelairen neurriko basoak galtzen dira munduan. Minuturo.

Oihan-galtzea izugarrizko arazo ari da bilakatzen munduko hainbat herrialdetan. Berotze-globalak are larriago egin dezake egoera datozen urteotan, eta munduko hainbat eskualde basamortu bihurtzeko arriskua handia da. Horri aurre egiteko modu zuzen eta eraginkorretako bat drone berezi batzuk izan daitezke. 

Dagoeneko zenbait enpresa ari dira probak egiten, emaitza onekin, gainera. Australia aldea egin dituzte zenbait proba, adibidez; baita Oregonen ere (AEB). Egindako probak argigarriak dira oso: droneak askoz bizkorragoak eta eraginkorragoak dira, eta gizakia nekez iristen den tokietaraino ere iristen dira. Batez beste, diote, zuhaitzak eskuz landatzea baino 10 aldiz azkarragoa da drone bidez landatzea; eta %20 merkeagoa. Drone hauek 300 hazi-kapsula eraman ditzake eta 19 minutu behar dituzte hektarea oso bat landatzeko.

Orain, betiko zalantza geratuko zaigu: zer zuhaitz landatzeko erabiliko dituzte drone hauek? Izan ere, nekazaritzarako edo egurretarako landaketak egiten badira..., arazoak bere horretan jarraituko baitu.  

Erantzun

Sartu