Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada galantak ematen.
Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak Bilboko Merkataritza Ganberak antolaturiko hitzaldi batean esan berri duenez, euskarazko gure hezkuntza-eredua «oso mugatzaile garrantzitsua» da atzerriko profesionalak erakartzeko, alegia, euskarazko hezkuntza oztopo dela atzerriko talentua hona ekartzeko. Gurera aldi baterako datorren jendearentzat, ingelesezko hezkuntza «eskuragarri» izatea ere eskatu du.
Arriola jaunak zehatzago hauxe esan du, hitzez hitz:
«Poloniar bat etortzen bazaigu eta hemen bost urte egin behar baditu, akaso, buruan ez zaio sartuko bere seme-alabak euskara ikasi behar izatea. Garrantzitsua da hori bateragarri egitea euskara guztiz zentrala duen gure hezkuntza-ereduarekin. Gai serioa da. Seme-alabak dira garrantzitsuena. Seguruenik, ingelesezko hezkuntza izan beharko genuke eskuragarri kanpotik datorren jendearentzat, aldi baterako datorrenarentzat. Oso mugatzaile garrantzitsua da».
«Es importante compatibilizar nuestro modelo de educación con el euskera como lengua vehicular con que si viene un polaco y va a estar aquí cinco años, igual no le cuadra que sus hijos estudien euskera. Es un tema serio. Los hijos son lo más importante. Tienes que tener una educación seguramente en inglés suficientemente accesible para gente que viene de fuera, que viene para un periodo. Es un limitante muy importante».
Anton Arriolaren adierazpenek gaitzespen katea ekarri dute Euskal Herriko gizarte eragileengandik baina Arriola jaunak, atzera egitetik urruti, bereari eutsi dio Kutxabankeko langileei hitzalditik astebetera bidali dien mezu pertsonalean, Confebask euskal enpresarien elkartea eta Euskadiko hainbat eragile ekonomiko iritzi berekoak direla esanez.
Euskal Herriko talentua
Gogoz eta jakitez gure historiako gazteriarik jantziena, prestatuena eta euskaldunena dugu. Euskararen historian ez da sekula izan horrenbeste ingeniari euskaldun metro kuadroko. Euskal Herriko enpresek, ordea, talentu horri ihes egiten uzten diote. Zehatzago esanda: talentu hori uxatu egiten dute.
Jar ditzagun adibide zehatzak gure gazteriarekin zer gertatzen ari den ulertzeko: joan gaitezen Gipuzkoako Goierri eskualdeko Beasaingo udalerrira. Bertan trengintzako Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) lantegia daukagu, «fabrika haundie» goierritarrentzat, 1917an sortua eta Euskal Herriko industriaren eredu omen duguna. Anton Arriola lemazain duen Kutxabank diru-etxeak CAF enpresako kapitalaren % 13,231 dauka, hori dirutan 155 milio euro dira (2024ko abenduan). Eusko Jaurlaritzak ere, Finkatuz funtsaren diru publikoarekin erositako lantegiko kapitalaren % 3 du (35 milioi euro).
Gaur egun, CAFek bere historiako diru irabazirik handienak ditu baina CAFeko ELA euskal langileen sindikatutik diotenez, soldata arrakala handiak daude Beasaingo Fabrika Haundiko eta CAF taldeko enpresetan lanean dabiltzan langileen artean. CAF taldeko enpresetan estreinakoz lanean hasten diren ingeniari gazteei ez zaie ordaintzen ingeniariaren kategoria profesionalari dagokion soldata, izan ere, CAFek azpi-mailak sortu ditu laneratzen dituen ingeniari gazteei gutxiago ordaintzeko. Urtean 20.000 euroko soldata daukaten ingeniari gazteak omen dabiltza lanean CAF taldeko enpresetan. Horrela, bizitza proiektua eraiki behar duten garaian gure gazte euskaldun talentudunak larre motzean jartzen ditu soldata politika horrek. Diru-sarreren egoera itogarri hori gaur egungo gazteriak etxebizitza lortzeko daukan arazoarekin uztartzen bada, Goierriko gazte askok hartu duten bideari lotzea beste erremediorik ez dago: Euskal Herritik kanpo soldata hobeak dituzten lan aukerak aurkitzea. Makina bat dira Madril aldera eta Europako hainbat herrialdetara lanera joandako gazte euskaldun goierritarrak. EUSTAT Euskal Estatistika Insitituak emandako datuen arabera, 2020. urtean Euskaditik kanpora bitzitzera joandakoetatik % 45, 14.147 lagun, 21 eta 39 urteko gazteak ziren. Horietatik % 59 Espainiako Estatura —bereziki Gaztela-Leon eta Madrilera— eta % 41 atzerrira joan ziren —bereziki Alemania, Erresuma Batua eta Amerikako Estatu Batuetara—.
Lanera Euskal Herritik kanpora joaten diren gazte horien paraderoa asmatzea ez da zaila: lanean hasten diren hirian, bikotekidea ezagutuko dute eta lanaren eta maitasunaren arteko lokarri estu horrek etxetik urruti dagoen hiri horretara lotuko ditu, eta sarritan, ondoren etorriko diren seme-alaben kariaz, bizitza osorako. Horrela, bizitza proiektua Euskal Herrian eraiki ezin duten gazte euskaldun horiek galdu egiten ditugu euskararen herrigintzarako.
Gure gazteek soldatarekin ez ezik etxebitzarekin ere zorigaitza eta lazeria bizi dute. Beasaingo gazte talentudunek, Euskal Herriko beste hainbat tokitakoek bezalaxe, ezin dute etxebizitzarik lortu herrian bere bizitza proiektua eraikitzeko baina Beasaingo Udalak, harrigarriki, CAF enpresarekin eta Goierriko beste lau enpresekin elkarlanean, «Talentuen Faktoria» egitasmoa aurkeztu berri du atzerriko talentu profesionalari bizitokia emateko. Talentuen Faktoriak, 2026an, 35 apartamentu eraikitzeari ekingo dio kanpoko talentu horri Beasainen bizitzeko tokia emateko. Beasaingo Udalak «proiektu estrategikotzat» dauka eta azken hamarkadako diru inbertsiorik handiena egin behar du Talentuen Faktoria hori aurrera ateratzeko.
Euskal Herriko industriaren eredu gisa goraipatu diren CAF bezalako lantegiek darraiten politika argia da: Euskal Herriko euskarazko hezkuntza sistematik sortzen den gure gazteen jakintza eta talentuari muzin eginez, soldata txikiagoa ordainduz talentua atzerritik ekartzea, batik bat, hemengoak baino soldata txikiagoak dituzten herrialdeetako profesionalak erakarriz.
Baina gure gazteriarekin gertatzen ari dena ez da mugatzen industria arlora bakarrik, beste hainbat arlotan ere kontuak gisa berekoak dira. Jar dezagun orain osasun arloko adibidea: Osakidetzak duen mediku beharra asetzeko ez omen dago nahikoa mediku euskaldunik gure gazteen artean eta Eusko Jaurlaritzatik afanean dabiltza mediku horiek kanpotik ekartzeko. Oraintsu kalapita ederra sortuta dago Auzitegi Gorenak atzerriko tituluen homologazioa egiteko eskumena baliogabetu duelako eta Eusko Jaurlaritzak ezin izango duelako titulurik homologatu atzerriko medikuak Osakidetzara ekartzeko. Baina, beste alde batetik, urtero, batez beste, gurean hazi eta hezitako 100 mediku inguruk eskatzen diote Medikuen Elkargoari atzerrira lanera joateko egiaztagiria. Frantzia, Erresuma Batua eta Irlanda dira lanerako gehien aukeratzen dituzten herrialdeak. Mediku hauek atzerrira joateko dituzten arrazoi nagusien artean, gehienetan, lan baldintza eta soldata hobeak daude.
Gorka Maiz Familia Medikuen Osatzen Euskal Elkartearen presidenteak dioenez, Euskal Herrian ez omen ditugu sekula horrenbeste familia-mediku izan. Maizen hitzetan, «Kontua ez da nahikoa mediku ote dagoen, Osakidetzaren lan baldintzak eta soldatak baizik. Lan antolaketa da arazoa eta ez medikuntzako profesionalen falta».
Euskal Herriko lan-erakundeetatik bertako gazte euskaldun talentudunak Euskal Herritik uxatzen badizkigute eta kanpotik ekarritako profesional erdaldunekin ordezkatzen badituzte, euskararen hiztun komunitatea odolustu egingo zaigu eta euskararen normalizazioan, ezinbestean, atzeraka egingo dugu. Euskarak traba egiten die. Hortik bihurtu dute makila guztien zahagia.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)
Erantzun
Sartu