Hizkuntza menderatzaileak hizkuntza ahulagoa erabat menderatuta daukanean, hiztunen katea aspalditik etenda dagoenean, eta azkeneko belaunaldiak hizkuntza menderatzailearen bidez komunikatzen direnean, hizkuntzakeriak ukatu egingo du lurralde horretan sekula beste hizkuntzarik izan denik. Nafarroan gertatzen zaigu hori. Espainiako hizkuntzakeriatik ukatu egiten dute Nafarroako Erriberan gaztelania ez den beste hizkuntzarik sekula izan denik. Espainiako hizkuntzakeriarentzat Nafarroako «eremu erdalduneko» berezko hizkuntza bakarra gaztelania da, eta hor ez omen da euskararik sekula izan.
Iruñean dagoen Nafarroako Errege Artxibo Nagusian zabaldu berri duten Navarrorum erakusketak, erromatarren garaitik aurrera jasotako 36 dokumentu historikoen bidez, zalantza izpirik ez du uzten nafarren euskalduntasunaz. Erdi Aroan, Ameriketako kolonizazioa hasi aurretik, Nafarroa osoan ez ezik, Nafarroatik kanpo ere komunikaziorako hizkuntza nagusia zen euskara. Garai hartan, Errioxa eta Burgosko mugetan barrena hitz egiten zen euskara, eta Huesca eta Lleidaraino ere iritsita zegoen orduko nafarren Lingua Navarrorum. XVI. mendean, Errenazimentuan, nafarren % 80 euskaraz mintzo zen eta nafarren erdiek ez zekiten gaztelaniarik.
Hizkuntzakeriaren ukazio hori beldur baten ondorio da: Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriatik beldur dira Araban gertatutakoa Nafarroan ere gertatuko den. Araban, Francoren diktadura garaiko arabarrek, euskara aurreko belaunaldietan galduta zeukaten ordurako, baina, ezpainetan euskararik ez bazuten ere, bihotzean bai, ordea. Euskararendako diktadura ukatzaile eta zapaltzaile hura amaitutakoan, arabarrei euskara sustatzeko bidea eman zaienean, beraien baitan erabat iraungi gabe zeukaten euskal senaren txingarretik, euskalduntasunaren berpizkundea gertatu da Araba osoan. Gaur egungo Araban euskara belaunaldi gazteena da. Horrela kontatu digu Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak: «Soldadutzatik etorri berritan —azken tontolapikoetako bat izan nintzen— Arabako Ikastolen Elkarteak lan zoragarri bat eskaini zidan. Hari esker, Arabako hainbat herritako ikastoletan bertsolaritza irakasten aritu nintzen: Legutio, Gasteizko bi, Kanpezu, Agurain, Lapuebla Labarka, Bastida, Lantziego eta Oion. Askoren begietan lur arrotzak ziren euskararentzat. Arabako Errioxan bereziki, aldeko sentsibilitatea zeukatenek ere ez zuten euskararik mintzo. Aitzindari batzuek ereindako haziari esker, gaur egungo ikasle askok eta askok guraso euskaldunak dituzte. Duela pare bat hilabete izan nintzen bertan, pilota emankizun baten karietara. Beste hainbat haurren artean —ia denak euskaraz ari ziren— hiruzpalau urteko neskatxa bat ari zen pilotan, zaharragoetatik bereiz. Ni begira ikusi ninduenean, “¿juegas?” galdetu zidan. “Noski, baina nik euskaraz badakit, e!” erantzun nion. Neskatikoaren epaiak zur eta lur utzi ninduen: “A, bai? Eske zaharra zara!”. Alegia, Lantziegoko errealitatean zaharrak erdararekin eta gazteak euskararekin lotzen dituzte».
Baina, Araban euskarak izan duen berpizkundea harrigarria baldin bada, munduaren luze-zabalean beste inon ez bezalakoa izan da Trebiñukoa. Gaztela eta Leon Erkidegoaren eta Burgosko probintziaren gobernupean dago Trebiñu, euskara ofiziala ez den lurraldean eta euskalduntasunaren aurkako jarrera duen gobernu baten agintepean. Eta, berrehun urtez euskara hilik izan eta gero, azken 40 urteotan herritarren ekimen soilarekin eta gobernuaren inolako laguntzarik gabe, ez sinesteko emaitzak lortu dituzte Trebiñuko barrendegian: euskaraz mintzatzeko gaitasuna duten herritarrak % 22 dira gaur egun eta euskara ulertzen dutenak, berriz, % 17. Trebiñuk, euskara berreskuratzeko bide horretan, Gaztela eta Leongo agintarien aldetik laguntzarik txikiena izan ez badu ere, Nafarroak pairatzen duen hizkuntzakeriarik ez du izan; ez, behintzat, neurri eta dimentsio horretan.
2. Orainaren ukazioa
Hizkuntzakeriak berezko hizkuntzaren ukaziorako daukan beste estrategia bat hiztunen hizkuntza eskubideena da. Hizkuntza ez omen da inongo eskubideren jabe. Hizkuntzakeriatik diotenez, eskubideen jabe diren bakarrak hiztunak omen dira, herritarrak, alegia. Kontua da, horrela, hizkuntza galdu duten hiztunek ez dutela hizkuntza eskubiderik, hizkuntzaren jabe ez direlako. Alegia, hizkuntzakeriaren ikuspegitik, eskubideduna izateko, aldez aurretik bete beharreko baldintza bat dago: hizkuntza jakitea. Modu honetara, Nafarroako «eremu erdaldunean» belaunaldiz belaunaldiko katean euskara galdu duten nafarrek ez dute hizkuntza eskubiderik euskararik ez dakitelako. Beraz, hizkuntzakeriaren arrazoibidetik hizkuntzarik ez dakienak, ez du hizkuntza eskubiderik, horregatik, nafarroako «eremu erdaldunean» hizkuntzakeriak ez du euskara ofiziala egin, ez dakienari eskubiderik aitortzeko beharrik ez dagoelako. Baina, hizkuntzakeriaren arrazoibidea erabat hankamotza da, izan ere, hizkuntza ez da norbanakoarena bakarrik, hizkuntza zerbait bada, komunikazio ekintza da eta, ekintza horretan, hiztun batek baino gehiagok esku hartzen du. Gizatalde batek egina da hizkuntza. Hizkuntza elkarrekintza kolektiboa da, hiztunek elkarrekin elkarbanatzen dituzten kultur erreferentzien gainean eraikia. Eta nafarren herria eskubideduna baldin bada, eskubide kolektibo batzuk aitortzen zaizkiolako —eta hala aitortzen zaizkio herri eskubide horiek Nafarroari— euskararen hiztun-herriari ere bere aitortza zor zaio herritarrez osatutako kolektiboa den aldetik. Baina, hizkuntzakeriatik eskubide horiek ukatu egiten dira eskubideen edukitzaile bakarra hiztuna dela esanda. Arrazoibide horretatik ere huts egiten du hizkuntzakeriak, izan ere, eskubideak, tartean herritar bakarra baldin badago ere, babestu beharrekoak dira herri-erakundeen aldetik eta Nafarroako «eremu erdaldunean», oraindik orain eta orain bertan, badira euskararen hiztun bat baino gehiago. Hizkuntzakeriaren gaitzak jotako herri-erakundeek, Nafarroakoak kasu, hizkuntza zapalkuntzari begi-belarriak ixten dizkiote bertako eta berezko hizkuntzari eta hiztunei kalte egiteko.
3. Etorkizunaren ukazioa
Hizkuntza menderatuak izandako zapalkuntza eta bidegabekeriak oso nabarmenak direnean, berriz, hizkuntzakeriatik, onenean, halakorik gertatu dela onartuko dute aho txikiarekin; baina, gertatua gertatuta dagoela, eta, aurrera egiteko, kontuak bere horretan uztea dela onena esango digute. Alegia, egindako okerrak ez duela itzulbiderik eta ez dagoela ezer egiterik egindako okerra konpontzeko. Azken batean, gizateriaren historia hildako hizkuntzez beteta dagoela azpimarratuko digute hizkuntzakeriatik eta latinaren adibidea jarriko digute. Hau da, gaztelania nagusitu baldin bada herritarren mintzo gisa, konponbiderik ez dagoela esango dute hizkuntzakeriatik, euskara hilda eta galduta dagoelako herritar horien artean. Baina hori lan-istripuek konponbiderik ez dutela esatea bezalakoxea da: lan istripuz hildako langileak ezin direla berpiztu eta bakean uzteko. Alegia, lan-istripuan hildakoak hilda daudelako, segurtasun neurri gehiago hartzea alferrikakoa dela esatea bezalakoxea da. Hildako langileei begiratu beharrean, bizirik daudenei begiratu behar zaie eta hizkuntza kontuetan gauza bera: hizkuntza bat biziberritzeko belaunaldi berriei begiratu behar zaie, eta belaunez belauneko hizkuntza sorberritzeari begirako lanari lotzea da etorkizuna irabazteko bidea, Araban egin duten bezalaxe.
Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak.
Erantzun
Sartu