Teknologia albisteak

Metaren irizpide berriak: bazterkeria libre Instagram eta Facebooken

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 09:01

Metak bere moderazio politikak eta irizpideak irauli ditu Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko bezperatan. Fact checker edo egiaztatzaile zerbitzuak etengo dituzte, eta komunitatearen oharrak jarri horren ordez (X/Twitterren bezala), eta aldi berean "adierazpen askatasuna" hedatuko dute, "zentsura" gutxitzeko. Adibide bat, zertaz ari garen ondo ulertzeko: baimenduta egongo dira "anormalitatea edo gaixotasun mentala egoztea generoaren eta sexu orientazioaren arabera, transgenerismoaren eta homosexualitatearen inguruko diskurtso politiko eta erlijioso baten kontestuan". Homofobia eta transfobia baimentzeko modu esplizitua, aplikagarri Metaren plataformetan, Facebook, Instagram eta Whatsappen alegia.

Atzo egin zituen iragarpen hauek Metak, Mark Zuckerbergek berak publiko egindako mezu baten bidez (beherago duzue itsatsita). Inmigrazioan edo genero identitatearen kontuetan eztabaida gehiago zabalduko zela esan zuen Zuckerbergek, mainstream den diskurtso politikoarekin alineatuz gehiago.

Esan eta egin. Berehala ezarri da politika berria gaur bertab Metak publiko egin duen gorroto-mezuen gaineko irizpideen dokumentuan, gaurko data duen bertsioan. Aurreko bertsioekin alderatuta, irakurketa egin dutenen arabera, desagertu dira debekatutako hizkuntza moldeetatik honakoak:

  • Emakumeei buruz hitz egitea, etxetresnak edo jabego balira bezala.
  • Trans pertsonak edo ez bitarrak aipatzean, ingelesezko 'it' izenordaina (ez-bizidunentzakoa, objektuentzakoa) erabiltzea.

Hau da, horiek lehen debekatuta zeuden. Gaurdanik, jada ez.

Bazterkeria guztiei bidea libre, keria eta fobia guztiez hitz egitea libre ofizialki .

A, eta Metak milioi bat dolar emango dizkio (beste enpresa batzuek bezala) Donald Trump-en "inaugurazio fondoari", hau da, bere kargu-hartzeko ospakizunak antolatzeko batzordeari. Baina ez pentsa hainbeste denik ere, Zuckerbergek bideo horretan duen erlojuak horixe balio du doi-doi, ia milioi bat dolar, albisteen arabera.

Erantzun

Sartu