Teknologia albisteak

Brunet donostiarraren 19. mendeko argazkiak Wikipediara, Photoscan tresnari esker

Erabiltzailearen aurpegia
2022-09-20 : 12:16

Photoscan (edo Fotoscan, bi idazkerak erabiltzen baititu Googlek, bere garatzaileak) mugikorreko aplikazio bat da paperean inprimatutako argazkiak digitalizatzeko. 2016an aurkeztu zenean deskribatu genuen nola zebilen Sustatun. Asteburuan beste erabilpen batekin test bat egin dut: erakusketa batean paretean jarritako argazki erreprodukzioak. Horiek digitalizatzeko ere oso praktikoa da. Bide batez, Jose Brunet argazkilari donostiarraren fondoa ezagutu dut asteburuan, eta haren argazki batzuk Wikipediara igo ditut.

Lehenbizi, gogora dezagun nola dabilen Photoscan. Instalatu aplikazioa, eta argazki bat mahaigain batean duzunean, ireki eta apuntatu: argazki moduko bat egingo dio aplikazioak, eta baliteke beheko irudi honetan bezaka, flash-argitasun handi bat agertzea lehen bistadizoan:

Lasai, flash-argitasuna kentzeko metodoa jarraian dator, lau biribil zuri agertuko zaizkizu interfazean, eta zentroko biribil huts bat bakoitzaren gainean jarri behar duzu; lau ertz edo biribilak kendutakoan, argazki digital nahiko txukuna izan ohi da emaitza (ertzak berkalkulatzeko urrats gehigarri bat ere aplika daiteke).

Honela digitalizatu dut duela 20 urteko argazki bat, Sustatu egiten duen CodeSyntax-eko lankide parea eta beste lagun batzuk ageri dira hemen, 2002ko Software Libreari Buruzko II. Euskal Mintegian (albistea Sustatun orduan, argazkiak orain Wikipediarako erabilgarri).

Ba paperezkoaz gain... erakusketa bateko hormako argazkiak, kartelak eta margoak ere modu berean txukun digitalizatu daitezke Photoscan erabilita.

Aukera polita izan dut horretarako Donostian dagoen Jose Brunet argazkilariaren erakusketarekin. 19. mendeko aberats eta argazkilari donostiar bat izan zen Jose Brunet Bermingham, 19. mendeko Donostiako eta Gipuzkoako irudi bakan askoren lekuko dena orain.

Ikusi nuen argazki hauetarik eta argazkilariaz berataz ez zegoela apenas ezer Wikipedian, eta irudi batzuk digitalizatu zitezkeela pentsatu nuen. Brunet plaken eta erreprodukzioen fondoa Nafarroako Artxiboan dago egun, baina ez dago bilduma digitalik Interneten. Norberak, ordea, argazkiak atera dieaziozkioke inon ikusten baititu, egilea 1891ean hil zelarik, honezkero irudien gaineko copyright-ik ez dagoelako. Adibide gisa hemen, artikuluko irudi nagusia goian, Donostiako Loretopen Miramar jauregia eraiki aurretik zegoen dorrea, Danborra esaten ziotena.

Eta hemen behean, Hernaniko urketari batzuk, desagertua den iturri batean. Hauek jada igota daude Wikipedia Commons-eko dagokion kategoriara, Commons baita Wikipedian guztietan (euskarazkoan zein besteetan) argazkiak berrerabiltzeko plataforma.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago