Teknologia albisteak
1

Egunkariaren 30 urteak, Egunero simulakroaren 30 urteak

Erabiltzailearen aurpegia
2020-12-06 : 11:35

Gaur dira 30 urte Euskaldunon Egunkaria jaio zela. Urtemuga biribil honetan Berriak gaur artikulu sorta interesgarria dakar. Durangoko Azokaren lehen eguna 6ko hau suertatu zen 1990 hartan, eta gauzak oroitzeko eguna dugunez, Egunkaria aurkeztu zen egunean aurkeztu zen beste kontu bat ere oroitu nahi dut gaur: Egunero egunkari proiektua.

 

Egunkariaren sorrerako argazki zaharrak ere badatoz gaurko Berriaren alean. Horietako batean banago neu, Luis Fernandez, kazetari gazte bat orduan (Luistxo umetako izena geroago hasi nintzen berreskuratzen, Internetera salto egindakoan). Bezperako emozio eta parrandaren ondoren, abenduaren 6ko goiza Durangoko Azokan igaro nuela gogoratzen naiz. Pre-Landako garaiak ziren. Anedokta hau kontatu dut lehenago, baina tira, berriro ere.

1990eko abenduaren 6 hartan, Eusko Jaurlaritzak ekimen inportante bat aurkeztu zuen Durangoko Azokan. Erakusmahaia bazegoen, eta aleak banatu ziren, Egunero egunkari publiko posibklearen kontra-proiektuarenak. Euskadi Irratiak kazetari praktikante bat zeukan Durangoko Azokan, eta instrukzioak jaso zituen Irratitik galdeketa egiteko Azokako bisitariei: ea zer iruditzen zitzaien Egunero. Horixe da egia, kazetari hura agurtu nuenean lotsatuta azaldu zidana: Euskadi Irratiak zer galdetu zuen Durangoko Azokako kale-inkesta hartan, Euskaldunon Egunkaria jaio zen goizean, 1990eko abenduaren 6an; ea zer iruditzen zitzaion jendeari Egunero.

Joseba Arregi zen EJko Kultura Sailburua urte haietan eta amorru handia zion gizonak Egunkariaren egitasmoari. Harrezkero, bere amorrua baretu barik, abertzaletasun eta euskaltzaletasun osora hedatu dela iruditzen zait, eta Espainiako Erregeari bibaka ikusi dut azkenengoz bideo fantastiko batean.

Urte eta erdi gutxienez iraun zuen Arregik inposatutako boikotak, gaurko Berrian bertan irakur daitekeenez.

Irrati-inkesta zaharrera etorrita berriro... Egunero delakoa zer iruditzen zaizue? Goio Arana irakasleak ale bat gorde zuen, eta duela urte batzuk dokumentatu zuen simulakro haren edukia. Hemen duzue.

Erantzunak

2020-12-07 : 09:48

Ba niri gustatzen zait lehen plamako lerroburu nagusia, aditzaren elipsia eta guzti:

Kuwait hartu Irakek

Leizarragak horrelakoak zerabiltzan.

Erantzun

Sartu