Teknologia albisteak

Ignacio Escolarrek ElDiario.es-en eredu independentea esplikatu du Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
2016-11-17 : 15:13

ElDiario.es agerkari digital espainiarra da euskaldunok gehien txiokatzen dugun erdarazko informazio iturria (Umap-en datuak). Haren zuzendari eta sortzaile Ignacio Escolar Donostian izan da gaur hitzaldi bat ematen, eta Espainiako hedabideen panoramaz hitz egin du. Prentsa idatzia oso lerratua ikusten du eskuinera, independentzia eta irtenbide ekonomikorik gabe, eta aldiz, ElDiario.es ondo ari omen da, bere iritziz.

Deustuko Unibertsitateak hitzaldi ziklo bat hasi du Donostiako bere kanpusean, Alboan eta Intermon Oxfam elkarteekin batera. "Kazetaritza konprometitua krisi garaian" da ziklo hori, eta Ignacio Escolar kazetari espainiarra izan da lehen hizlaria gaur goizean. Zikloak nola jarraituko duen informazioa bilatzen saiatu naiz, baina ez dut ezer topatu sarean.

ElDiario.es agerkari digitalaren sortzaile, akziodun nagusietakoa eta zuzendaria da Ignacio Escolar. Euskaldunen artean, txioetan gehien zabaltzen den informazio iturri espainiarra da ElDiario.es, Umap-eko datuek erakusten dutenez. Interesa erakarri du Escolarrek, eta bete egin da Deustuko Unibertsitateko aretoa. Felix Arrieta irakasle eta politologo euskaldunak egin dio aurkezpena, eta gidatu du elkarrizketa (argazkian, oharrak hartzen Escolarren aldamenean).

Espainiako prentsa idatziaren eta, bereziki, egunkarien panoramaren koadro beltz bat marraztu du Escolarrek. Arrazoi historikoak omen daude horretarako: prentsa idatziaren gorakadaren urteak (20. mendeko 50eko eta 60eko hamarkadak), Espainian diktadurapean izan zirelako, eta gero ere, 70eko eta 80eko hamarkadetan indartsu hazitakoa, Trantsizioaren eskemetan gertatu zelako: botereari kontuak eskatzeko, boterearen jokaleku izan zirelako egunkariak. Hortaz, Escolarren esanetan, Espainian egunkariak "dedikatu izan dira agintzera, agintea fiskalizatzera baino gehiago."

2007. urtetik, krisi ekonomikoaren, dependentzia politiko horrek beste ondorio bat izan du. Informatzeko medio izatetik, "harreman publikoen negoziora" igaro dira bete-betetan egunkariak, "edo baita zuzenean propagandara ere."

Ahuldade ekonomikoak du zerikusia horretan. Egunkariek %50 gutxiago saltzen dute publizitatea 2007tik, eta salmentak ere erdira jaitsi zaizkie. Orain, urteroko zirkulazioaren jaitsiera %15ekoa da bataz beste. Ondorioz, negozioa ez da jada "irakurleei zerbitzatzea, baizik eta irakurleei saltzea".

Independentzia editorialaren falta areagotu da horrela. Mozkinik gabe, beste modu batean estaltzen dira zorrak. Bankuen indarra izugarria da, eta jabego estrukturak ere diren bezalakoak dira. Burgos bere jaioterriko kasua ekarri du hitzaldira: bi egunkari daude, bakoitza eraikuntzako enpresari auzipetu baten jabetzakoa. Aldi berean, bi enpresari "lehiakide" horiek bazkideak dira Valladolid-en beste ekimen batean, lizentzia publikoarekin funtzionatzen duen telebista autonomiko ofizial baina pribatuan. "Zergatik daude hedabideetan eraikitzaile hauek? informazioaren negozioa maite dutelako? Negozioa beste zerbaitetan dutelako daude."

Kontrolerako beste bide bat publizitate instituzionalaren banaketa da. Egunkarien diru-iturri nagusia horixe da, eta ildo politikoarekin oso lotuta ikusten du Escolarrek. Madrilgo Erkidego Autonomoak Esperanza Aguirrerekin gastatzen zituen milioiak gogoratu ditu, nola horrek Aguirre beti lore artean deskribatzera eraman zituen egunkariak, Rajoy ia tontotzat agertzen zen sasoi berean. Niri, berriz, beste zerbait etorri zait burura: hemen, Eusko Jaurlaritzak publizitatearen diruak non gastatzen dituen, hedabide gaztelaniazkoetan, miseria portzentualak utziz euskararentzat.



Eredu paperezko horien ondoan, ElDiario.es hedabide independente gisa defenditu du Ignacio Escolarrek. Fundatzaileen ekimenez, dependentzia politikorik gabe ari direla defenditu du, eta irabazien oinarrietako bat bazkideen aportazioak direla. Profesionalki eta irabaziekin, erredakzioa pixkanaka handitzen doala esplikatu du. Kontu hauek publiko egiten dituzte webgunean urtero (hemen zabaldutako azken txostena, oso interesgarria).

Zenbaki horiekin, ElDiario.es bihurtu da Espainiako bigarren agerkari digital irakurriena, El Confidencial-en ondoren. Eta hedabide guztien artean, paper zein web batuta ere, lehen 10etan daude, Escolarren arabera. Hedabide mixto horiek etorkizuna zail dutela uste du Escolarrek: beraien irakurle ehunekoak 80/20 egongo dira web / papera banaketan, baina diru-sarrerak aldiz, 35/65 dira paperaren aldekoak. Irtenbide zaila du horrek.

ElDiario.es-eko lantaldean, lau informatikari/teknikari dituzte, hiru webgintzarako eta beste bat datu-analisirako. Hala ere, garapen teknologiko gehienak, tartean CMSa (edukia kudeatzeko sistema, hau da, webgunearen azpiegitura) eta aplikazio mugikorra, "enpresa lagun" batek egiten dizkie, Bitban delakoak. Horrez gain, Googleren ekimen batean I+G proiektu baterako laguntza irabazi zuten, eta horretan probisionalki beste zenbait teknikari ari dira lanean.

Datu horiekin, Espainiako panoraman, benetako kazetaritza independentea egiten dutela dio Escolarrek. Nik galdetu diot (txartelen bidez idatziz bideratu ditugu galderak publikotik) ea "euskal gatazkaren" kontuetan ere, independentziaz egiaren bila ari diren, Altsasuko goardia zibilen kasuan adibidez. Baietz erantzun du Escolarrek, serio eta ondo informatzen ari direla horretaz ere. Eta aurretik ere beste kontu batzuetan, torturarenean adibidez, horrela jardun dutela. Ez nau erantzunak asko komentzitu, eta ElDiario.es-en Nafarroako erredakzioak idatzi dituenei begira ere, zalantzarekin geratzen naiz.

Nafarroako edizio horretaz gain, EAErako beste bat daukate El Diario Norte izenarekin. Egitura hauek ez dira ElDiario.es nagusiaren parte, baizik eta aparteko enpresak, toki bakoitzean sortuak gutxi gora-behera goikoaren ispilu gisa. Escolarrek gogoratu du, hain zuzen, joan den astean hil zela El Diario Norteko kazetari fundatzailea, Pedro Gomez Danborenea. Ez du zerikusirik gaurko hitzaldiarekin, baina irakurtzekoa da bizi zelarik Gomez Danboreneak idatzi zuen azken artikulua.

Ekitaldiko argazkia: Susana Garciak Twitterren jarria.

Erantzun

Sartu