Egunotan ari da ospatzen Leioan Digitaro Jardunaldia, Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarra. Jardunaldi horietan gure ekarpena egingo dugu euskarazko hedabideen inguruko zenbait datu emanez. Umapen Twitterreko euskarazko jarduna jaso eta aztertzen dugu, eta azken hilabeteotan bildutako datuekin, euskaldunok Twitterren partekatzen ditugun domeinu eta informazio-iturriak zeintzuk diren laburbiltzen saiatu gara. Horretarako, 14.500 txiolari euskaldunen jarduna aztertu dugu, eta txiolari horiek 2016ko urtarriletik ekainera bitartean argitaratu dituzten txio guztiak jaso eta aztertu ditugu, txio horietan nagusiki partekatu diren webgune eta hedabideak zeintzuk diren aztertuz. Hona hemen, beraz, Digitaro Jardunaldiko gure aurkezpenaren aurrerapena eta datu nagusiak. Umap.eus Codesyntax enpresak garatutako erreminta da.
Duela 6 urte jaio zen Umap.eus erreminta. Harrezkero, euskaldunok Twitterren euskaraz daukagun jarduna jaso eta aztertzen ari gara. Azterketa guztiak automatikoak dira, "robotikoak", (erabiltzaileen detekziotik hasi, hizkuntza-prozesamenduarekin jarraitu, eta ondorengo analisi guztiraino). Besteak beste, Twitterreko euskaldunon komunitatea definitzen saiatzen gara (Umap.eus/rankingak), euskara-erabilera neurtzen dugu (Umap.eus/artxiboak), euskarazko uneko joerak edo Trending Topicak argitaratzen ditugu (Umap.eus/joerak), eta euskaldunok partekatzen ditugun iturriak ere batzen ditugu (Umap.eus/iturriak).
Azken horretan (Umap Iturriak) oinarrituta, euskaldunok Twitterren partekatzen ditugun domeinu eta informazio-iturri nagusien azterketa egin dugu. Horretarako, euskal Twitterlarion komunitateak 2016ko lehen seihilekoan bota dituen txio guztiak (3,3 milioi txio) jaso eta aztertu ditugu. 50.000 txiolari euskaldun potentzial aztertu dira. Horietatik euskaraz jardun dutenak filtratu eta aztertu dira (14.500 txiolari), eta euren txioetan partekatu dituzten esteka eta domeinu guztiak jaso eta aztertu dira. Jakin badakigu, komunikabide-kontsumo osoaren zati txiki bat besterik ez dela hemen aurkezten dugun hau, baina iruditzen zaigu ikuspegi interesgarria ematen digula euskaldunontzat informazio-iturri diren domeinu eta hedabideen inguruan, datu-kopuru zabal batean oinarrituta.
Datu guztiak biltzen dituen kalkulu-orri originala itsasten diogu azterketa honi, norberak bere azterketa propioa egin dezan. Baliteke, gure datuak beste modu batean ikusita, aztertuta edo kalkulatuta, beste ondorio batzuk ateratzea beste pertsona edo erakunde batzuek. Horrela, gainera, baten baten webgunea ez badago "zerrendako lehenetan", beherago ere aurkituko du, eta datu horiek erabilgarri izango zaizkio halaber.
Ohar bat, aurrera egin aurretik: ez dira nahasi behar txioaren hizkuntza (tuiterlariak bere txioan erabili duen hizkuntza) eta partekatutako iturriaren hizkuntza. Euskaraz txiokatzen dugunean, erdarazko zenbait medio eta domeinu ere aipatzen ditugu sarritan; gaztelaniaz txiokatuta ere, baliteke esteka euskarazko domeinu/iturri batera egitea.
1. Umap Iturriak, 2016ko datu orokorrak
Txiolari euskaldun aktiboen sei hilabeteko jarduna bildu dugu ikerketa honetarako, 2016ko urtarriletik ekainera. Hilero-hilero 9.000 erabiltzaile pasa dira euskaraz aritu direnak (ez beti erabiltzaile berdinak), eta hilean milioi erdi txio inguru egin dituzte erabiltzaile horiek.
Txio guztien erdia baino gutxixeago dira euskaraz, %42 inguru; %40 inguru gaztelaniaz, %5 frantsesez eta ingelesez eta %13 beste hizkuntza batzuetakoak zein sailkatu gabeak (elebidunak, testurik gabeak,...).
Era berean, txio guztien %44ak dauka esteka bat. Euskarazko txioen kasuan, gaztelaniazkoak baino gehiago dira esteka bat dakartenak. Dena den, sei hilabetean 1.4 milioi txio zenbatu ditugu euskaraz eta horietarik %49.74 izan dira estekadunak, 698.797.
2. Buztan Luzea, baina euskaraz/erdaraz ezberdin
Sei hilabetean, 25.000 domeinu ezberdin inguru partekatu ditugu euskaldunok. Domeinu horien kopuru eta izaera, baina, oso ezberdina da. Izan ere, 25.000 domeinu horietatik, 700 bakarrik dira 100 aldiz edo gehiagotan partekatu ditugunak. Gainontzekoak askoz gutxiagotan partekatu dira, eta 22.000 domeinu hamar aldiz baino gutxiagotan partekatu ditugu.
“Buztan luzea” (long tail) delakoa, hortaz, oso handia da, espero zitekeen bezala. Are gehiago (eta hau ere espero zitekeen), erdarazko txioetan euskarazkoetan baino. Euskaraz idatzitako txioetan partekatutako 100 domeinu nagusiek txio kopuru osoaren %87 hartzen dute, eta %13an kokatzen dira beste guztiak, "Buztan Luzea" esaten den horrek. Erdaraz, ordea, buztan luzea handiagoa da, %25ekoa, 100 domeinu partekatuenetatik aparte geratzen den esparrua.
Hala ere, horrek ez du esan nahi euskarazko txioetan bakarrik euskarazko edukia duten domeinuak partekatzen direnik: buztan luze horretan erdarazko eduki asko dago, baina, euskaraz komentatu izan dira txioetan. Gertatzen dena da, erdarazko edukiak, izatez, erdarazko komentarioekin gehiagotan zabaltzeko joera daukagula.
3. Euskaraz partekatzen ditugun iturri nagusiak
Une batez erdarazko txioak alde batera utziko ditugu, eta euskaraz botatzen ditugun txioen azterketan zentratuko gara. Euskaldunok eta euskaraz soilik partekatzen duguna aztertuko dugu.
Hauexek dira euskarazko txioetan euskal txiolariok gehien partekatu ditugun domeinuak eta bakoitzak jasotako txio kopurua:
Youtube aparteko elementu bat kontsideratu daitekeen bezala (bideo-formatuaren sinonimoa), Facebook-eko esteka ugaritasuna eta aniztasuna ere aparteko fenomeno bat da: Facebook-eko edukiak izan daitezke, medioek Facebook-en kargatutakoak baina azkenean iturri euskaldun batera daramaten edukiak, edo auskalo. (Facebook bezala ere, Instagram zerbitzu sailkaezin bat da, iturri zehatz baino lehenago, mezu korporatibo bat zein irudi pertsonal bat zabaltzeko, berdin erabil daiteke).
Hortaz, euskaraz gehiagotan txiokatu diren iturriak (edo domeinuak) hauek dira, ordenean: Berria, Argia, Eitb, Naiz, Zuzeu, Topatu, Info7 irratia, Erran, Irutxulo eta Zientziakaiera.
Dena dela, domeinu bat (iturri bat) zenbat aldiz partekatu dugun jakitea garrantzitsua den arren, hori ez da parametro interesgarri bakarra eta, beharbada, ezta interesgarriena ere. Horregatik, beste parametro batzuk ere jaso eta aztertu behar dira, askotan bata bestearekin erkatuz edo elkarrekin aztertuz.
Esate baterako, zabaldutako URL ezberdinen kopurua ere interesgarria da, besteak beste, neurri batean, hedabide edo iturri batek epe jakin batean zenbat eduki desberdin ekoizten duen erakusten baitu.
Iturriarren izaerak definitzen du neurri handi batean eduki-sorkuntza (edota, zehatzago esanda, partekatutako URL kopurua): Berria egunkaria da, egunero eduki kopuru etengabea sortzen duena; EITB ere, antzera, etengabeko albiste iturri bat da. Naiz.eus ere neurri handi batean egunkari bati lotua dago, baina nagusiki gaztelaniaz da egunkari hori (Gara). Argia astekari bat da, baina edizio jarraitua dauka eta blog komunitate aktibo bat ere bai, eta posizio intermedio batean dago eduki-sorkuntzari dagokionez.
Tokiko hedabideak ere tartean daude 1000-2000 URL ezberdinekin 6 hilabetean. Maila horretan dago, era berean, euskarazko Interneteko agerkari huts emankorrena, Zuzeu.
Baina URL barietatearen kopuru horiek espero daitezkeen parametroen arabera diren bitartean, txio kopuruarekin alderatzen ditugunean, esangura berezia jasotzen du kontuak. Hau da, Argiak baino 4 bider URL gehiago ekoitzi ditu EITBk 6 hilabetean, baina guztiekin ere, ez du Argiaren txio kopurua erdietsi. Beste modu batean esanda, URL bakoitzarekin askoz interes txikiagoa lortzen du EITBk Argiak baino.
Ondorengo taulan egin dugu kalkulu hori, txioak zati URLak, eta "interes faktorea" deitu diogu horri. Argiak oso altua du, eta baita Topatu zein Zientziakaierak ere; aldiz, txikia EITBk. Berria tarteko maila batean dago, baina ETBren bikoitza baino gehiago da interes faktorea.
Orain arte aztertu ditugun 3 datuekin, nolabaiteko argazki orokor bat daukagu beraz, nagusiki partekatzen diren domeinuak identifikatuz. Hala ere, oraindik badugu gehiago fintzeko aukerarik. Adibide bat jartzearren: baliteke domeinu batek txio kopuru izugarria jasotzea, baina spam hutsa izatea (oso erabiltzaile gutxik partekatua, edota oso hedapen txikiarekin). Argazkia fintzeko, beste pare bat parametro ere jaso eta aztertu ditugu.
4. Informazio-iturrien interes adierazleak
Ekoizten den interes erlatiboa neurtzeko beste adierazle batzuk ere badaude gure tauletan. Esate baterako, iturri bat partekatu duen erabiltzaileen kopurua.
Ondorengo taulan bildu ditugu erabiltzaile (txiolari) ezberdin gehienen partekatzeak jaso dituzten 25 iturriak eta, ikusiko duzuenez, aldaketa esanguratsu batzuk agertzen zaizkigu bertan. Orain arte azaltzen ez ziren iturriak agertzen zaizkigu, beste batzuk desagertu egiten diren bitartean.
Taula horretan txiolari desberdinen kopuruak ikusten ditugu. Sei hilabetean, 14.500 txiolari euskaldunen edukia jaso dugu, eta horietan erdiak baino gehiagok zabaldu du Youtubeko bideo bat. Heren batek baino gehiagok zabaldu du Berriako albisterik, eta aldiz, %18 inguru dira EITBko ezer zabaldu dutenak.
5. Domeinuen kokapena Twitterreko euskarazko unibertsoan
Gorago aipatzen genuen “argazki” zehatzagoa izan ahal izateko, orain arte aipatu ditugun parametroak biltzen dituen grafikoa sortu dugu: txio kopurua, interesa eta erabiltzaile-aniztasuna erkatzen dituen diagrama hau, euskarazko informazio-iturri nagusiak kokatuz bertan. Kasu honetan hedabide eta webgune tematikoetan zentratu gara, sare sozialak eta alderdi politikoen webguneak azterketatik kanpo utziz.
Irudiak handiago ikusteko, egin klik.
Grafikoa sortzeko orduan:
Lehen begiratuan nabarmenen geratzen dena da 4 hedabide direla euskal txiolariontzat erreferentzia Twitterren: Berria, Argia, Naiz eta EITB. Eta horien artean, 2 dira euskaldunontzat beste guztien gainetik erreferentzia argi direnak: Berria eta Argia.
Berria da erabiltzaile gehienengana iristen den hedabidea, alde dexenterekin, eta interes aldetik ere oso maila altuan dagoena. Argiak interes handiagoa lortzen du (bertxio eta esteka gehiago, bataz beste), nahiz eta erabiltzaile gutxiagorengana iristen den. Bien izaera eta jardunarengatik azaldu daiteke ezberdintasun hori.
EITB eta Naiz atzerago geratzen dira, bai irismen aldetik (zenbat erabiltzailek txiokatzen dituzten), zein interes aldetik (zenbat zabaltzen den URL bakoitza). Zenbat eta URL ezberdin gehiago banatu, bakoitzaren interesa jaistea ere ulergarria eta prebisiblea da.
Ulergarria den moduan, tokiko hedabideak eta albistegi tematikoak ezkerrerago geratzen dira gure grafikoetan (komunitate txikiagoa daukate; erabiltzaile gutxiagok partekatzen dituzte, euren izaera lokalagoa edo espezializatuagoa delako), baina komunitate txikiago hori trinkoa da eta informazio-iturri horien eragina handia da komunitate horietan (kasu guztietan EITBrena baino interes handiagoa lortzen dute eta kasu batzuetan Berriaren parera ere iristen dira ia-ia).
Gaika edo esparruka hartuta ere, antzeko diagramak atera daitezke. Hona hemen batzuk.
Lehenengo honetan, hedabide orokor direnak zerrendatu ditugu, txiolariek gehien partekatu dituztenak, orden honetan: Berria, Argia, Naiz, EITB, Zuzeu, Sustatu, Eldiario.es, El Diario Vasco, El Correo eta Deia.
Gorago ere aipatu ditugu aurreneko laurak, Berria, Argia, Naiz eta EITB. Adierazgarria da, ondoren 2 agerkari digital datozela, elkarren ondoan, Zuzeu eta Sustatu. Biak ere unibertso txikiago batengana iristen direnak, baina hala ere interesa pizten dutenak eta gaztelaniazko hedabide askoz handiagoen gainetik daudenak, erabiltzaile zein irismen aldetik.
Erdarazko hedabideak, aldiz, beheko ezker muturrean azaltzen dira, unibertso zabal honetan bazterreko direla intuitzen delarik.
Hurrengo honetan Tokiko hedabide nagusiak azaltzen dira; koloreek lurraldea adierazten dute.
Laugarren grafika honetan irrati eta telebisten domeinu partekatuenak aurkituko dituzu; partekatuenetik hasita: Eitb, Info7, Hamaika, Euskalerria Irratia, Arrosa Sarea, Hala Bedi, Euskal Irratiak eta Eitb.tv.
Bukatzeko, albistegi tematiko edo arlo jakinekoak direnak dituzu hemen. Gehien partekatu direnak hauexek dira: Badok, Zientzia Kaiera, Klitto, Gaztezulo, Elhuyar, Dantzan, Zinea.eus, Uberan, Bertsozale, Azpitituluak, Musika Zuzenean eta Euskalkultura.
Gorago jasotako tauletan, euskarazko txioen gaineko kalkuluak egin ditugu, baina laginean 14.500 erabiltzaile euskaldunek zabaldutako 3.3 milioi txioak jaso ditugu, hizkuntza guztietan botatakoak. Horien artean %42 bakarrik izan dira euskaraz; gainontzekoak beste hizkuntza batzuetan (edo sailkatu gabeak), eta hor ere badago informazio interesgarririk.
Esteka bat edo informazio iturri bat zeukaten txioen kasuan, erdia izan dira euskaraz eta beste erdia gaztelaniaz. Hortaz, esan dezakegu, Twitterreko komunitate euskalduna zinez dela elebiduna, osotasunean hartuta, batzuek euskaraz egingo dute beti, beste batzuek erdaraz nagusiki (baina tarteka euskaraz ere bai, geure datutegian agertzeko ezinbestekoa baita hori), baina batzuen zein besteen jarduna bat eginda, euskararen eta erderen arteko oreka nahiko handia da.
Kalkulu-orrian, gainera, txioen eta informazio-iturrien kalkuluak hizkuntzen arabera egin ditugu, baina baita batuketa osoa ere. Eta hor ere bada datu interesgarririk. Honako taula honek, txio guztietan, euskarazko zein erdarazkoetan, gehien zabaldu diren iturriak ageri dira (kendu ditugu batzuk, Facebook eta Youtube bi lehenak adibidez, eta 2. zutabeak ranking posizioa adierazten du):
Gutxigatik bada ere, Berria euskarazko egunkari nazionala da euskaldunon informazio iturri partekatuena. Naiz/Gara eta EITB hedabide elebidunak datoz gero, tarteko posizio batean Argia dugu gero, eta 6. posizioan, erdara hutsezko lehen medioa (ez Euskal Herrikoa, gainera), ElDiario.es. Erdarazko egunkari probintzialak beherago daude (Deia, Correo, Noticias, DV,...).
Tokiko hedabide euskaldunen garrantzia ere nabarmentzekoa da. Espainolezko egunkari horietako batzuen goitik daude zenbait hedabide, eta taulatik kanpo ez oso urruti beste batzuk. Baliteke hedabide jakin batzuen txiokatzeko ohitura edo insistentzia partikularrak pisu handi(egi)a ematea bati edo besteari, baina oro har, euskarazko tokiko hedabideek sarean presentzia nabarmena dutela argi geratzen da, bereziki Tokikom elkargunekoak.
Hortaz, laburbilduz, esan daiteke euskaldunak Twitterren euskarazko hedabideen bitartez informatzen garela nagusiki. Edo zehatzago esanda, euskarazko hedabideen informazioa partekatzen dugula, gutxienez.
.....................
Esan bezala, datu guztiak biltzen dituen kalkulu-orri originala itsasten diogu azterketa honi, norberak bere azterketa propioa egin dezan.
Erantzun
Sartu