Teknologia albisteak

Singularitatea

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-01 : 16:21

Duela 5 urte artikulu bat idatzi nuen Katalunia eta Euskal Herria parekatuz, "Aukeraren Leihoa". Ez dut uste kritika eta publikoaren aldetik berebiziko arrakasta izan zenik, baina orduan esandako gauza batzuen aktualitatean sinesten jarraitzen dut. Bereziki, bi gauzatan:

  • Euskal Herrian independentzia gauzatzeko aukera praktiko bakarra da Kataluniak Espainia apurtzen badu. Orduan ospa, edo katalanik gabeko Espainia askoz zatarragoan geratu, horixe izango da aukera.
  • Euskal Herrian independentzia gauzatzeko, ezinbestekoa da partizioa onartzea. Partizio bat edo beste, gutxienez. Bada garaia Euskal Estatu BAT (edo bi) lehentasun bihurtzeko, Zazpiak Bat dogma ezinezkoaren gainetik.

Bost urte  ez dira alferrik igaro

Bost urteren buruan, gauza batzuk aldatu dira, onartu beharra dago. Orduan dexente optimistagoa nintzen katalanak alde egitera zihoaztelako ideiarekin. Gaur egunean, badirudi, gehiengo zibil eta instituzional handiago bat dagoela erabakia hartuta independente izango direla, baina eszeptizismo pixka bat ere piztu da nire barnean: ez dakit benetan serio ausartuko diren haustura erradikal eta matxinora. Eta ausartzen badira ere, auskalo gero nola gertatzen diren gauzak. Baina egin dezagun ariketa, eta demagun (inongo oinarririk gabe botako dut kalkulua), Katalunia independente bihurtzeko aukera %20koa dela datozen 4 urteetan.

Akaso ez da portzentaia handia, baina... gertatuko balitz, demontre, prestatuak egon beharko genuke. Eta ez zait iruditzen hori denik kasua. Ematen du kontrakoa: sektore abertzaleak konformatzen direla, Kataluniak Espainiatik alde egitekotan, gu guztiak Espainian geratuko garela, eta bueno, ea nola doazen gauzak hurrengo legegintzaldietan eta hurrengo belaunaldietan.

Etsipen soberanista hori gora-behera, optimismorako aukerak ere badaude inguruotan, duela 5 urtekoarekin alderatuta. Batez ere, ETA ez dago. Hau funtsezkoa da, proiektu erreal zein hipotetikoetarako galga ikaragarria zelako. Bestalde, Espainian Podemos agertu izana bada zerbait: beste askok bezala nik ere mugimendu nagusiki unionista bezala ikusten ditut, baina lengoaian ñabardura batzuk sartu dituzte, eta tira, PP eta PSOEren diskurtsoen aurrean, zerbaitetan desberdintzen dira. Bipartidismo zentralistaren ordez, Madrilen hiru alderdiko oreka zail bat suertatzen bada, igual aurrekoa bezain zentralista suerta daiteke emaitza, edo igual ez, inkognita interesgarriak pizten dira.

Euskal panorama politikoan ere gertatu dira gauza interesgarriak tarte honetan. Gipuzkoan 4 urtez Bildu egon da agintean Foru Aldundian. Subirautzarako bidean ez du inolako inpaktorik izan (aukera galdua izan da, ez dut oso ondo ulertzen zergatik), baina ezker abertzalearen agintaldi bat normaltasunez igaro izana esperientzia positibotzat daukat nik. Nafarroan ere aldaketa-gobernua osatu berri da, eta hor ere, subirautzarako bidean ez dugu milimetro askoko aurrerakuntzarik espero izango, baina arnasa hartzeko une bat izango da.

Beste mugimendu politiko batzuk ere egon dira. Gure Esku Dago sortu da, eta ez dut ulertzen oso ondo norantz doazen zehaztapenik gabeko proposamen lauso batekin, baina ikus dezakegu jendea mobilizatu dutela, eta gogo bat egon badagoela demostratu dutela. Beste talde bat ere jaio da, Orreaga, eta hauen alde ez daukat ezer esateko: uste dut fantasia historizista batean bizi direla, baina egia da jarraitzaile batzuk elkartu direla ideia horren inguruan. Erakarmen hori ulertzen zaila egiten zait, baina hartuko dut seinaletzat jendeak mugitu nahi duela, ezker abertzaleak edo jeltzaleek eskainitako ohiko eskemetatik aparte.

Guztiarekin, gurean gertatzen denak, ganoraz ari garen ala independentziarako prest ez gaudela konstatatzea (Xabier Barandiaranek egin berri duen bezala), gutxienekoa iruditzen zait. Giltza ez dugu guk. Baina beste batzuek badute giltza. Katalanek. Eta katalanek benetan zerraila irekitzen badute, derrigor beste fase politiko bat irekiko da, irauliko duena beste guztia. Singularitate politiko bat izango da.

Singularitatea

PSOEko batzuk ari dira esaten Kataluniaren singularitatea egokitu beharko dela beste modu batean Espainian... baina nik beste zentzu batekin ekarri dut 'Singularitatea' hitza hona. Fisikan, espazio-denboraren neurri, arau eta ziurtasun matematikoak baliorik gabe geratzen diren puntuak dira singularitatea. Zulo beltz baten ortzemugan erortzen bada objektu bat, singularitatean sartzen dela esan ohi da (baliteke gaizki azaltzen egotea hau, barkatuko ahal naute UEUko fisikariek!).

Futurismoaren inguruko saiakeran eta literaturan (zientzia-fikizoan, alegia), singularitateak beste esanahi bat du: adimen artifizialaren gaitasunak giza-adimena gaindituko duen unea. Singularitetaren irakurketa positibo eta negatiboak egin daitezke: gizakiek kontrolatuko dugun super-indar bat izan daiteke batetik (eramango gaituena super-adimenera, bizitza eternalki luzatzera, etab.) edo, bestela, robotak gailenduko diren unea izan daiteke, adimen/bizitza artifizialak bizitza organikoa deuseztatuko duena, humanitatea desagerraraziz. Zentzu batean zein bestean, singularitateak adierazten du historiaren eraldaketa erradikal bat: parametro ebolutibo eta historikoek ez dute balio une horretatik aurrera. Arauak berridazten dira singularitatean, eta parametro berriak aurreikusten zailak edo ezinezkoak diren eran egituratzen dira.

Nik uste dut Katalunia independente bihurtzen bada, singularitate politiko eta historiko bat izango dela hori Europan. Ez dut esaten ezinbestean gertatuko denik, baina gertatzekotan, eskema askoren apurketa izango dela. Ez dago modu legalik sezesioa gauzatzeko. Ez dago intelligentsia espainolik gai denik konponbide federal benetan onargarri bat alternatiba gisa proposatzeko.

Parametro misteriotsuetan gauzatuko da, egitekotan, Kataluniako independentzia. Singularitatearen parametro ezezagun horietako bat bilaka daiteke zirrikitu bat Euskal Estatu independente bat sortzeko aukera. Probabilistikoki, ez da aukera handia izango, seguruenik, baina gertatzekotan, ihes egiten uztea errore historiko larri eta katastrofikoa litzateke.

Abertzale edo/eta euskal independentisten ardura izan beharko luke jadanik pentsatzen joatea, ez orduan presaka inprobisatzeko.

Erantzun

Sartu