Joan den asteko EHUko Uda Ikastaroetako Berrikuntza Politikoa mintegian, azken partehartzea izan zen (antolatzaileen laburpenaren aurretik) Xabier Barandiaran soziologoak egindakoa. "Euskal Herri independente bat posible al da?", galdera horixe zuen Barandiaranek hitzaldiko izenbururako. Ez dakigu antolatzaileek proposatu zioten galdera, ala berak ekarri ote zuen, baina erantzuna eman zuen, eta argia izan zen, kategorikoa: "Ez".
Xabier Barandiaran soziologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Oraintsu duela lau urte zuen lanpostua ere berreskuratu du, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanoren kabinete-burua da. Bere burua honela aurkeztu zuen, bestalde: "Ataungoa, euskalduna, abertzalea ideologiaz (ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa), eta Euzko Alderdi Jeltzalekoa". Paperik gabe, oratoria oso ondo harilkatuz hitz egin zuen Barandiaranek eta lastima izan zen erdia euskaraz egin ondoren, beste erdia jarraitzeko gaztelaniara igaro zenean (ez dakit zergatik, aldibereko interpretazioa bazegoen).
Izenburuko galdera azkar erantzun zuen Barandiaranek, eta jarraian, argudiatzeari ekin zion.
"Independentzia posible da? Bai, teorikoki, modu batean edo bestean. Baina ez, ez da posible. Eta ez Espainiak ukoa ematen digulako, baizik eta guk ez daukagulako indarrik independentziarako. Ez indarrik, ez estrategiarik, ez baldintzarik."
Hau gertatzen da, Barandiaren ustez, euskal abertzaletasunean bi krisi oso serio elkartu direlako:
1. Transformazio krisi bat.
2. Estrategia krisi bat.
"Biengatik da inposiblea, ez bakarrik independentzia, baizik eta egituraketa politiko aurreratuago batera joatea ere". Azalpenak emateko orduan, transformazio krisi horri (koiuntura historikoaren ondorioak, oro har) eman zion denbora gehiena Barandiaranek, eta jarraian letra bidezko puntuekin laburtuko ditut nik krisi horren ezaugarriak, apunteetan honela jaso nituelako:
a) Transformazio ekonomikoa eta globalizazioaren krisia. Egitura politikoen garrantzia eta eragin-indarra askoz txikiagoa da globalizatutako mundu honetan.
b) Alderdi politikoen krisia. Superbibentzia elektoralera emandako egitura batzuk dira, lau urteko lehia kritikoetan erakundeetako botere kuotak eskuratzen zentratuak. Zaila erronka politiko funtsezkoei honela erantzutea.
c) Indibidualismoaren gailentzea. Sozializazio molde berriak, eta globalizazioaren ondorioz, identitatea eratzeko modu guztiz desberdinak eta indibidualak, zerikusirik ez dutenak Ataunen umetan/gaztetan Barandiaranek izan zuen sozializaziorarekin. Etsipen puntu batekin kontatu digu anekdota alabak, 10 urterekin, ETB barik Disney Chanel ikusten topatzen duela etxera doanean lanetik.
d) Koiuntura historikoa Euskal Herrian, belaunaldi bat amaitzen ari delako. Kooperatibak, Eusko Jaurlaritzak eta bere instituzioak, ETA eta beste hainbat gauza sortu zituen belaunaldia joan badoa.
e) Trantsizioaren garaitik, abertzaletasunaren bi ildoen zatiketa. Horien artean, abertzaletasun historiko-instituzionala da Barandiaranen faboritoa (esan gabe doa), eta ezker abertzaleak egin zuen hautu okerra bere begietan, baina hala ere, zatiketa historiko honekin krisi zantzuak bi aldeetan nabarmendu dira, beraz e1) eta e2) puntuekin jarraitzea tokatzen da.
e1) Apostu instituzionala egin zutenek, herri-egitura onargarri batzuk eratu dituztela uste du Barandiaranek, baina hauek ere krisian daude. Adibidez, EITB bera (alaba gogoan zuen berriro?). Beste adibide esanguratsuago bat ere eman digu: Ibarretxeren estatutu berriaren planaren porrota, horixe izan dela hemen izan dugun eraketa instituzionaleko azken ahalegina, eta porrot egin zuena, besteak beste, atzean indar sozial bat falta zitzaiolako.
e2) Ezker abertzalearen krisia, batetik, borrokatu armatuaren itzalpean bizi izatearen ondorioa da. Fase horren balorazio ezin negatiboagoa eman du Barandiaranek, estrategia erratiko eta suntsitzailea izan delako. Eta orain, itzalpetik irtetean ere, noraezean dago ezker abertzalea, jakin gabe nola igaro anti-sistemikoa izatetik sistemaren parte izatera (baina asmatuko dutelakoan dago Barandiaranek, igaro ondoren basamortu bat edo beste).
Horra, koiunturazko edo transformaziozko krisiak. Karanbola historikoek krisi latz batean jarri gaituzte, a ze suerte txarra. Baina beste krisi bat ere badago, "gurea", edo abertzaleena. Estrategia krisi bat. Adibidez, bisio estrategikoa falta dela, ez bakarrik helmuga bat zehazturik ez dugulako, baizik eta hara eramango gaituen gidari gisa funtzionatzeko ere.
Gizartearen eta sistema instituzionalaren arteko zatiketa eta inkomunikazioa da beste zantzu argi bat. Eta alde horretatik, ustez gizartean edo herrian pizten diren mugimenduetan ere badago hutsunerik. Gure Esku Dago aipatu du zehazki, "arrakastaz hil daitekeen mugimendua". GED-ek ez badu laster laguntza edo ildo politiko batekin uztarketa bat lortzen, bere sozializazio eta bat-egite ahalegin handi horiekin, jaiak eta mugimendu estetikoak besterik ez ditu antolatuko.
Jakina, konfiantza krisi bat ere badago, itzela, bi familia politiko abertzaleen artean. Eta gainera, hegemoniagatiko disputa latz hori.
Eta, akaso guztietan latzena den krisi estrategikoa: kapital humanoa falta zaigula. "Onenak nahi ditugu baina... prestatu behar genituzke gure gazteak munduko unibertsitate onenetan agian...". Kapital humanoa falta, beraz. Hori nola metatu ez du argi ikusten Barandiaranek, abertzelatasunaren familia partidista horiek mugatzen direlako gaur egunean sozializazio endogamikoa egitera, eta ez dira ari lidergo benetakoak egiten. EAJ-koa dela esanez hasi zuen hitzaldia Barandiaranek, eta to, gogorra da hori botatzea.
Nola eta non eratu lidergorako belaunaldi hori beraz? Galdera hau formulatu gabe geratu zen, eta erantzun garbirik gabe ere bai. Baina, izatekotan, Barandiaranek esan zuenez, izan beharko da euskal abertzaletasuna historikoki markatu duten balore nagusien markarekin: elkartasunaren balioekin.
Eta halaxe, paperik gabe etorri eta hitz egin zuen bezala, paperik gabe joan zen Xabier Barandiaran Miramar jauregitik. EHUko mintegi honetan entzun nuen interesgarriena begitandu zitzaidan.
Erantzun
Sartu