Joan den igandean Euskadi Irratiko Amarauna programan azaldu nuen kontu bat dela-eta, hemen informazio pixka bat. Autismoa duten pertsonentzako aplikazioak.
Autismoa daukaten pertsonentzako aplikazioen mundua aipatu nuen. Bilduma on bat dago ingelesez eta gaztelaniaz, Appyautism.com webgunean.
Euskaraz, aplikazio bat dago. eMintza, Euskal Herrian bertan garatua. Donostiako Nesplora enpresak egin zuen, Poliklinikaren eta Gautena elkartearen kolaborazioarekin. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan dago aplikazio hau, eta hitz egiteko zailtasunak dituzten autistentzako dago pentsatua, irudien bidez ahotsa sortzen baitu.
Autismoa, gaur egunean, sintoma jakin batzuen diagnostikoa baino gehiago, "espektro" bat dela kontsideratzen da: oso esparru zabaleko sintomak izan ditzake, komunikatzeko gaitasuna oso desberdina izan daiteke mutur batetik bestera. eMintza-k, kasu honetan, mutur batean daudenei lagundu diezaieke.
Kataluniako garatutako Secuencias/iSequencies, irudiz eta ahotsez osatzen den arren, bizitza antolatzeko pautak ikasteko dago pentsatua, komunikazio zuzenean laguntzeko baino gehiago. Ordena eta pautak eguneroko bizitzan, jakintzat ematen dituzte pertsona askok, baina autisten kasuan ikasteko lanak hartzen dituzten kontuak dira. Jakin dut, gainera, iSequencies egin duten Planeta Imaginariokoak pentsatzen ari direla ea euskarazko bertiso bat garatuko duten. Ea hala den.
Sustatu.eus | Secuencias / iSequencies © cc-by-sa: luistxo
Aplikazio batek edo besteak autista jakin bati balioko dion ala ez ezin dut igarri. Baina nik esango nuke, oro har, tablet eta ordenagailuetan topatzen dutela beren gaitasun eta interesentzako aukerak. Nik ezagutzen dut mutiko bat, 9 urteko Eneko, eta harentzat ez dira ez eMintza eta ez iSequencies, bainta Youtuberen kontsumitzaile fidel bat da, eta mundura leiho bat irekitzen zaio horrekin berari. Aldi berean, ordenagailuaren erabilpena oro har, bilaketak nola egiten diren... halako kontuak ere ikasi egin ditu.
Eskolako mutiko batekin piktoplus erabiltzen dugu (http://piktoplus.com/#page). Azaro aldean esan ziguten berehala euskaraz jartzeko asmoa zutela, baina oraindik ahotsa grabatzeko aukera besterik ez dago.