Loraldia Festibalak hamabigarren edizioa aurkeztu du. Euskal kultura garaikidearen topagune nagusiak, martxoan zehar, Bilbo osoa plaza bilakatuko du berriro. “Baga, biga, higa, Maurizia!” lelopean, jaialdiak garai konplexu baten erdian sormenaren etxea ireki eta iruditeria berriak ehuntzeko gonbita egiten du: ahots berriak eta erreferenteak elkartu, tradizioa gaurkotu, eta lengoaia artistikoetan esperimentatu, betiere transmisioa eta komunitatea ardatz. Martxoaren 9tik 28ra, 25 jarduera: musika, literatura, bertsolaritza, dantza, antzerkia, zinema eta esperientzia murgiltzaile/digitalak Bilboko espazio esanguratsuetan.
Nabarmentzekoak aurten:
Aurtengo leloak (eta jaialdiaren kontakizunak) hiru ideia eta irudi indartsu ditu, programazio osoa zeharkatzen dutenak:
Horregatik, Loraldia Festibala ez da “programazio sorta” bat bakarrik: estrategia kulturala da, euskarazko sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, publikoa aktibatzeko (euskalduna zein ez-euskalduna), eta kultur transmisioa gaurko formatuetara ekartzeko. Berrikuntza, integrazioa eta zaintza (komunitatea, espazioak, balioak) uztartzen dituen ekimena da.
Loraldia Festibaleko 2026ko edizioak 25 jarduera bilduko ditu martxoaren 9tik 28ra, eta Bilboko espazio enblematikoak (eta bestelakoak) lotuko ditu: Arriaga Antzokia, Bira Kulturgunea, Kafe Antzokia, Azkuna Zentroa Alondiga Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Sociedad Filarmónica, Bizkaia Aretoa, Itsasmuseum, La Fundición, Euskalduna Bilbao, Bidebarrieta Liburutegia, Elkar denda… eta naturara ere iritsiko da Arraitz mendira.
Loraldia-ren apustua argia da: diziplinen arteko gurutzaketa (musika+poesia, literatura+zinema, dantza+ahotsa+soinua, esperientzia murgiltzaileak) eta formatu bereziak eskaintzea, publikoari “beste modu batean” hunkitzeko eta pentsarazteko.
Loraldia Festibalak ez du soilik programatzen: sortu eta ekoitzi ere egiten du, euskarazko kulturaren transmisiorako formatu berriak aktibatzeko eta gaurko sorkuntzari plaza emateko.
Edizio honetan, bost ekoizpen/formatu propio nabarmentzen dira bereziki: IKIMILIKILIKLIK Vol.2 (formatu handiko ikuskizun eszenikoa), APPA MAURIZIA (esperientzia murgiltzaile kolektiboa, sorkuntza digitalaren mugan), eta Loraldiaren ibilbidean “klasiko” bilakatu diren hiru proposamen: AHAZTU NIREKIN, BOZAK eta GOROLDIORIK EZ (III).
IKIMILIKILIKLIK Vol.2: 50 urteko abangoardiaren “sentikaria”, gaurko galderak pizteko zubi artistiko bihurtuta
IKIMILIKILIKLIK Vol.2 Loraldiaren ekoizpen propioa da, eta duela 50 urte euskal kulturaren mapa berrirudikatu zuen mugarri baten espiritu esperimentala gaurko lengoaia eszenikoetara ekartzen du. Proposamenak ez du jatorrizkoa erreproduzitu nahi: ez da birjarpen bat; elkarrizketa bat da, abangoardiaren ausardia gaurko testuinguruan berriz interpelatzeko.
Ikuskizunak diziplina anitzeko eszenaratzea proposatzen du: musika, poesia, dramaturgia, zuzeneko ikus-entzunezkoak eta txalaparta esperientzia bakarrean uztartuta. Edizio honetako gakoetako bat da, gainera, “plaza” eta “aretoa” lotzen dituela: lehenik Ikusletegia: IKIMILIKILIKLIK Vol.2 egingo da martxoaren 12an (Arriaga Antzokia — Foyer), sorkuntzaren giltzak partekatzeko; eta ondoren, egun berean, IKIMILIKILIKLIK Vol.2 taularatuko da Arriaga Antzokian (ikuskizun nagusia). (Emanaldi nagusia NAIZen babeslegotza bereziarekin).
APPA MAURIZIA Loraldiaren sustapen digitalaren adibide estrategikoa da: Loraldia Sormen Digitala Bekaren hirugarren ediziotik sortutako proiektua, prototipo-fasea babestu, garatu eta publikoarekin aurrez aurre probatzeko logikan oinarritua. Helburua ez da teknologia erakustea, baizik eta euskarazko kultura garaikidean berrikuntza teknologikoa eta transmisioa elkarrekin lantzea.
Proposamena instalazio performatibo inmersibo eta kolektibo gisa definitzen da: “esperientzia sentsorial birtual” bat, Euskal Herriko folklorea gaur egungo ahots eta teknologien bidez bergogoratu eta berresanahitzeko. Esperientzia kasko bidez biziko da: 8D audioan garatutako fikzio sonoro bat, aurrez grabatutakoak eta momentuan sortutakoak elkarreraginean, performance dramaturgiko eta eszeniko baten barnean, erritu kolektibo gisa. Emanaldiak martxoaren 13an izango dira, Azkuna Zentroa — Topagunean (hainbat pase eta edukiera mugatua).
AHAZTU NIREKIN Loraldia-ren ekoizpen propio eta “klasiko” bilakatutako formatua da: Festibalaren lehen ediziotik lantzen den sormen-katea, urtero idazle gonbidatu batek etorkizunari buruzko testu originala idazten duena, zuzenean estreinatzeko. Formatua sinplea eta oso indartsua da: idazkia, zuzeneko musika eta bertsoaren bat-batekotasuna, lehen aldiz entzuten den testuaren inguruan.
2026an, emanaldi berezi hau martxoaren 22an izango da, Guggenheim Bilbao Museoa — Entzungelan (TopARTE programaren barruan): Miren Agur Meaberen narrazio originala abiapuntu, Antton Valverdek zuzeneko musika jarriko du, eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariek, Amaia Agirreren gidaritzapean, testua ezagutu gabe inprobisatuko dute.
BOZAK Loraldiaren beste proposamen propioetako bat da, eta jaialdiaren bi lerro estrategiko uztartzen ditu: emakume sortzailearen presentzia indartzea eta talentu berriei plaza ematea. Hiru sortzailek, banan-banan, poesia, kantuak eta melodiak eskainiko dituzte, hiru estilo eta hiru begirada.
2026an, martxoaren 27an izango da, Bira Kulturgunean: Laura Samek Proze sua ahozko poesia-ikuskizuna estreinatuko du; Juliek Eklore lehen diskoa aurkeztuko du; eta Heitxik Berreraikitze aroa lehen diskoaren unibertsoa ekarriko du.
GOROLDIORIK EZ Loraldiak sortutako ekintza berezienetako bat da: hirian hasi, naturara heldu, eta ibilbidea bera bihurtzen da memoria-ariketa kolektibo. Hirugarren edizioan, martxoaren 21ean, San Mamesetik abiatuta (Iribar estatuatik) Arraitz mendira egingo den ibilbide gidatuan, eta amaieran ospakizun modura Habia taldearen kontzertua izango da Arraitz mendian.
Martxoan zehar, 25 ekitaldik osatuko dute Loraldia Festibala: diziplina anitz, espazio anitz eta publiko anitzentzako proposamenak, euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza elkarrekin aktibatzeko.
Lorazainak Loraldiaren komunitate-sarea dira: gaur egun 4.600 lagun baino gehiagok osatzen dute. Loraldia Festibalaren edizio bakoitzean, jaialdiak programazioko ekitaldi bat aukeratzen du Lorazain Eguna ospatzeko, komunitateari eskerrak emateko eta euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko. 2026an, ekitaldi hori Maitasuna ez da nahikoa izango da: Lorazainentzat sarrera doakoa (aurrez erreserbarekin), eta publiko orokorrarentzat 5€. Mari luz Estebanek idatzitako testu bat Amoranteren musikarekin eta Itziar Garaluceren ikus-entzunezkoekin josiko da.
Gainera, gaur bertan, Loraldiak beste keinu berezi bat izango du Lorazainentzat: jaialdiaren atari moduan, giroa berozeko eta martxoan eskainiko duen aperitibo gisa, Loraldiak Lorazainak gonbidatu ditu 19:00etan Guruzun egingo duen Nøgen taldearen mini kontzertura.
Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du, eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira. Hamabigarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, BERRIA eta NAIZek babestutako ekintzak, Bira Kulturgunea, Elkar, eta KOT.
Erantzun
Sartu