Teknologia albisteak

Jauzia Gara EJren prozesuan hiru ildo eta entzuketa-prozesu bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:59

Iaz Jauzia Gara izeneko prozesu estrategikoaren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzak, 2027an Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko zela iragarriz. Aste honetan, Imanol Pradales lehendakariak prozesuaren berri gehiago eman ditu Euskararen Aholku Batzordearen aurrean egindako agerraldi batean. Hori norabidetan lan egiteko bide-orri bat proposatu zuen Pradalesek, eta Euskararen Ahotsak deituko den entzuketa-prozesu bat izanfo dela ere iragarri zuen.

Jauzia Gara "euskararen biziberritzeak behar duen paradigma gaurkotua elkarrekin eraikitzeko markoa da", nabarmendu zuen Pradalesek, eta azken urtebetean hainbat ekimen eta prozesuren bidez bide berriak urratzen ari direla gehitu zuen, mugimendua martxan dagoela. Hurrengo urratsa hori zabaltzea dela gehitu zuen: euskararen erabilera handitzea, komunitatea indartzea eta euskararekiko lotura berriak sortzea.

Horretarako, Jauzia Garak hiru norabide osagarri planteatzen ditu.

  1. Politika publikoak eguneratu eta gaur egungo errealitateetara egokitzea; testuinguru horretan kokatu ditu migrazioari, aniztasunari eta gizartearen eraldaketei lotutako erronkak, eta kohesio soziala indartzeko beharra.
  2. Euskararen erabilera naturala ahalbidetuko duten baldintzak eta aliantzak indartzea, erakundeen, enpresen, hezkuntza komunitatearen, kultur eragileen eta gizartearen arteko lankidetza berriak aktibatuz.
  3. Euskararekiko lotura emozionalak sendotzea, hizkuntzarekiko motibazioa, atxikimendua eta komunitate sentimendua indartuz.

Pradalesek euskararen erabileran egin beharko den jauzia "bereziki lan-eremuan, aisialdian, ingurune digitaletan, udalerrietan eta eguneroko harremanetan" jokatuko dela esan zuen. Era berean, bilkuran Euskararen Ahotsak deitu duten entzute-prozesu baten berri eman zuren, herritarrek hizkuntzari buruz dituzten pertzepzioak, jarrerak eta esperientziak ulertzera bideratutako ekimena. Berriki irten da lizitazioa prozesu hori abiatzeko, hemen kontratuaren berri.

Argazkia eta informazio gehiago: Irekia.

Erantzun

Sartu