Lau urtez Loraldiak antolatuta Lekeition burutu izan den euskal kulturaren emanaldien zikloa, aurten Sormenaldia bilakatu da eta Markina-Xemein batu da ekimenera. Bi herri, bi aste, olatu bera: Lekeition ekainaren 24tik 26ra eta Markina-Xemeinen uztailaren 1etik 3ra, musika, literatura, bertsolaritza, zinema eta performanceak uztartuz, programazio anitza eskainiko da. Markina-Xemein gehitzen da beraz: hiru eguneko programazio propioarekin, Ipar haizea/Zuberoa ardatz, Mixel Etxekopar eta Maddi Oihenart bezalako proposamenekin. Loraldia Plaza lerroaren apustua: sorkuntza garaikidea arnasguneetan errotu, transmisioa eta komunitatea indartu, eta “olatu berri bat” kultur eremuan utzi.
Sormenaldia 2026 Loraldia Plazaren baitan kokatzen den proposamena da, eta aurten jauzi kualitatiboa emango du: Lekeition errotutako ibilbideari Markina-Xemein gehituta, bi herrietan sei eguneko kultur-programazio trinkoa eskainiko da.
Duela lau urte Loraldiak antolatutako Lekeitioko Sormen Astea errotu zen, eta ordutik “alez ale, hostoz hosto” ari da sorkuntza sustatzen kostaldeko herrian; arnasgune bat da itsaso ondoko plaza horretan. 2026ko edizioak ideia hori indartzen du: euskal kulturaren eragile askok “olatu berri bat” eskatzen duten garaian, Loraldiak kultur eremuan lorratza utzi nahi du, bere balioen inguruan: plaza-formatuak, transmisioa eta publiko berriak. Sormenaldia 2026k argi erakusten du Loraldia Plazaren estrategia: euskal kultura garaikidea tokiko arnasguneetan errotu, diziplinen arteko zubiak eraiki, eta publikoari esperientzia hurbilak eskaintzea. Lekeitioko “olatu berria” eta Markina-Xemeingo “ipar haizeak” irudiek norabide bera markatzen dute: sorkuntza garaikidea, transmisioa eta komunitatea.
Ekainaren 24tik 26ra bitartean burutuko da Lekeition; eta uztailaren 1etik 3ra Markina-Xemeinera egingo du jauzia. Aurten lehen aldiz Markina-Xemein: hiru egun, Ipar haizeak eta Zuberoa iparrorratz.
Sormenaldia 2026ren berritasun estrategiko nagusia da Markina-Xemein programazioan sartzen dela, uztailaren 1etik 3ra bitarteko hiru kultur proposamenekin. Lekeitiotik Markina-Xemeinera mugitzean “Ipar haizeak” joko du, eta Zuberoa izango da iparrorratza: dantza, musika eta sorkuntza garaikidearen bidez. Sormenaldia 2026k diziplina ugari bilduko ditu: musika, teatroa, bertsolaritza, literatura, zinema, performancea eta dantza tailerra.
Programazio anitza honetan badaude hamaika aukera. Ekintza batzuen sarrera doakoa da eta beste zenbaitetan aurretiaz sarrera atera behar da. Lorazainek, Loraldiaren komunitateko kideek, deskontuak izango dituzte sarreren erosketan.
Sarrerek 5€ eta 10€ arteko kostua daukate eta dagoeneko badaude loraldia.eus webgunean salmentan.
Loraldiak antolatutako ekimena da, Lekeitioko Udalaren, Markina-Xemeingo Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesletzarekin, eta NAIZ eta DANOBAT direla laguntzaile.
Erantzun
Sartu