Pizkundea deitu duten ekimenaren barruan, Euskaltzaleon Martxaren bezperetan (ekainaren 13an Iruñean), Euskalgintzaren Kontseiluak hamar urterako erronka bat proposatu du, erakundeei ez ezik, gizarte osoari zuzenduta, «Pizkunderako Erronka» izenburuarekin. Eman beharreko jauzi hau da erronka horren ardatza Kontseiluarentzat: Hamar urteko epean, urtero 30.000 euskaldun oso irabaztea, 300.000 beraz 2036rako. Bost alor estrategikotan eragin behar da horretarako, Kontseiluaren ustez.
Zenbakiak prestatu ditu Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun urtero sortzen diren 13.000 euskaldunen kopurua 25.000 izatera pasa beharko litzateke; Nafarroan, egungo 1.500etatik 3.700era; eta Ipar Euskal Herrian, 440etatik 1.300era.
Eta helburu hori lortzeko, bost arlo estrategikotan jardutea planteatzen du Kontseiluak:
- Hezkuntza arautua. Helburua urtean 180.000 euskaldun oso gehiago lortzeko desafioari heltzea. EAEn horretarako tresna euskarazko ikasteredua orokortzea da, gaur egungo ereduen sistema gaindituz, eta euskara gutxien dutenek euskara gehiago jaso dezaten baliabide eta lanabesak eskainiz. Nafarroan, giltza murgiltze eredua % 40era hedatzea litzateke, eta horrekin batera, ikasle guztiek jasotzea, gutxienez, euskara ikasgai gisa. Ipar Euskal Herrian ere, Nafarroan bezala, euskarazko murgiltze ikastetxeen hedatzean dago gakoetako bat, eta, halaber, ikasle denen curriculumetan euskarazko ikasgaia txertatzean. Jakina, Iparraldeko kasuan ezin ahaztu ibilbide akademiko osoa, Batxoa azterketa barne, euskaraz egiteko bermea eskuratzearen garrantzia.
- Helduen euskalduntze-alfabetatzea. Hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea da erronka: 100.000 EAEn, 14.800 Nafarroan eta 5.200 Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, ezinbestekoa izango da euskara-ikasketen doakotasuna, erakundeen eta gizarte-eragileen jarduna koordinatuko duen agentzia berri baten sorrera, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudia eta plangintzak sustatzea.
- Baliabideak. Euskararen normalizaziorako hizkuntza-politiketara bideratzen diren diruetan ere jauzi bat ezinbestekoa da, larrialditik indarraldirako bidea egingo bada. Egun, Euskal Herriko hiru administrazioetako gobernuek, batez beste, aurrekontuaren % 0,45 bideratzen dute hizkuntza-politikara. Hala, eta hizkuntza politikaren ardura maila guztietako erakunde publikoetara zabaldu asmoz, bai gobernu, aldundi, udal zein bestelako organismoetara, inbertsioa Euskal Herriko aurrekontu kontsolidatuaren % 2ra igotzea da proposamena.
- Arkitektura juridikoa. Arlo honetan beharrezkoa da jauzia. Normalizazio eta biziberritze zikloa abiatuko duten hizkuntza-politikak bermez eta iraunkortasunez egin ahal izateko, euskarak ofizialtasun osoa behar du Euskal Herri guztian. EAEn egungo oldarraldi desofizializatzailea etetea ezinbestekoa da, eta arkitektura juridiko berriak saiatzea. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskara ofiziala eremu osoan izatea, eta Ipar Euskal Herrian ofizialtasun estatusa eskuratzea. Erronka handia dudarik gabe, baina euskaltzaletasun indartsu batek ekar dezakeena.
- Euskarazko ekosistema oso bat. Euskaraz bizitzeko behar diren baldintza errealak modu integral eta zeharkakoz eratzea. Kulturan, aisialdian, ingurune digitalean, ehundura sozial osoan…Horretarako politika publikoez gaindi ezinbestekoa izango da euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua; ezinbestekoa izango da euskaltzale bakoitza jabetzea, ahalduntzea eta antolatzea. Azken batean, euskaltzaletasun aktibo eta antolatu hori izango da erronka gauzatu ahal izateko funtsa.
Informazio gehiago, Kontseiluaren webgunean.
Erantzun
Sartu