Sustatu logoa Teknologia albisteak

Azpidatzien erabilera MUtelebistan

Joxe Aranzabal
2013-12-30 12:30

MUtelebistako talde eragileak bi gauza zituen argi erabaki hori mamitzeko orduan: batetik, badirela hainbat telebista munduan hori egiten dutenak, hala nola Israelen, Bruselan eta Estonian; bestetik, gure artean ohitura falta izugarria dagoela azpitituluak erabiltzeko, are handiagoa bi hizkuntzatan.

Gure arteko ohitura falta hori aintzat hartuta, talde eragileak bi erabaki tekniko hartu zituen, irakurketa errazagoa izateko:

  1. Zerrenda iluntxo bat jartzea beti azpidatzien eremuan, pantailaren behe partean, ziurtatzeko azpidatziak ondo irakurriko zirela, atzeko irudiak gorabehera.
  2. Azpidatzien lerro bakoitzari kolore bat ematea —horia eta zuria—, irakurlearen lana errazte aldera.

Telebistako aurkezleak beti hasten ditu emanaldiak euskaraz, horixe baita MUtelebistaren hizkuntza nagusia, baina berak dioena beti itzultzen da gaztelaniara eta ingelesera, azpidatzien bidez. Aldiz, elkarrizketatu batek gaztelaniaz hitz egiten duenean, bere horretan uzten dira adierazpenok, eta orduan azpidatziak euskaraz eta ingelesez ematen dira. Berdin elkarrizketatuak ingelesez egiten duenean berba. Hori da dinamika MUtelebistan.

Sistema horri esker, MUtelebistaren saioak nazioartean ere ikusten dira, Europan eta Ameriketan bai, behintzat. Bigarren ikasturtean, adibidez, VIA unibertsitateko bi irakasle etorri ziren Danimarkatik Mondragon Unibertsitatera, ikusteko zelan egiten den MUtelebista, eurek ere horrelako telebista bat egin nahi zuten-eta hantxe.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu