Euskalgintzaren Kontseiluak balorazio positiboa eta baikorra egin du asteburuko Pizkundea ekitaldiaz, Bilbao Arena milaka euskaltzalez bete zuen ekintzaz. "Aurrera begirako erronketan jarri dugu fokua", dio balorazio oharrak. Beste deialdi bat antolatzen hasiko dela iragarri du Kontseiluak, datorren ekainaren 13an Iruñean, eta hartara begira "Euskaltzaleen gida" delakoa publiko egin du, lelo edo eskari nagusi batekin: Antolatu.
Komtseiluaren ustez, "euskaltzaleok ekiteko garaia da: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia." Horretarako proposamena aurkeztu dute, 'Euskaltzaleon gida' izenekoa, Pizkundea.eus webgunean ikus daitekeena eta hona ere badakarkiguna:
Euskaltzaleon gida
- Euskalduna bazara euskaraz bizitzeko hautua egin: erabili bizimoduko eremu guztietan, lehenetsi euskarazko kultur eskaintza, euskarazko hedabideak, euskarazko edukiak… Erraztu zure jarrerarekin euskaraz zailtasun gehiagorekin ari direnak eroso sentitzea. Hurbildu euskara ez dakitenei. Ohartu euskara minorizatutako hizkuntza dela eta zu zeu minorizatutako hiztuna. Euskararen alde hartzen ez den erabaki bakoitzak minorizazioa indartzen duela. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
- Euskararen jabe ez bazara, eman ezazu ikasteko urratsa. Edo, behintzat, euskarara hurbiltzeko pausoa. Erraztu zure jarrerarekin euskara normal erabiltzeko aukera. Eman euskara zure ondorengoei. Ohartu minorizatutako hizkuntza bat dela euskara eta minorizatutako hiztun komunitatea euskaldunena, eta ondorioz babestu haien aldeko berdintasun eta berme politikak. Euskararen alde hartzen ez den erabaki bakoitzak minorizazioa indartzen duela. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
- Ez normalizatu eta isildu hizkuntza-eskubideen urraketarik. Eman horren berri Hizkuntz Eskubideen Behatokiari Euskararen Telefonoaren bidez. Gauzak aldatzeko garrantzitsua da gertatzen zaigunaren berri elkarri ematea eta plazara ekartzea. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
- Zure ingurukoekin partekatu euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka. Hitz egin hizkuntzen auziaz, zure bizipenez. Entzun besteenak. Izendatzen ez dena ez da existitzen. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
- Zure lehentasun sozial eta politikoetara ekarri euskararen auzia. Beste hainbat gairekin egiten duzun bezala, zure botoa erabaki aurretik ezagutu aukeran dauden indar politikoek nolako hizkuntza-politika proposatzen duten. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
- Antolatu euskaltzale gisa. Egungo munduan euskaraz bizitzeko –eta euskara bizi dadin– ezinbestekoa da beste Pizkunde bat eragitea. Eta hori gertatzeko euskaltzaleen mugimendu indartsua behar da. Beraz, antolatu. Antolatu euskalgintzak horretarako eskaintzen dituen erakundeetan: hala nola, herrietako euskara elkarteetan, Taupa mugimenduan edota Euskal Herrian Euskarazen. Halaber, antolatu euskaltzaleak kuadrilletan, ikastetxeetan, lantokietan, kirol eta kultur elkarteetan, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdien baitan. Gure bizimoduko gune horietako bakoitzean bultza ditzagun euskararen aldeko erabaki, jokabide eta jarrerak. Euskararen alde hartzen ez diren erabakiek minorizazioa indartzen dute. Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da Pizkunderako.
Argazkia, Wikimedia Commons, cc-by-sa.
Erantzun
Sartu