Berri ezin hobea irakasle eta ikertzaileentzat: curriculum sorgailu automatiko bat sortu da, ordezkatu dituena lege zaharreko CV guztiak. Ez harritu: Google da CV sorgailu hori, bertako bilatzailea. Zure izen-deiturak hor sartzea dagoeneko ez da egoa elikatzea soilik, eginbeharreko ezinbestekoa baizik.
Jo Hawkins blogari australiarrak artikulu bat idatzi du, oso interesgarria, Historypunk blogean. Bertan gomendatzen die irakasleei, batez ere humanitateen esparruan dabiltzanei, landu dezatela on line ospea, horretarako jarrera proaktiboa hartuta, adibidez, blog bat sortuz. Hori eginez, irakasleak edukiak sortu ez ezik, harremanak ere eraikiko ditu.
Zortzi arrazoi zure on line ospean inbertitzeko:
- Konekta zaitez komunitate batekin, zure ardurak partekatzen dituena. Nahiz eta zure lan esparrua oso estua izan, sarean beti aurkituko duzu jendea, partekatzen dituena zure interesak.
- Utzi jendeari zu hobeto ezagutzen. Blog batean, adibidez, errazago ikusiko du jendeak zer jarrera duzun bizitzan, CV formal batean baino. Are gehiago: erabaki dezakezu zure marka pertsonala lantzea zure nortasuna eta zure lanaren inguruan. Era horretara, jendeak errazago aurkituko zintuzke Googlen.
- Hobetu zure idazteko modua. Blogetan laburrago idazten da lan akademikoetan baino, 500 eta 1.000 hitzen artean. Hori dela-eta, blogak aukera ematen dizu hainbat idazkera esperimentatu eta erabiltzeko, beti aintzat hartuta adierazi beharko dituzula ideia konplexuak modu sinplean.
- Landu ideiak, jaso informazioa eta elkarlanean aritu. Zientzia aldizkarietan ez bezala, blogean feedbacka bat-batekoa da. Horrek izua eragiten die ikertzaile askori, baina aintzat hartu abantailak: zeu zara zeure ideien erantzule, eta erantzun behar izateak lagun diezazuke zeure argudioak indartzen.
- Eraiki plataforma iraunkor bat, non sustatuko duzun zeure lana. On line presentzia sortzea eta horri eustea epe luzeko estrategia da. Ez da artikulu bat edo ikerkuntza proiektu bat sustatzea. Komunitate bat sortzea da.
- Areagotu zure aldizkarietako artikuluen aipamen kopurua. 2011n Melissa Terras (@melissaterras) humanitate digitalen ikertzaileak aztertu egin zuen blogaren eta Twitter kontuaren eragina bere ikerkuntza lanetan. Publiko egin zituen horietako 26 lan, eta haizea eman zien bloga eta hedabide sozialen bidez. 24 orduren buruan, lan bakoitza batez beste 70 aldiz jaitsi zen. Bada zerbait.
- Probatu bizitza intelektual publiko moduan. Egilearen iritziz, irakasleek badute erantzukizun bat audientzia zabalekin-eta aritzeko. Horretan bloga oso lagungarria izan daiteke.
- Izkin egin argitaratzaile akademikoek zure ospean duten eraginari. Lan akademiko bat idazten denetik argitaratu bitartean 6 hilabete eta 2 urtebete igaro daitezke. Gaur egun ikerkuntzaren eragina neurtzen bada artikulu bat zenbat aldiz aipatu izan den, poliki-poliki neurri hori osatu egin beharko da beste parametro batzuen arabera, hala nola, eduki jakin bat zenbat aldiz ikusi, partekatu, gogoko izan edo komentatu den.
Erantzun
Sartu