Teknologia albisteak

Euskarazko fikziorik ez ETBn

Erabiltzailearen aurpegia
2019-11-06 : 01:00

Zenbat egin dugun atzera 30 urtez! Euskararentzako hondamendia. ETBk fikzioa espainieraz ematen du (espainerara bikoiztua, zehatzago esanda), salbuespenak salbuespen, eta etorkizunean ere hala emanen du. Argi utzi zuen Maite Iturbek, EITBko zuzendari nagusiak, 2019ko urriaren 9ko EITBren Kontrol Batzordean. Aurkeztu behar zuen “ETBren eredu berrian euskarak izango duen lekua indartzeko proposamen zehatz bat”. Esan zituenak baino, esan gabekoak izan ziren argigarriak. Esan zituenak: ETB, “zerbitzu publiko modura, populazio osora heldu behar du”, “gure artean elebakarrak ditugun bitartean (…) EITBren eskaintza jasotzeko eskubidea dute”, “EITBk euskal gizarteari egiten dion ekarpen nagusietako bat da gizartea entretenitzea”, “baliteke gauzak aldatzen hasiz gero, audientziaren errefusa suertatzea”.

Bueno, ba horretan arrazoia du Maite Iturbek: orain hizkuntza espainiarrean zentraturik dagoen ETB euskaran zentratuko balitz, audientzia handia galduko luke. Espainiera hizkuntza hegemonikoa delako, eta euskara gutxitua. Baina batzuek uste dugu ETBk egoera horri buelta ematen lagundu beharko lukeela.

Eta EITBko zuzendariak ez zuen deus esan gaztelaniak ETBko fikzioan duen erabateko nagusitasunaz. Beraz, ondoriozta daiteke:

1.- Orain arte bezala, fikzioa, oro har, espainierara bikoiztua emanen du ETBk.

2.- Ez du fikzioa euskarara bikoiztua emanen, askoz ere audientzia txikiagoa izanen duelako.

3.- Ez du fikzioa jatorrizko bertsioan emanen euskarazko azpitituluekin. Euskarazko audioa duen fikzioak jada audientzia txikia baldin badu (hizkuntza hegemonikoen aldean), ETBk inola ere ez ditu ordainduko filmen eta serieen emisio-eskubideak hain audientzia txikia duen produktu bat emititzeko.

4.- Agur Filmin.eus, euskarazko Netflix eta gisakoen ametsari. Ez badira euskarazko serieak egiten, ez badira filmak euskarara bikoizten eta azpititulatzen... Filmin.eus bezalako plataforma batek ez dauka zer eskaini. Filmin.es plataformak 5.000 eduki ditu (film eta serie) katalanez, eta 37 euskaraz (hala azaldu zuen Jaume Ripoll Vaquerrek Ezkerraberri Fundazioak antolatutako biltzar honetan: "Ikus-entzunezkoen erronkak Europako hizkuntza ez-hegemonikoentzat").

Bada beste gauza bat Maite Iturbek esan zuena: "kirol emankizunak ETB1en emateak" "elebidun pasiboak erakartzen" ditu, eta "euskararen erabilerari prestigio soziala ematen dio". Beraz, kirolak ETB1en segituko du, ETB1en diru partidaren zati handi bat jaten (handiena?), ez du kirolik euskaraz emanen ETB2n, eta asteburutan, orain arte bezala, ETB1 kirol kate bihurtuko da, ETB2k filmak eta serieak espainieraz ematen dituen bitartean.

Beste hau ere esan zuen EITBko zuzendariak: "Egun (...) ETB1 eta ETB2 egiten ditugu; bi kanal (...), Galizian TVG kanala egiteko duten aurrekontuarekin". Bueno, TVGk ere bi kanal ditu. Eta han, PPko Feijooren telebistan, fikzio guztia galegoz da, serieak galegoz filmatzen dituzte, esaterako Netflixen eskaintzen den "O sabor das margaridas"... Beren hizkuntzan filmatzeko eta beren hizkuntzara bikoizteko erabaki politikoa hartu dute, eta eusten diote. Eta, seguru, fikzioa gaztelaniaz eskainiz audientzia handiagoa izanen lukete, eta kostu txikiagoa. Eta, bestalde, zergatik da ezinezkoa gaur egun ETBn fikzioa euskaraz ematea, TVGren aurrekontu berarekin, eta ez zen 1990eko hamarkadan? 1990eko abenduaren 11tik 16ra, ETBk film hauek eman zituen euskaraz: "Tertziopelo urdina", "Wife Mistress", "Zeruak itxaron dezake", "Cagney eta Lacey", "Lenz edo askatasuna" eta "Hibernatus". Eta ez hori bakarrik; serie hauetako hainbat kapitulu ere bai: "Riptide", "Star Treck", "Wolf", "Egun alaiak", "Ray Bradburyren teatroa" eta "Roseanne". (Berriak sarean eskura jarri duen Euskaldunon Egunkariaren hemerotekatik hartua). Eta ordurako existitzen zen jada ETB2. Zenbat egin dugun atzera 30 urtez! Euskararentzako hondamendia.

Maite Iturberen hitzaldia, audioa eta testu idatzia: https://www.legebiltzarra.eus/ultimos/e_ultimos_com_11.html

 

Erantzun

Sartu