Iruña-Veleia Argitun El Correoren bidez izan dugu gaur epaiaren berri, prozesu honetan ohikoa bihurtu dena eta ezarri diguten sistema judizialaren “mailaren” erakuslea dena. Epai horren aurka gaudela adierazi behar dugu honako arrazoi hauengatik:
- Epaiketan eskubide guztiak urratu dira, Eliseori ez diotelako grafitoak Europako laborategi onenetan datatzeko baimenik eman, azken 12 urte hauetan utzi ez dioten moduan. Hori onartezina da. Faltsuak direla uste badute, zergatik ez diote utzi beste laborategi batean egiten uzten?
- Hasieran 400 grafito faltsuak zirela zioten eta orain Epaileak 36 direla dio eta hori esateko Ministerio de Culturaren laborategiak egindako analitika bat erabili dute. Baina laborategi hori ez da inpartziala, Ministerio horretako kide batzuk euskalduntze berantiarra zabaltzen ari direlako eta Iruña-Veleia hankaz gora jartzen diotelako teoria hori. Gainera epaiketan perituak frogatu zuenez, azaletan zeuden metal modernoen arrastoak ez dira idaztearen ondorioz egindakoak, garbitzean edo garraiatzean kontaktuen bidez itsatsitakoak baizik. Zeren beldur dira beste laborategitan egiten ez uzteko?
- Epaiketan ikusi genuenez, Museoko langile berriztatzaileek grafitoak mikroskopioan aztertu ondoren haientzat benetakoak zirela esan zuten, adibidez, ez duela RIP jartzen, hiru santutan marrak direla, zartatuekin. Zergatik epaileak ez ditu adierazpen garrantzitsu horiek kontuan hartu?
- Lurmenek urte askotarako kontratua zuen eta ez zuen gauza arraroak agertzeko inolako interes ekonomikorik, Epaileak dioen moduan. Agertzen ari diren platerekin, pitxarrekin eta bestelako tresnekin, konpontzen ari ziren hormekin… Hemen onura atera duen bakarra EHUko Arkeologia Saila izan da, Lurmen kanporatu ondoren haiek sartu zirelako eta 1.500.000 eurotik gora kobratu dutelako. Eta egin zuten lehenengo gauza, buldozerrarekin egindako triskantza hura izan zen. Zergatik ez dute akusatuen jesarlekuan egon behar dena jartzen, hau da, EHUko Arkeologia Saila?
- Epaiketan ez dute frogatu nork faltsifikatu omen zuen, noiz eta nola. Orduan nola da posible delitu bat dagoela esatea frogarik gabe?
- Iruzurraren delitua ere onartezina da, Cerdanen lanagatik Eliseok ez zelako euro batekin ere geratu. Nola leporatu ahal zaio hori?
Lurmenek, noski, epai bidegabe hau errekurrituko du.
Une honetan inoiz baino beldur gehiago dugu grafitoak ez ote dituzten suntsituko. Ez daitezela hori egitera ausartu!
Justizia datazioak egitea lortzen dugunean egongo da. Bitartean hemen izango gaituzte aurrez aurre, euskeraren eta herri honen duintasuna defendatzen!
Iruña-Veleia Argitu
2020ko ekainaren 10ean
Erantzun
Sartu