Sustatu logoa Teknologia albisteak

ACTA tratatua errefusatu berri du Europako Parlamentuak

Inaki Irazabalbeitia
2012-07-04 15:28

Tratatua isilpean hasi zen 2006an negoziatzen Japonia eta AEBren artean. Geroago estatu gehiago batu zitzaizkion negoziazioari, tartean Europako Batasuna. Negoziazioak isilpekoak izan ziren harik eta 2008ko maiatzean Wikileaks filtratu zituen arte. Lehenengo sinatzaileek, ACTA 2011ko urrian sinatu zuten: AEBk, Australiak, Kanadak, Japoniak, Marokok, Zeelanda Berriak, Singapurrek eta Hego Koreak. Urtarrilaren 26an Europako Batasunak eta bere kideetako 22k sinatu egin zuten. Sinatu ez zutenen artean Alemania eta Herbehereak egon ziren. Espainiak eta Frantziak sinatu egin zuten. Alabaina, Batasunaren lurraldean indarrean sartzeko beharrezkoa da Europako Kontseiluaren, Europako Parlamentuaren eta kide diren estatu guztien adostasuna. Beraz, ACTA ez da EBn indarrean egon.

ACTA dela eta Europako Parlamentuak hasieratik kezkak izan ditu tratuaren negoziazioaren moduaz eta bere edukiez, Europako herritarren eskubide zibilak eta askatasunak arriskuan jar zitzakeela uste izan duelako. Izan ere, jabetza intelektuala zaintzearen aitzakian Internet erabiltzaileen nabigazioaren kontrola areagotzeko ateak zabaltzen dituelako eta datu pertsonalen babesa urratzen duelako. Era berean, hirugarren munduan botika generikoen garapena eragoz dezake osasun-adituen arabera. Hori dela eta, 2010eko martxoan tratatuaren negoziazioan gardentasuna eta herritarren eskubide zibilak eta askatasunak zaintzea eskatzen zuen ebaspen bat onartu zuen. Aurten bertan, Otsailaren 22an, Europako Justizia Epaitegiari ebazpen eskatu zion ea ACTAren testuak Europako Batasunaren oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen ote dituen.

Gaur, azkenik, Europako Parlamentuak ACTA tratatua errefusatu egin du gehiengo oso handi batez eta, ondorioz, Europako Batasuan ez da indarrean sartuko. ACTA ez dago horregatik hilda, gainerako sinatzaileen esparruan aplikatzekoa delako, baina oso zauri larria jasan du.

Horretan eragin handia izan dute, dudarik gabe, Europako Parlamentuak jasotako kontrako 2,8 milioi sinadurek. Hortaz, sozietate zibilaren garaipentzat jo daiteke gaurko emaitza. 

Berri ona izan da hau ez bakarrik herritarrontzat baita IKTen eta softwarearen esparruan dabiltzan Europako enpresa txiki eta ertainentzat ere.

 

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu