Teknologia albisteak

EUSPOT lehiaketaren zazpigarren edizioko gaia “Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” izango da

Erabiltzailearen aurpegia
2017-12-14 : 16:27

Aurkeztu da Euspot 2018ko edizioa. Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketaren zazpigarren edizioa martxan da. Parte-hartzaileek maiatzaren 2ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot!

“Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa eta aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduraduna Edurne Balzategi eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan dira Iban Garcia youtuberra eta Ana Goitia instagramer ezagunak, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.

Aurkezpen ekitaldiko argazkiak: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157690960048675

2017ko lehiaketa orain arteko arrakastasuena izan zen. Guztira 51 lan aurkeztu ziren, Euskal Herri osoko autoreek eginak, eta aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 31 lan jaso zituen epai-mahaiak. Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, 2017ko edizioan bost eguneko epean 2.800 bototik gora eman zirela sarean lan gustukoenak aukeratzeko. Asmoa da euskarazko sormena bultzatzea. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.

Aurtengo berrikuntzak

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, musika sinkronizazio onenaren saria izango dugu aurten Audionetwork-ek eskainita eta bestetik, formazioan egingo da saiakera berezia, Euskal Herri osoko hainbat eskolekin harremanak sendotu eta formazio saio gehiago eskainiko dira.

Aurtengo gaia: “IRUDI DIGITALA GURE BIZITZAKO HARREMANETAN”

Aurten, Euspot lehiaketak sare sozialen erabileraren inguruan hausnarketa egitea nahi du. Sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dira, eta horrek gure artean harremantzeko moduak ere baldintzatzen ditu. Nerabe zein helduok, sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari garrantzia handiegia ematen ote diogu? Alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten ote diogu? Horretaz jabetu behar gara. Sare sozialetan eman beharreko irudiak baldintzatzen gaitu? Besteek esango edo erantzungo dutenaren arabera jokatzen dugu? Nahi duguna bakarrik erakutsi edo esaten dugu? Sare sozialak, gure esku dauden erremintak, jendeak gutaz nahiko lukeenaren erakusleiho edo eragile bihurtu ditugu? Dena ez da erreala, fikzio asko dago bertan eta guztia ez da dirudiena; ez jauzi tranpa horretan. Zure jokamoldea aldatzen ari zara ‘atsegin dut’ edo jarraitzaile gehiago lortzeko?

Lanak aurkezteko epea

Parte-hartzaileek maiatzaren 2ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

2.550 euro saritan

Bost sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro

5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot!

Erantzun

Sartu