Uda iristear da, eta harekin batera iritsiko dira musika jaialdien melodia eta zaratak. Hirietako markesina, zutabe eta hormetan dagoeneko aurki daitezke orotariko festibalen afixak: festibal txiki eta handiak, merke eta garestiak, rockeroak eta poperoak. Euren arteko ezberdintasunak ugariak dira, baina horiek denek badute zerbait komunean: emakume musikarien falta nabarmena.
Azkeneko hilabeteotan kide feminista ezberdinek jo dute alarma, “geure” Azkena Rock Festibalaren (ARF) emakume-kontratazio eskasaren ondorioz. Gasteizko jaialdian ehun bat artista igoko dira taula gainera. Horietatik bakarra da emakumea. Salaketaren aurrean, ARFko zuzendariak betikoa esan du: ez dagoela nahikoa emakume rock munduan. Nahi bai, baina ezin izan dutela emakume gehiago kontratatu, kalitatean erreparatu dutela, ikusleek nahi dutena bestelakoa dela.
Zoritxarrez, ARFaren kasua ez da salbuespena, araua baizik. Euskal Herriko musika jaialdiek ez dute parekotasunaren alde hatzik mugitu, urtero-urtero emakumeak gutxiengo bihurtzen dituztelarik (hurrengo orrialdeko grafikoa ikusi). Estatu mailan ere irudia berdintsua da. Kasu hoberenean –Sonar–, emakumeak taldekide guztien %22 dira. Kasu tamalgarrienean –ViñaRock–, kopurua ez da %4ra ere iristen*. Gelditu une batez eta irudika ezazu. 96 gizon, 4 emakume.
Emakumerik ez rock munduan?
ARFeko zuzendariaren azalpenek zentzudunak dirudite. Emakumerik ez badago, nola lortuko dugu bada parekotasuna? Rockzaleek ere antzeko erretorika erabili dute, emakumeek ez dutela rockean interesik esanez. Rockzale hauek behin eta berriro ahazten dutena zera da, emakumeek rockean duten interes falta ez dela biologikoa, egunero errepikatzen ditugun aurreiritzi eta opresio txikien emaitza baizik. Horregatik, espazio publikoetara emakumeak erakartzeko bide bakarra emakume horiei bidea irekitzea da. Beste hitzetan esanda, gizonezkook alde batera jo eta protagonismoa elkarbanatzea.
Erantzun
Sartu