Goxoa da Izaro Andresen (Mallabia, 1993) musika; kaleratu berri duen OM diskoak meditaziorako deia egiten du, egunerokotasunaren erritmo biziari esku-balazta jarri, eta bizitza lasaitasunez eta sinpletasunez gozatzeko gonbita luzatuz. Energia positiboaz kutsatu gaitu abeslariak.
Berezko dohain baten jabe da Izaro. Kanturako bereziki egindako dirudien ahots goxoa txikitatik erabili du abeslariak, eta musika ikasketarik egin ez duen arren, beti egon da musikari lotuta. Bere zaletasuna hurrengo mailara eramateko gai izan da Izaro, eta bere kabuz gitarra jotzen ikasita, kantu fresko eta ederrak sortzeari ekin dio. Irailean kaleratu du OM bere lehen diskoa, Iker Lauroba –gitarra eta pianoa–, Ane Bastida –baxua eta kontrabaxua– eta Oriol Flores –bateria– bandarekin batera.
Zer aurkituko dugu zure lehen lan honetan?
Oso lan pertsonala da OM. Izenak emozioei egiten die keinu, alde espiritualari; lan hau energiarekin dago lotuta, mantra baten modukoa izan da. Unibertsoaren bibrazioei egiten die erreferentzia. Esentziara jotzen saiatu naiz, eta baita sinpletasuna lortzen ere. Osorik autoekoiztutako lana izan denez, ez da bide erraza izan; erabaki guztiak neronek hartu behar izan ditut. Haurdunaldi baten antzekoa izan dela esango nuke! Dena den, pozik eta eskertuta nago emaitzarekin.
Abestiak zuk sortutakoak dira; kontatzen dutena loturarik al du zurekin?
Idazten dudan guztia pertsonala da; neroni edo gertukoren bati gertatutako gauzetan inspiratzen naiz. Amodio mina, negarra, nostalgia, malenkonia… Abestiak sortzea terapeutikoa da niretzat, mina polita izan daitekeelako abesti baten bitartez. Ez dut idazten sentitu ez dudan ezer. Zentzu horretan, uste dut diskoa entzuteko erraza dela; mimo handiz egindako proiektua da, emozionala. Bestalde, hiru hizkuntzatan kantatzen dut, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; abesti gehienak euskaraz daude, baina hizkuntza bakoitzak balio izan dit unean sentizen nuen hori modurik zuzenenean adierazteko.
Naturaltasun eta soiltasunez igotzen zara oholtza gainera.
Hasieratik bilatu dut formula hori; entzuleekin harreman intimo bat bilatzen dut, niretzat oso garrantzitsua da haiekin komunikatzea; kantatzen ari naizenean, aurrean daudenei sentipen batzuk eragitea bilatzen dut. Instrumentazioa oso soila da; bandakoekin hasieratik adostu nuen hori, gutxiago gehio dela uste baitugu. Diskoaren izena ere, ideia horretatik abiatuta aukeratu nuen; oso luzea ez zen izen bat nahi nuen, eta era berean, dena bilduko zuena, naturala, organikoa. Bandan oso rollo energetikoa eta espirituala dugu, emozioak azaleratzen ditugu, eta hortik atera zen erlijio askorentzat mantra gorena den om, unibertsioko gauza guztiak sortzen dituen bibrazio hori; lasaitasun horretan omen dago gauza guztien funtsa, eta neronek ere nire esentzia bilatzen nuenez, sinple eta erreza zen hitz hori aukeratu nuen.
Alicia Keys abeslari ezagunak bere burua ez makilatzea erabaki du, naturaltasuna aldarrikatuz; zer deritzozu?
Pauso garrantzitsu bat eman duela iruditzen zait. Ez margotzea, lehen begiratuan, ez dirudi horrenbesterako, baina konturatu behar gara denok egiten dugula egunero, eta beraz, ez margotzeko aukera hori dugun arren, ez dugu egiten, diotenaren beldur garelako. Badakigu ez gaudela behartuta, baina ezin diogu egiteari utzi.
Zuk, zein puntutaraino zaintzen duzu zure irudia eszenatokian?
Kontzertu bat dudanean kontuan izaten dut soinean dudana, eta baditut horretarako bereziki gordetzen ditudan arropak. Bestela, ez naiz asko makilatzen edo apaintzen gehienetan; kontzerturen batean, denbora faltagatik, ez dut orrazteko astirik ere izan. Dena den, garrantzitsua iruditzen zait jendeak ikustea jotzen ari diren artista horiek diren moduan, natural; batez ere gazteentzat garrantzitsua dela iruditzen zait. Nik neuk badaukat etxerako lan bat pendiente; emakumeok gorputzean ilea dugula aldarrikatu, eta ileekin ere sexiak garela adierazi. Egunen batean ausartuko naiz eszenatokira gonaz eta depilatu gabe ateratzen.
ELKARRIZKETA OSORIK: GAZTEZULO.EUS
Erantzun
Sartu