Teknologia albisteak
1

Galder Izagirre: "Photoshopak gizartearen etika jartzen du ezbaian"

Erabiltzailearen aurpegia
2015-01-19 : 10:07

Abenduko aldizkarian Galder Izagirrerekin (Irun, 1974) musikaren munduan izandako ibilbideaz solastu ginen. Orain, bere beste pasioan sakonduko dugu, argazkilaritzan. 16-17 urterekin, argazkilaritza ikastaro bat egin zuen, eta teorian ikasitakoak praktikan jarri asmoz, dirua aurreztu eta Pentax P30 bat erosi zuen. Hainbat urtetan etxeko tiraderan hautsa hartzen egon zen, baina Fermin Muguruza eta Dut egitasmoaren baitan egindako biran, 1998an, bidaide eraman zuen. Azken aukera zen: probetxua ateratzen zion edo saldu egingo zuen. Bidaia horretan, irudimena eta sormena elikatzeko espazio amaigabea ireki zion kamerak, eta ordutik ez du tiraderan berriz gorde. Egun, Diapositivisme estudioan burutzen du bere lan profesionala.

Testua: Aitor Abaroa. @abaroa37
Argazkiak: Ainhoa Elizondo Genua


Zein izan ziren zure lehen influentziak?
Aldizkari frantsesak. Irunen bizita, Hendaiara joaten nintzen aldizkariak erostera, eta orrietan argazki interesgarriak bilatzen nituen. Asko gustatzen zitzaidan, adibidez, argazkilari frantses bat, Denis Rouvre; estilo garaikidea duen erretratista da. Aldizkari haietako argazkiak ikusita konturatzen nintzen Frantzian eskaintza bisual handiagoa zegoela. Adibide ona da Libération egunkaria; lehenak izan ziren azala goitik behera argazki bakarrarekin osatzen, eta barruko orrietan ere nabaria zen editorearen esku hartzea. Gurean argazkiak kriterio handirik gabe sartzen dira, edonola moztuta. Eta askotan ez da argazkilariaren akatsa izaten, gutxieneko irizpidedun editore bat edukitzeko aukerarik ez izatearena baizik.

Zuk kaleko zein estudioko argazkilaritza lantzen duzu.
Asko gustatzen zait argazkilaritza soziala; inguratzen zaituen horretara irekita egotea eskatzen du, eta berez dauden elementuak, argiak zein itzalak, modu bizkorrean ondo kudeatzen jakitea. Estudio lanak, aldiz, planteamenduari zor dio gehiago; zuk nahierara kudeatzen dituzu objektuak eta argi-itzalak. Eta hala ere, zaila da ideia ona aurkitzea. Adibidez, Chema Madoz bezalako argazkilariak gehiago miresten ditut artista edo pentsalari bezala, argazkilari bezala baino. Bere argazkiak teknikoki  perfektuak dira, baina erakargarriago zaizkit argazkietan planteatzen dituen ideiak. Teknika, musikan bezala, garrantzitsua da, baina ez da guztia. Zailena ideia sinple eta onak izatea da.

Argazkilaritza soziala deritzozun horretan, aldiz, intuizioak balio du gehiago?
Garrantzitsuena ‘egoera mentala’ da, pertzepzio gaitasuna. Inkontzientea ezustean gerta daitezkeen gauzekiko errezeptibo izan behar duzu, eta uste dut hori landu eta garatu egin daitekeela; seigarren zentzumen halako bat. Hori garatzen duzunean, zurekin doazenek ezer ikusten ez duten lekuan zu gai zara gauzak ikusteko, eta era berean, modu azkarrean erreakzionatzeko. Bidaiatzen dudanean, adibidez, argazki asko kotxetik egiten ditut.

galder_1421062422

Zure iritziz, estetikak ala atzean dagoen mezuak du pisu handiagoa?

Politena biak uztartzea da. Alberto García Alixen edo Sebastiao Salgadoren argazkiak, adibidez, estetikoki zein teknikoki perfektuak dira, baina muinean istorio arrailgarriak dituzte. Noski, argazkilari guztiek ez dute hori lortzen. Argazki batek arrakala bat eragin behar dizu barruan, zerbait mugitu behar dizu. Estetikoa bakarrik den argazkia hutsala da, ez dauka ibilbide handirik.

Zer duzu gustukoago, jendea erretratatzea ala arkitektura, paisaia edota objektuak?
Hasi eta lehen bi urteetan, ez nuen jenderik ateratzen. Jendea nola harrapatu nahi nuen ziurrago jakiteko beharra sentitzen nuen, eta horregatik ‘natura hila’ edo eraikinak eta objektuak ateratzen nituen. Gaur egun, aldiz, argazki on batean gehien baloratzen dudana jendea da. Pertsona ez da objektu hil bat, eta ezin dezakezu prestatu. Ondorioz, pertsona horrek izan dezakeen segundu miresgarria harrapatzeko gaitasuna izan behar duzu, eta hori oso zaila da, oso obserbadorea izan behar zara.

Hala ere, eraikinak, kaleak edota hormak errekurrenteak dira zure lanetan.
Beti iruditu zait hiri berri batera iristen zarenean bertako paretek informazio asko ematen dizutela; lehen informazio iturria paretak dira. Zer dago idatzita? Zein kartel edo grafiti dute? Pintadak sozialak, politikoak edo bestelakoak dira? Edo ez dago pintadarik? Paretek asko hitz egiten dute.

Adibidez?
Zurichera bazoaz, grafiti pila bat ikusiko duzu, oso ondo egindakoak, hirian hip-hop asko eta bizikleta zein skate kultura handia dagoela iradokitzen dutenak. Euskal Herrian, aldiz, mezu politikoak ikusten dituzu, zaindu gabeak, apenas dago muralismorik, eta grafitiak gaizki egindako sinadura hutsak izaten dira. Kotxean hiri batera sartzerakoan paretetan ikusten duzunak hiri horretan aurkituko duzunaren aurrerapena egiten dizu. Noski, pistak baino ez dira, hiriak konplexu. 

Irakurri elkarrizketa osoa Gaztezulo.com-en!

Erantzunak

2015-01-20 : 10:15

"Euskal Herrian, aldiz, mezu politikoak ikusten dituzu, zaindu gabeak, apenas dago muralismorik..."
Pintada txukuntzen geratu zen azkena Ertzaintzak eraman zuen. Eta murala egin zuena, sinatu ez bazuen ere, kartzelan dago ez dakit zeren apologia egiteagatik.

Erantzun

Sartu